Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2024, nobela
2014, nobela
 

 

LEHENENGO ZATIA

 

Iturriko mamuak

 

 

Amaren tripa barruan zegoenetik ezagutzen dut Soro Barturen. Hilabete lehenago jaio nintzen ni eta gure amek elkarrekin egiten zuten paseoa: tripan ume bat, kotxean bestea. Harrezkero ia beti ibili izan naiz Soro Barturenekin: elkarrekin lehertu genituen zapaburuak putzuetan, elkarrekin lehertu genuen burua futbolean... Antzeko sasoian ezkondu ginen, antzera ekarri genituen umeak...

      Sorok Ingalaterran ikasi zuenean baino ez gara banatuta egon, urte batzuk. Han ezagutu zuen Pedro Iturria. Biak dira hemengoak, Iturria eta Barturen, biak euskaldunak, baina Ingalaterran ezagutu zuten elkar...

      Soro Barturenek hona itzuli ondoren ez du ostera ikusi Iturria, han geratu omen zen bizitzen. Ingeniaria da Pedro Iturria, Soro bezala, unibertsitate hartan ikasi zuten guztiak bezala, baina beste obsesio bat zeukan Iturriak, gaixotasuna ia: testu txikiak idazten zituen gelditu gabe, narrazioak, ipuinak, denetarik, edozer... Esaten du Sorok ez zuela minutu bat ere galtzen, denbora osoan ari zela idazten, unibertsitatean bertan ere, obsesioa zela.

      Soro Barturen bera obsesionatu da orain, berriro topatu nahi du Pedro Iturria, laurogei urte betetzeko gaudenean, berrogeita hamar urte ikusi gabe egon eta gero. Horregatik eskatu dit niri laguntza, horregatik ari gara orain Pedro Iturriaren bila eta haren ipuinak irakurtzen. Ipuin gutxi publikatu ditu Iturriak, egunkarietan, aldizkarietan, eta guztiak ari gara biltzen eta irakurtzen. Ipuin bihurriak dira, nahasiak, buruko min batzuk ematen dituztenak, baina azkenean eskertzen direnak, hau bezala: