Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2024, nobela
2014, nobela
 

 

varsoviako bigarren ipuina

 

Zuloa egin dute

 

 

It feels a little worse
than when we drove our hearse
right through that screaming crowd
while laughing up a storm.
[...]
A million ancient bees
began to sting our knees

R. Spektor

 

 

Nik dakidala Olgak ez du, gaur arte, hil-autorik gidatu, hain auto luzea, hainbeste leiho, hainbeste errezel leihoetan. Sumatu diot deseroso egon dela hasieran, mugimendu arraroak egin ditu autoak... Olgak ez zituen pedalak behar bezala zapaltzen, martxak birritan sartu zaizkio behar ez den moduan, astinaldiak egin ditu autoak hamar metrorik behin...

      Atzeko hilkutxa ere balantzaka joan da lehenengo metroetan. Pentsatu dugu sistemaren bat egongo dela, izango dutela langileek metodoren bat hilkutxa hainbeste ez mugitzeko, bazterren kontra hainbeste kolpe ez jotzeko. Egurra urratu daiteke halako kolpeak hartuta, berniza kendu behintzat. Erraz itsustuko litzateke hilkutxa, ez litzateke perfektu helduko hiletara, lur ematera. Horregatik pentsatu dugu zerbait txarto egin dugula hilkutxa sartu dugunean, ez dugula ondo lotu, ez dugula asmatu zein den langileek erabiltzen duten sistema, ia bihurgune guztietan hartu ditu kolpeak.

      Lasaiago ikusi dut Olga herrira sartu garenean, plazara heldu garenean. Igartzen zen autoa hobeto kontrolatzen zuela, ez dio beste ezustekorik eman. Hilkutxa bera ere gutxiago mugitu da momentu batetik aurrera.

      Ez genuela autoa hartu behar, hori ere esan diot behin eta berriro, auto hau behintzat, hain nabarmena, hain luzanga. Hilkutxa beste edozeinetan sartuko genuen berdin-berdin, furgoneta batean, kamioi txikietako batean. Olgak hau nahi, ordea, hil-autoa, enpresaren izena ateetan duena, atzeko mandan: Judt coop. Zer da “coop”? Nor da Judt? Zergatik fartsa hau?

      Hil-autoa plazara sartu denean, ez da jende asko egon, edo guk ez dugu jende asko ikusi behintzat. Bakan batzuk hurreratu dira autora, bat edo bi jarri dira nahiko hurbil, kuriositatez, errezel artean begiratu dute, atzeko kristaletik. Plaza barruan moteldu behar izan dugu abiadura. Berez ezin da plazara autorik sartu, ez dago horretarako prestatuta; auto gutxi batzuk sartzen dira, bereziak, gurea bezalakoak. Nahi izan duten pertsonak, beraz, erraz hurbildu dira autora, barrura begiratzera, hilkutxari, guri.

      Ez dakigu nondik agertu den hainbeste jende gero. Plazak bost sarrera ditu, bost gutxienez, eta guztietatik sartu da jendea. Arraroa da, hori iruditu izan zait beti, ibaiaren ondoan dagoen plaza batek hainbeste sarrera izatea... Ibaia izango litzateke seigarren sarrera, baina ibaitik ez da inor sartu, ez dago ohiturarik. Horregatik aukeratu zuen Olgak plaza hau, eliza duelako eta ibaia duelako, batez ere ibaiaren ondoan dagoelako.

      Esango nuke plazako sarrera guztietatik sartu dela jende hau guztia, bostetatik. Jende asko da, uholdeka sartu dira, eta gehienak inguratu dira gure autora. Hasieran erdi lotsaz begiratu dute auto barrura, eskuman eta ezkerrean jarri dira, baina autoak aurrera jarraitu ahal izan du oztoporik gabe, astiro. Guri bitxikeria moduan begiratu digute, baina hilkutxari begiratu nahi zioten batez ere. Berehala galdu dituzte lotsak, ordea, auto gainean jarri dituzte eskuak, besoak, kapotean, ateak zabaltzeko heldulekuetan, kristalen kontra zanpatu dituzte aurpegiak hilkutxa hobeto ikusi ahal izateko...

      Orain autoaren aurrean ere jarri dira hamabost, hogei bat, gehiago ere bai. Euren aurpegiak, gorputzak, besoak ikusten ditugu batez ere auto barrutik. Autoak aurrera egin dezake, baina askozaz astiroago, aurrean jarri direnek atzera egiten duten neurrian.

