Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Moskuko hotelera ordu txikitan heldu gara. Itxaronaldi luzeak izan ditugu aireportuetan, atzerapenak, ezer ez da mugitu hegazkinean mugitu behar zuen moduan. Gure zain egon da Leire Barturen, hotelean bertan, ez du lotara joan nahi izan gu ikusi arte. Eszter aurkeztu diogu, abizen eta guzti: Eszter Nagy. Aspaldi zuen Leirek haren berri.
Sorok agurtu ere ez du egin alaba. Pedro Iturriaren etxeaz galdetu dio zuzenean, non dagoen, Iturriak han jarraitzen duen oraindik, ijito kabroiek, esan du gero. Leirek pazientzia handiz erantzun dio, non dagoen etxea, inoiz baino errazago helduko garela, Moskun bertan hartu duelako, ez, betiko moduan, hiri bazterrean edo kanpoko herrietako batean. Eta inportanteena: baietz, han dagoela Iturria oraindik, atzo arratsaldean egiaztatu zuela. Paperetan, esan zuen gero, berriro agertzen zen A. Pienaar hori, nahiz eta etxean bakarrik bizi den Iturria. Leireren hipotesia da Pienaar izeneko bat arduratzen dela Iturriaren paperez, alokairuaz, dirua ere beharbada hark jartzen duela. Alan eta Iturria, Iturria eta Alan, esan du Sorok letania baten moduan, bata bestea baino zantarragoa. Hoteleko gelara sartukeran kendu dituen zapatak ipini ditu atzera Sorok orduan.
— Zer zabiz? —galdetu dio alabak.
Ordu horretantxe joan nahi zuen Sorok Iturriaren etxera, goizeko hiru eta erdietan. Ez du minuturik galdu nahi, uste du denbora lar eman dugula honetan eta amaitu nahi du. Pazientzia handiko pertsona da Soro, baina bat-batean agortu zaizkio pazientzia guztiak... Arin egin nahi du orain dena, goizeko lauretan harrapatu nahi du Iturria etxean.
Alabak konbentzitu behar izan du, ez direla orduak, goizean joango garela. Iturria ez da inora joango, seguru daki Leirek. Biharamunera arte itxaroteko eskatu dio aitari, goizeko lehen orduan joango ginela nahi bazuen...
— Goizean?
Esan du Sorok ia oihuka, goizean ez doala bera inoren etxera... Edo orain, esan du, edo bihar arratsaldean...
Aurretik jakin behar izan balu bezala azaldu dio alabari goizetan ezin dela bisitarik egin, ea ez dituen Dostoievski eta konpainia irakurri... Arratsaldeetan egiten direla bisitak beti, iluntzean, gauean bestela... Eztozuz rusoak leidu, ala?
Horregatik ez gara Iturriarengana gaur goizean joan, Sorok “rusoak” irakurri dituelako, horregatik beste itxaronaldi bat.
— Azkena da hau, Eszter? Azken ipuina? Hilda dago Iturria?
— Hilda ez! Zure alabak esan du... Moskun...
— Badakit ez dagoena hilda, Eszter; ez naiz horren mozoloa... Metafora bat da... Baina hilda daude metaforak eurak ere? Sinboloak? Hori da beste obsesio bat bizi nauena... Berdin dio, ez egin kasurik... Esan nahi dudana da: Iturriaren azken testua da? Hilda dago Iturria testuetarako?
— Ez zait iruditzen, nahiko bizirik ikusten dut nik... Ipuin bizia da hau, bizienetakoa ere bai...
— Baina Mosku honetan harrapatu dugu Iturria, Eszter, ez digu alde egingo, ezin du. Esango nuke nekatuta dagoela: nekatuta alde egiteko, nekatuta idazten jarraitzeko.
— Nahi duelako izango da...
— Nahi duelako?
— Berriro irakurri ipuina, don Soro: hor ez dago nekerik... Nekatu bada, nahi izan duelako nekatu da. Harrapatu badugu, harrapatzen utzi digulako izan da...
— Orduan, zer da ipuin hau, Eszter? Iturriaren testamentua? Aurrekoen laburpena? Zer da hau, Eszter?
— Testamentua? Ez zaitez pelikuleroa izan, Mr. Barturen...
— Zer da orduan? Zergatik azkena?
— Eta zergatik ez?
— ...
— ...
— Laztanduko zenuke erle bat, Eszter?
— Plazer sexualagatik?
— Ez, bestela...
— Segun eta non... Sabelpean ez.
— Hegoetan?
— Bai. Baina hilda badago... Erle hilak apalagoak dira, ez daukate harro puntu hori.
— Ez egin niri burla, Eszter... Esan: zer dira erleak ipuinean? Zer da presentzia hori, mamu hori? Pentsatu duzu? Argi dago zerbait direla, zerbait esan nahi dutela. Pentsatu duzu, Eszter? Nik bai...
— Ez dakit, tentsioa sortzen dute, auto barruan, ipuinean... Tentsioa... Tentsioa dira erleak?
— Tentsioa... Izan liteke. Testu hau azaltzeko beste hitz bat da “tentsioa”. “Nazka” ere esaten du, “beldurra” ere bai. Hori da niretzat erlea, Eszter: beldurra, Iturriaren beldur bat, beldurretako bat. Gauza txikia ematen du, baina ez da. Iturriak berak esan zidan, Ingalaterran, gaztetan, gogoratzen dudan gauza bakarrenetakoa da, erleekin egiten zuela amets, askotan, amesgaiztoak izaten zituela erleekin. Gauza handiak dira ametsak, Eszter, bizitzaren erdia. Iturriaren beldur bat beraz, erleak; trauma bat nahi baduzu.
— Hain inportanteak dira orduan erleak? Ez dira sinboloak orduan, betiko moduan, beste ipuin batzuetan bezala, ez dira beste zerbaiten seinale?
— Gauza askoren seinaleak daude hemen, Eszter, dena da seinalea. Ez dituzu ikusi, Eszter? Erlea ez da beldur bat, erlea Iturriaren beldur guztiak dira... Hilkutxa batean sartu ditu erleak gainera, hil-auto batean, ez edonon, ez edozein kutxatan, edozein autotan.
— Egia...
— Beste era batera ere esan daiteke, Eszter: beldur unibertsalean sartu ditu erleak Iturriak. Ez da nahikoa seinale? Gauza handia da erlea, leku guztietan dagoena: Argentinan, Hungarian, Varsovian, Moskun... Leku guztietan dago erlea. Nazka hori, beldur hori. Zeuk ere izango dituzu beldur batzuk, Eszter...
— Asko.
— Eta zergatik ez duzu hori egiten, Eszter, ipuinean bezala? Zergatik ez dituzu itotzen, ibaian, putzu batean... Erraza da, askotan egin izan dut nik...
— Hori da Iturriak egiten duena orduan? Hori da erlea?
— Ikusi duzu nola eseri diren pertsonaiak autotik atera direnean, Eszter? “Hankak gurutzatuta eta besoak zabal-zabal...” Zer da hori? Sosegua da hori, Eszter, hori da... Ito dituzte erleak, ito dituzte nazkak...
— Ito dituzte beldurrak...
— Hiltzen ari gara, Eszter, Iturria ere bai... Zer dira nazkak guretzat orain? Zer dira beldurrak? Zer dira erleak? Broma bat? Begiratu diezu zure eskuei, Eszter? Hezurrei, zainei? Gramo bat ere ez daukazu sobran... Ez zara konturatzen, Eszter? Hiltzen ari gara. Horregatik ito ditu erleak Iturriak. Lehenago ito behar genituen, orain ohartu gara. Erakutsiko didazu zure oina, Eszter? Behatzak, orpoa...
— ...
— Nik baino okertuago dauzkazu behatzak... Gertatzen da batzuetan. Orpoa siku. Ez zara oraindik konturatzen hiltzen ari garela? Begiratu nire oinari: itsas kabra bat... Garbitu dituzu haginak, Eszter?
— Zuk baino lehenago.
— Bost ordu baino gutxiago falta dira Iturriaren etxera joateko... Abisatuta dagoela esan du Leirek. Zuk uste duzu gure zain egongo dela, ez dela mugituko?
— Hala ematen du...
— Alan Pienaar... Zenbat urte izen hori aditu gabe. Gure adina izango du Alanek ere... Eszter, Argentinan magurioak jaten dira? Zer diren ere ez dakizu, ezta? Erroman! Ikusizu Eszter ortozik? Karramarro bat...
Arratsaldeko bostetan jaitsi dira hoteleko sarrerara Soro Barturen, alaba eta Eszter. Taxi arrunta eskatu dute harrera-lekuan, ez dute auto berezirik behar, Iturria ez baita hiri bazterrean bizi, hiritik kanpo, herrixka batean; Moskun bertan hartu du etxea, hoteletik ez hain urrun ere.
Leire Barturenek betiko karpeta dauka aldean, zabaldu eta itxi egiten du. Orain arteko dokumentu guztiak ditu barruan: ipuinak, ipuinen itzulpenak, Iturriaren etxeetako helbideak, kontraturen bat, argazkia... Aita eta Pedro Iturria elkarrekin agertzen dituen argazki bakarrenetakoa da, bakarra ez bada. Iturriaren Moskuko helbidea ere bertan dauka eta behin eta berriro errepasatu du... Zirilikoz idatzita ere badauka, taxi-gidariari erakutsi beharko dio.
Taxiaren zain dauden bitartean, ipuin zatiak irakurri ditu Leirek: zaldiak, erleak, mamuak... Pedro Iturria ezagutzeko gogoa berritu zaio, orain, horren hurbil daudenean. Hainbat herrialdetan lortu du Iturriak testuak publikatzea, hain leku desberdinetan, kultura, pentsaera, izateko modua ere desberdina dutenetan... Eta guztiei iruditu zaie Iturria bikaina, nahiz eta ez duten haren erreferentziarik izan, herrialde horretan aurretik beste inon publikatu ez badu ere... Narrazioek eurek egin dute bidea, laguntzarik gabe, onak direlako, oso onak, dardarka jartzen dituztelako suitzarrak, txekiarrak, poloniarrak, berdin dio nor diren, zer diren. Pertsona handia behar du Iturriak, bestelakoa, apartekoa; hori ikusi zuen Soro Barturenek gaztetan, hori ikusten ari dira orain Leire eta Eszter.
Heldu da taxia, erakutsi diote Iturriaren helbidea. Gidaria gizon sendoa da, ilea labur-labur moztua, aurpegi innoblekoa, soldadua ematen du. Arinegi jarri du martxan autoa eta arinegi doa bidetik, atzekoak angustia puntu batera eramateraino. Soro ez dago prest horregatik sufritzeko eta zartako bat eman dio buruan gidariari. Tentsio betean jarri dira orduan Leire eta Eszter, berehala sumatu dute irain handiegia dela hori soldadu batentzat, agure batek kolpea jotzea, buruan, atzetik. Pentsatu dute pistola atera eta hiru segundotan akabatuko zituela atzeko hirurak. Horren ordez, burua apaldu du gidariak, ulertu egin du Sororen protesta eta abiadura moteltzen hasi da. Handik aurrera astiroegi ere doala ematen du.
Iturriaren argazkia atera du Leirek karpetatik eta Eszterri pasatu dio. Leirek buruz ezagutzen ditu Pedro Iturriaren hazpegi guztiak, baina Eszterri erakutsi nahi dizkio berriz, batez ere bizar berezi hori, albo batera okertzen dena, zerbait eskegitzeko kakoa balitz bezala, Jules Verneren bizarraren modukoa, zuri-beltzean behar bezala antzematen ez dena, beltzarana ala gorria izan daitekeena. Aitari entzunda daki Leirek ilegorria zela Iturria gaztetan. Sorok ez daki bizarrari eutsiko dion oraindik.
Argazkiko trajeak egiten zaizkio Leireri arraro eta erakargarri. Ez du aita horrela jantzita imajinatzen, nahiz eta erretratu horretan ikusi. Iruditzen zaio mozorrotuta daudela guztiak, batez ere aita. Bereziki altua da Pedro Iturria, inguruan dituenekin alderatuta behintzat; jesarrita daude beste batzuk. Zuzenean begiratzen dio Iturriak kamerari, baina bizarra beste norabide batean doa, esan du Eszterrek. Ez dago Iturriari luzaroan begiratzerik haren bizarrari erreparatu gabe.
Taxia etxe baten aurrean gelditu da. Pasatu dituzten kale askoren antzekoa da Iturriaren kalea, etxea bera ere bai, pareko hainbat ikusi dituzte Moskun orain arte. Atarira sartu direnean harritu dira, ordea: lanpara berezia dauka sabaian, egurrez paretak... Ingeles kutsua hartu diote etxe barruari, ez dakite zergatik, eskailerei batez ere. Lehenengo pisuan bizi da Pedro Iturria, ez dago igogailurik.
Emakume batek zabaldu die atea, amantala soinean, trapu batez ari da eskuak sikatzen. Ez du hitzik esan, ematen du badakiela nor diren, zer nahi duten, eta etxe barrura jarraitzeko keinua egin die. Korridoreetan areagotu egin zaie ingeles estiloaren inpresioa. Sorok esango luke etxe ingeles batean dagoela, gaztetan. Etxera sartu denetik, gutxitan gogoratzen du Errusiaraino heldu direla, Mosku erdian daudela.
Liburutegi batera pasarazi ditu emakumeak. Liburutegi ingelesa berriro ere: apaletako egurra, zorua, sabaia, idazmahaia, dena. Pentsatu dute Iturriak ez duela etxea horrela moldatzeko astirik izan, duela gutxi aldatu da Moskura. Aurreko jaberen baten lana izan behar du, ingelesa bera, edo oso ingeleszalea. Liburu errusiarrak daude apaletan, baina ingelesak ere asko, frantsesez ere ikusi izan dituzte batzuk.
Pentsatu dute liburutegi honetara agertuko zaiela Iturria, hemen elkartuko direla, hemen hitz egingo dutela ipuinez, guztiaz. Baina Iturriaren ordez, lehengo emakume berak zabaldu du atea eta berriro egin die jarraitzeko keinua. Atzetik joan dira hirurak.
Egongela handi batera eraman ditu. Beheko sua dauka egongelak, hainbat besaulki suaren inguruan, zazpi gutxienez; klub ingeles bat, berriro ere. Iturria bera dago besaulkietako batean eserita, eskuak bularrean, sartuberriei begira. Gaztetako bizar bera dauka, albo batera okertuta, kakoa balitz bezala, Jules Verneren bizarra. Ematen du urteekin indar apur bat galdu duela bizar kakoak, apur bat apalduta dagoela, baina bestela berdin dago Pedro Iturria, begiak eurak ere bai. Leire Barturenek segituan pentsatu du, argazkiari hainbeste denbora begira egon eta gero, edozein egoeratan ezagutuko lukeela Iturria, bizar hori, begiak, eskuak...
Pedro Iturria ez da besaulkitik altxatu, esertzeko eskatu die, bere ondoan, beheko suaren inguruan, ingelesez. Eseri egin dira Leire eta Eszter, baina Soro, eseri orduko, Iturriarengana hurbildu eta bostekoa luzatu dio. Esan dio:
— Alan.
— Barturen —erantzun dio Iturriak.
Harrituta daude Leire eta Eszter... Zer da hori? Zergatik “Alan”? Zergatik esan dio “Alan” Pedro Iturriari? Zertan ari dira? Leirek komedia itxura hartu dio guztiari momentu batean. Ezin izan dio eutsi, aitari galdetu dio:
— Alan? Nor da...?
— Alan Pienaar, Leire —erantzun dio aitak berehala, galderaren zain egon izan balitz bezala—. Gurasoak hegoafrikarrak, ezta, Alan?
— Pretoriakoak...
— Gurasoak hegoafrikarrak, baina zu erregina baino ingelesagoa...
— Tolkien bezala, Ishiguro bezala... Hainbat gara.
— Irakurtzen jarraitzen duzu, bistan da...
— Beti.
— Conrad bera ere ez zen poloniarra?
— Eta Nabokov errusiarra.
— Dena da gauza bera.
— Dena da bat.
— ...
— ...
— Berrogeita hamar urte, Alan.
— Gehiago ere bai.
— Egin genituen gau batzuk orduan isildu gabe.
— Gau asko...
— Etxetik irten gabe.
— Ez genuen behar...
— Berrogeita hamar urte... Zer egin duzu, Alan?
— Lan.
— Noiz hil zen?
— Emma? Hogeita hiru urte orain, abenduan.
— Neumonia...
— Eta beste hainbat gauza.
— ...
— Alabak Ameriketan dauzkat orain, bilobak, denak...
— Horretarako ere zortea behar da...
— Eta zuk badaukazu.
— Nik badaukat —esan du Sorok Leireri begira.
Denbora egin dute gero familiaz hitz egiten, izenak aipatu dituzte, lanbideak, bakoitzaren senideak, bilobak, lekuak, problemak. Luzatu egin dira, Leirek eta Eszterrek ulertu ez dituzten hainbat gauza ere esan dituzte, eguneratu egin dira.
Leireren ezinegona gero eta nabarmenagoa da, ordea, ezinezko egiten zaio besaulkian geldirik egotea. Aitari begiratzen dio, aitaren aurrean dagoenari; ez du ezer ulertzen... Iturriaren bila etorri dira, topatu egin dute, baina orain ez da Pedro Iturria, “Alan Pienaar” esaten dio aitak, hegoafrikarra, ingelesa... Bueltaka dauka burua Leirek. Momentu batean ezin izan dio gehiago eutsi, aitaren jarduna eten du eta galdetu egin dio:
— Nor da orduan Pedro Iturria?
— Pedro Iturria ez da inor.
Elkarri begiratu diote Leirek eta Eszterrek, gero eta gutxiago ulertzen dute. Iturria mamua da, ez da existitzen. Zer da komedia hau? Zergatik ez ditu Pienaarrek ipuinak bere izenarekin izenpetzen? Bistan da hasieratik zekiela Sorok Iturria ez zela existitzen... Zergatik ez du Alan Pienaar lehenago aipatu?
Engainu sentsazioa dauka Leirek orain, adarra jo dio aitak. Iturria gora eta Iturria behera, egunero, Iturriaren ipuinak, itzulpenak, komentarioak, eta orain ez dago Iturriarik... Gizon hau dago, Pienaar, Alan, berria, orain arte existitzen ez zena, mamua, bizar berezi horrekin, alde batera okertua. Hitz egiten jarraitu dute berrogeita hamar urte eta gero:
— Eta oilaskoak, Alan? Oraindik jaten dituzu osorik?
— Orain oilaskoek jaten naute ni, Barturen —barre egin dute.
— Bainatuko ginen orain orduan bezala, Alan?
— Ibaian? Gauez?
— Ibaian, gauez...
— Ez. Baina Dobson berriro botako nuke.
— Irakaslea?
— Irakaslea. Ibaira, gauez. Ohetik hara...
Orain gogoratu du Sorok pasadizoa, eroso egin du barre. Alanek ere lagundu dio barrean, baina ematen du eztuletik gehiago duela haren barreak, berehala isildu da.
— Tira, Alan, Alan... Zer ginen eta zer garen orain...
— Trapuak.
— Trapu sikuak.
— Jarraitzen duzu zaldiak marrazten, Barturen?
— Burutik pasatu ere ez —penatu da Soro—. Eskua ere sikatu zait. Zeu zinen ona mapekin...
— Nintzen...
Besoa aurrerantz luzatu du Alanek, dardara batean dauka eskua. Sorok ez daki zein puntutaraino den gaixotasuna. Hizketan jarraitu du:
— Zertan ez zinen ona zu orduan, Alan...
— ...
— Ikusi duzu nola egiten dituzten traineruak orain, ontziak, arraunak?
— Lotsagarria.
— Lotsagarria.
Biek egin dute barre; euren arteko broma bat behar du. Sorok serioago begiratu dio Pienaarri barrearen ostean. Leireri ere begiratu dio une txiki batez, alabarekin zorretan balego bezala, azalpenen bat mereziko balu bezala. Pienaarrekin hizketan hasi da berriro:
— Eta ipuinak, Alan? Horretara etorri naiz...
— Ipuinak zer, Barturen? Zer esan behar didazu?
