Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2024, nobela
2014, nobela
 

 

 

— Benetan uste duzu hori, Eszter, benetan?

      — Bai.

      — Hainbeste denbora eman duzu, Eszter? Hainbeste buelta eman dizkiezu zaldiei? Zer diren, zer esan nahi duten... Igartzen da asko pentsatu duzula horretan. Zergatik, Eszter, hainbeste denbora zaldiekin?

      — Zuri ikasita.

      — Niri?

      — Zeuk irakurtzen duzu horrela. Zuretzat irakurri ditut horrela zaldiak...

      — Egia. Horrela irakurtzen dut... Egia... Baina beste modu batera ikusten ditut nik zaldiak ipuin honetan, beste modu batera interpretatzen ditut. Izan ere, oso desberdinak dira aitaren zaldiak eta semearenak, ez daukate zerikusirik. Aitak elkartu ditu, zaldiak eta ametsak, baina esango nuke ez dutela inongo antzik. Gehiago esatera ere ausartuko nintzateke: beharbada ez zituzten aitak eta semeak egun berean amestu zaldi horiek. Aitak elkartu ditu egun berean...

      — Gezurretan ari da orduan?

      — Gezurra ere ez da. Mozkortuta dago, sinesten du, egun berean izan zirela amets biak, azken egunean. Ondo ematen dio belarrira, baina ez da egia. Hori iruditzen zait, elkartu egiten dituela amets biak aitak, mozkortuta dagoelako, haserre. Ez dakit...

      — Baina zaldiak dira bienak...

      — Zaldiak dira? Benetan? Semearenak ere bai? Urdinak?

      — Bai.

      — Ados. Zaldiak dira. Ados horraino... Baina hori da berdintasun bakarra, zaldiak direla. Horregatik elkartu ditu aitak. Ez daukate zerikusirik bestela... Iruditzen zait kontua dela aitak ez duela semearen ondotik aldendu nahi... Esan nahi dut aitak urrun ikusten duela semea, eta ez du gehiago urruntzea nahi. Lotura bat behar du semearekin. Eta zaldiak dira lotura...

      — ...

      — Baina “lurrundu” egiten zaizkio zaldiak aitari, gorputz barruan... Esaten du “lurperatu” egiten dituela gorputz barruan. Hitzak ez dira alferrik aukeratzen, ez du ematen Iturriak hitzak alferrik aukeratzen dituenik, eta “lurperatu” esaten du. Zaldiak eta semea. Baina gorputz barruan, ez edonon. Ikusten duzu zentzua, Eszter? Ikusi egiten duzu?

      — Bai. Baietz uste dut... Semea lurrundu egin zaiola esan nahi duzu...

      — Gehiago ere bai: aitak lurrundu du. Eta amak. Eta amestu behar dute orain, ametsetan lotu, gehiago ez lurruntzeko. Ametsak kontatzen ditu aitak. Ametsak kontatzen dituzu zuk, Eszter?

      — Batzuetan. Aitak kontatzen ditu askotan ametsak. Amak gutxiago.

      — Jende gehienak kontatzen ditu ametsak. Baboek ez, hori esaten du Iturriak. Baboek ez dituzte ametsak kontatzen, baina zeuk bai, eta jende askok ere bai. Beti kontatu izan dira. Ala ez? Ala Freud hasi zen? Lehen ez ziren ametsak kontatzen? Interpretatzen? xvii. mendean, xviii.ean, ii. mendean? Biblian ere kontatuko ziren amets batzuk, ez duzu uste, Eszter? Gehiago ere esango dizut: Biblia ez da apur bat ametsa? Apur bat surrealista?

      — Horrela esanda...

      — Nekatu egin zaitut, Eszter. Gehiegi hitz egin dut beharbada...

      — Ez, ondo dago. Ondo nago. Beti ikasten da...

      — Nik Dalí ikusten dut batzuetan Biblian. Maiakovski bera ere nahiko biblikoa da. Ez du ematen, baina bada. Ez dituzu imajinatzen, adibidez, Dalíren biboteak Pilatosen aurpegian? Dalík ere asko garbitzen zituen eskuak, esku zuriak zituela esango genuke euskaraz, zuriegiak pintorea izateko... Galtzen ari naiz, barkatu, Eszter, galtzen ari naiz, aspertu egingo zaitut, barkatu. Zer ari ginen?

      — Zaldiak, ametsak...