      Hil-autoa kanpotik imajinatzeko ahalegina egin dut, goitik, zerutik, eta iman luzanga bat iruditu zait, pertsonak erakartzen dituena, begiak hobeto esanda. Edo azukre beltz nazkagarri bat, lurrean, erdi deseginda, inurriak inguruan... Imajinatutako gauza biek hozkia eman didate. Olgaren aurpegia ikusita, antzeko zerbait imajinatu duela iruditzen zait. Hitz egin du gero, aspaldiko partez.

      — Azeleratuko dut, Reg?

      — Ez.

      Oina mugitu ere ez du egin pedaletan, autoari joaten utzi dio, orain arte bezala.

      Une jakin batean, autoari kolpeak ematen hasi da jendea, eskuaz, ukabilaz, ateetan, kristaletan, junturetan... Oso ozen sentitzen dira kolpeak auto barruan, leunduta baina sakonago aldi berean, erraietaraino sartu zaizkigula iruditu zaigu momentu batean. Kanpokoen oihuak ere sumatzen dira; irainak dira agian. Ahoak ireki eta itxi ikusten ditugu, ez euren artean hitz egiteko, ez bada guri zerbait erreklamatu nahi digutelako, garrasika.

      Beldurtzen hasi gara orain, ez dakigulako zehazki zer nahi duten, zergatik oihuak, kolpeak, zergatik herra hau gure kontra, autoaren kontra. Asko dira, erraz apurtu dezakete autoa, kristalak, ateak ireki... Arriskua gero eta hurbilago ikusten ari naiz, gero eta amorratuago daude. Esan diot Olgari:

      — Azeleratuko dugu?

      — Ez.

      — Zer nahi dute? Zergatik...?

      — Hilkutxa.

      Kutxan norbait daramagula pentsatzen dute, herrikoren bat, eurenetariko bat, pertsona maitatua inondik ere, bestela ez da ulertzen hainbeste jende, zarata hau, oihuak, kolpeak... Hilkutxa barruan dagoen pertsonagatik elkartu dira, plazan, autoaren kontra. Gorpua lapurtzen ari garela pentsatzen dute, ez dugula eramango eurek nahi duten lekura. Izan ere, metro batzuk atzera utzi dugu eliza, eta orduan hasi dira kolpeak, oihuak, amorru hori, orain konturatu naiz. Elizan nahi dute hilkutxa, baina ez da hori gure asmoa, hasieratik izan du Olgak argi.

      Nola azaldu orain kanpokoei, sosegurik ez dagoenean, ernegua puntu horretara heldu denean, nola azaldu hilkutxan ez dagoela inor, ez dagoela eurek imajinatzen duten gorpurik, erleak daudela... Ehunka erle, milaka... Ez dakigu... Erlauntza osoa, handia, ikusi dugun handienetakoa... Horregatik burrunba hau auto barruan, argi pentsatzen ere uzten ez diguna... Horregatik ez ditugu entzuten kanpokoen erreklamazioak, horregatik beldur hau, nazka hau.

      — Esango diegu?

      — Ikusiko dituzte.

      Ez dut azken hori ulertu... Inork ezin du kutxa baten barruan dagoena ikusi, ireki beharko lukete, baina kanpokoek ezin dute hilkutxa ukitu ere egin, eta nik ez diet irekiko. Zerbait ikusi du Olgak, baina, bolante gaineko ispiluan, zerbait ari da gertatzen, hilkutxan. Begiak tentsioan sumatu dizkiot Olgari, besoak ere bai, eskuak, orain arte ez bezala. Buelta hartu dut orduan, hilkutxari begiratu diot: erle bat ari da junturetako batetik irteten, nekez, asko kostata. Esango nuke hegoak zeharo izorratu dituela ahaleginean, hankak ere bai beharbada. Guztiz irten denean, autoaren zorura jausi eta jiraka hasi da, kontrolik gabe.

      Urduri begiratu diot Olgari, antzera dago bera. Hilkutxari berriro begiratu diodanean, beste erle baten burua ikusi dut lehenengoa irten den leku berean. Arinago irten da, gutxiago zauritu ditu hegoak, baina hegaldi labur bat egin eta bestea biraka dagoen lekutik hurbil pausatu da.

      — Zuloa egin dute.

      — Denak irtengo dira.

      Aurreneko erle biak nola atera diren ikusita, beste guztiak arin eta ilara perfektuan aterako direla pentsatu dut. Ateratzen joan dira, baina uste baino askozaz motelago, asistematikoago, ez dut inongo mekanizaziorik ikusi. Batzuetan bik batera ateratzeko ahalegina ere egin dute, zulo beretik; batak besteari traba egin diote, ia itxi dute irteera, eta indartsuena atera da azkenean. Jarraitu dute gainerakoek ere apurka irteten, tantaka.

      Oraindik ez dira erleak autoaren aurreko aldera ausartu, tentsioan goaz hala ere. Olga ni baino gehiago sufritzen ari da, bolante gaineko ispiluan ageri zaiona baino ezin duelako ikusi, eta imajinatzen dut laukizuzen txiki hori berehala beteko zaiola erlez, eta pentsatuko duela ehunka atera direla, milaka, eta laster oldartuko zaizkigula, itoko gaituztela, auto itxi honetan, leku triste honetan. Nik, egia esateko, ez dut ondo ulertzen zertan ari diren erleak: autoaren angeluetara doaz, batzuk zoruan pausatu dira, beste guztiak hilkutxa inguratzen ari dira. Olga arnaska hasi da.

      — Badatoz?

      — Ez dut uste.

      Ematen du, bien bitartean, kanpoan oihuka ari zirenetako asko isilik daudela orain. Ohartu dira nonbait hilkutxan ez dagoela hildakorik. Kristalen ondoan daudenetako batzuk auto barrura seinalatzen ari dira, erleei begira daude. Ingurukoei abisatu nahi diete erlea baino ez dela han, ziria sartu dietela, ez dagoela uste izan duten gorpurik. Dezepzio aurpegiak sumatu ditugu inguru osoan, guztiz zapuztuta daudela igartzen da. Mendeku txikiak ere egin dituzte alde egin aurretik: zaflada gogorragoak jo dituzte sabaian, ostikoak ere sentitu ditugu, atzeko fokuetako baten kristalak entzun dira lurrera jaustean. Zarata guztiek urduritzen dute Olga orain, auto barruko burrunba inoiz baino ozenagoa da.

      Segundo gutxiren buruan alde egin dute autoaren inguruan zeuden guztiek, bakar bat ere ez da gelditu. Argitasuna oztoporik gabe sartzen ari da orain auto barrura, esango nuke eguzkia minutu batzuk lehenago baino indartsuago dagoela. Iruditzen zait argi bizi horrek tentsioa areagotzen digula, arrisku sentsazioa. Itolarria sentitzen ari naiz ni eguzkiarekin batera; Olgak erdi itxi dizkio begiak argiari.

      — Badatoz?

      — Azeleratu orain.

      Ibairainoko bidea libre daukagu, 140 bat metro. Gauzak arin egin behar dira, erleak gugana oldetan heldu baino lehen. Azeleratzen hasi da Olga, ez nabarmenegi ere, eta berehala heldu gara ibai bazterreraino, lehenengo erleak bolante ingurura hurbildu direnean. Hankartean ari zaizkigu batzuk, gora eta behera, Olgaren izterretan. Tentsioa inoizko handiena du, igarri diot besoez espantuka hasi nahiko lukeela, baina eutsi diola; azken segundoak dira, hori ondo ulertu dugu. Nik begien parean ikusi dut erle bat eta belarriak babestuko nituzke, ahoa... Ez dut egin.

      Autoa ibai bazter-bazterrean gelditu du, motorra itzali. Astiro kendu ditugu gerrikoak.

      — Orain?

      Baiezko keinua egin diot buruaz. Batera zabaldu ditugu ateak, ia segundo berean irten gara autotik. Kanpoan arinago jokatu dugu: kolpe gogor batez itxi ditugu ateak, erle bat zanpatu dut atearen ertzetako batean, burua eta bi-hiru hanka geratu zaizkio kanpoan. Iruditzen zait autotik ez dela ia erlerik atera gu irten garenean. Esango nuke nire atetik bat bera ere ez dela irten... Olgarenetik ez dakit, hiru, lau asko jota... Ez dute astirik izan.

      Autoaren atzeko partean jarri gara, lasaiago orain. Lehen bultzada uste baino gehiago kostatu zaigu, labain egiten digute zapatek, baina berehala eman du amore autoak, gurpilek suabe egin dute aurrera. Erle asko dago orain hilkutxatik kanpora, gehienak beharbada, leihoetatik ikusten ditugu... Hilkutxako hasierako zuloa arrakala da orain, oldeka ari dira ateratzen. Auto barrukoa burrunba itsua iruditzen zaigu kanpotik, bolantea ikusi ere ez da egiten.

      Autoaren muturrak beherantz egin du halako batean, ibairantz. Berehala utzi diogu bultzatzeari; autoaren pisuak bota du uretara. Pauso batzuk atzera egin ditugu guk, eta plazako banku batean eseri gara, ibaira begira dagoenetako batean. Hankak gurutzatu eta besoak zabal-zabal jarri ditugu, ia elkarri traba egin arte. Gure nazkei begiratu diegu gero, nola urperatzen diren. Izozkia jaten ari diren umeak eta bizikletak pasatu dira gure aurretik.