— Ez dira zahar geratu? Zaharkitu, desfasatu? Hori esan dezake jendeak...
— Neuk esan behar dut hori? Ezin dut esan... Badakizu ezin dudala nik esan...
— Iruditzen zait zeuk esan dezakezula ondoen; zeu izan zinen lehena... Zahartuta daude ipuinak, Alan?
— Kontrakoa ere bai —Pienaarrek.
— Kontrakoa? Kontrakoa benetan? Deskantsua ematen didazu... Alde horretatik bai... Baina gauza gehiago dago, ipuinetan esan nahi dut...
Ematen du, pentsatu du Leire Barturenek, aitaren ingelesa ugertzen doala unetik unera, baina ez da egia, berehala berregiten da, berehala hasten da naturaltasunez hitz egiten. Hizketan jarraitu du Sorok, galdetzen jarraitu du:
— Eta azalekoak dira, Alan? Hori entzun izan dut inoiz... Eszterrekin ere komentatu dut... Azalean geratzen dira ipuinak, Alan?
— Kontrakoa ere bai.
Leirek ez du orain aitaren xalotasuna ulertzen: nola aitortuko du inork bere ipuinak azalekoak direla? Eten labur bat egin eta gero, serioago jarraitu du Sorok:
— Zer dira ipuin hauek, Alan?
— ...
— Nola azalduko zenituzke, Alan? Zelakoak dira?
— Desberdinak.
— Desberdinak? Hori da esan behar duzun guztia? Desberdinak euren artean ala munduan? Zer esaten ari zara, Alan?
— Pentsatu ere ez... Mundua... Mundua zabala da, Barturen; nik ez dakit zer idazten den Australian, Korean... Zer jakingo dut nik... Desberdinak euren artean, hori esan nahi nuen...
— Eta pisuzko zerbait da hori? Garrantzia dauka? Inportantea da ipuinak euren artean desberdinak izatea?
— Espero ez dena, Barturen. Harridura. Gauza ederra da hori.
— ...
— Zer dira ipuinak bestela? Zeuk esango didazu? —Pienaarrek.
— Ez.
— Zertarako irakurri behar dira?
— ...
Isilik geratu da Soro, entzundako azken hori hausnartzen balego bezala. Ematen du ez dakiela nondik jarraitu, zer esan. Ez da egia, beste zerbait darabil buruan, gauza garrantzitsuago bat, horretara etorri da Alan Pienaarrengana. Esan dio:
— Zergatik Europa osoan, Alan? Zergatik herrialde bakoitzean ipuin bi?
— ...
— Ingalaterran publikatu nahi nituen nik, Alan... Horretarako bidali nizkizun... —Sorok.
— Horregatik idatzi zenituen ingelesez? —Alanek.
— Ez nituen ingelesez idatzi...
— Zuen hizkuntzan?
— Gure hizkuntzan... —Sorok.
— Eta nork itzuli zizkizun?
— Inork ez. Neuk...
— Zeuk prozesu osoa... Handia zara, Barturen.
Leire ametsetan bezala dago orain, egongela horretan, klub ingeles horretan. Zer esaten ari da gizon hori? Zer gertatzen ari da? Aitak idatzi zituen beraz ipuin horiek guztiak? Aitak itzuli? Aitak berak bidali zizkion Pienaarri Ingalaterran argitaratzeko? Zorabiatzen ari da Leire... Aita da Pedro Iturria orduan? Zer da broma hori?
— Ingalaterran nahi nituen nik... —jarraitu du Sorok.
— Baina gehiago zabaldu dizkizut... Handiagoa zara orain... —Pienaarrek.
— Nik ez nuen handiagoa izan nahi, Alan; Ingalaterran nahi nituen nik...
— Hain inportantea zen?
— Ingalaterran nahi nituen nik, Alan...
Besaulkitik altxatu da Soro Barturen. Pienaarren atzean dagoen leihatera hurbildu eta handik begira hasi da. Moskuko kaleak barik, Ingalaterrako muinoak ikusi ditu, larreak, belar laburrekoak, ibai bat, arraunlariak, erritmo onean, eta harantzago, sasi txiki batzuen ostean, golf zelai bateko hamazortzigarren zuloa.