      — Egia, ametsak, surrealismoa... Gustatzen zaizkit surrealismoak. Guztiak ez, hermetikoak ez. Surrealismo hermetikoak ez zaizkit gustatzen. Eta asko dira. Zuk uste duzu surrealismoak hermetismoa behar duela? Ni konbentzituta nago ezetz. Berdin dio. Barkatu, Eszter. Ez naiz gehiago galduko... Baina zer gehiago dago? Zer gehiago dauka ipuin honek?

      — Mapak...

      — Egia, mapak. Semeak egiten ditu, kopiatu egiten ditu. Zer dira mapak, Eszter? Zer ikusten duzu hor?

      — Ez dakit... Geroko bidea, beharbada. Bidaia. Hirira doazenekoa. Han galdu da umea...

      — Galdu?

      — Abandonatu? Han utzi du aitak, ez dakit abandonatu duen... Ez zait iruditzen. Utzi egin du, hirian. Pentsatu du hartu egingo zutela, sinetsi egin du. Sinetsi du pertsonak pertsona direla eta baten batek hartuko zuela, gurasorik gabe dagoelako, galduta. Baina orain, ordukoa kontatzen ari denean, “txerri” esaten die pertsonei, botikariari, gainerakoei ere bai: txerri, txerrikume... Iruditzen zait aitak uste duela txerriek hil diotela semea, txerriek jan dutela. Hori iruditzen zait.

      — Tira. Ondo. Izan daiteke. Beraz, pertsona ez da otsoa orain, Hobbes; txerria da. Baina... Hil egin da semea? Hori esan duzu...

      — Bai.

      — Dudarik gabe?

      — Dudarik gabe.

      — ...

      — ...

      — Beste modu batera ikusten dut nik: niretzat ez dira ezer...

      — Nor? Pertsonak?

      — Ez: mapak.

      — Nola ez dira...

      — Esan nahi dut ipuinean ez daukatela esanahirik. Iruditzen zait harrokerian dabilela aita. Semeak mapak egiten zituen, ona zen horretan, ikasle ona. Txerriek ez dute edonor hil, ume arrunt bat: ingeniaria izango zena hil dute, arkitektoa, medikua, familia aurrera aterako zuena, herria ere bai beharbada. Harrokeria. Aitarena.

      — Ez da interpretazio txarra...

      — Eta gustuak ere badaude hor: Iturriari mapak gustatzen zitzaizkion... Horregatik sartu ditu, ia seguru nago. Ondo gogoratzen dut hori, Iturriaren afizio hori. Hedonistak garela, Eszter. Txerriak eta hedonistak.

      — Baina hori da aitari orain geratzen zaiona. Hori bakarra...

      — Zein? Hedonismoa?

      — Ez: mapak, semearenak.

      — Hori da, Eszter. Mapak ezin dira lurrundu... Pertsonak bai. Txerriak ere bai. Geu ere txerriak gara, Eszter? Eta hedonistak? Hedonista zara, Eszter? Berdin dio. Ez erantzun, nire zoroa da. Galtzen ari naiz berriro. Askotan galtzen naiz ipuinetan, testuetan, merezi duela iruditzen zait. Baina ez zaitut aspertu nahi. Irakurri duzu Kopenhageko bigarrena? Bigarren ipuina esan nahi dut, aurrekoan eman nizuna, honekin batera. Irakurri duzu?

      — Berriro irakurri nahi nuke. Beste behin behintzat, birritan. Gaur iluntzean beharbada...

      — Lasai, presarik ez. Komentatuko dugu hori ere... Besteak ere ari dira zuretzat itzultzen, Austriakoa, Suitzakoak. Leire ari da. Itzulpenen itzulpenak dira, baina harrapatuko diezu zuk... Komentatuko dugu bihar beste ipuina... Etorriko zara bihar?

      — Uste duzu hemen bezala jaten dudala etxean?

      — Ordu bietan? Eta laurdenetan?

      — Lehenago ere bai.

      — Noizko itzuliko duzu hemengo bestea, Budapesteko bigarrena, Eszter? Ondo doa? Noizko izango duzu? Badakizu? Kalkulatu duzu?

      — Datorren asterako? Asteazkenerako?

      — Ondo. Ondo, Eszter. Hemen egongo naiz, zain, hedonismo betean, zuri begira, Iturriaren ipuin berriari begira... Baina nahiko. Zenbat ordu egin ditugu ipuin honekin? Zaldiak, umeak, trenak, damuak... Bi ordu? Bi ordu eta erdi? Bahitu egin zaitut, Eszter, torturatu... Joaten utzi behar dizut, zeuk ere izango dituzu zure hedonismo partikularrak...

      — Lana ere bai.

      — Baina azken kontu bat, Eszter, azken gauza txiki bat...

      — Esan: