Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ORDU ONEKO UNE KARANAK

 

— Mitxu! Besarkada bat!

        Gozoa da G., errieta egiten duenean ere.

        — Eskekoa ematen duzu. Ez zaitut honela ikusi nahi. Goazen biok ileapaindegira. Noiztik ez duzu ilea tindatu? Zu ez zara ermitaua izateko jaio, laguntxu. Non ezkutatu zara, ba, basamortuan?

        — Gutxi gorabehera... —erantzun diot, erreskatearen emozioagatik murrinka.

        Txamarra bana ere erosi dugu. Ez nuen hartuko G.k sakatu ez banindu. Ez zait zipitzik gustatzen arropak probatzen ibiltzea.

        — Arratsalde bakarrean gaztetuta, potxua. Barrukoak besterik ez zaizkigu falta.

        Besotik helduta joan gara Eskolaperaino. Bularretakoak eta kuleroak aukeratu ditugu, txanbelinak. Musu pare batekin agurtu dugu elkar.

        — Laster arte, laztana. Eta ea noiz entzuten dizudan esaten zerbait topatu duzula, eta ez galdu, nork eta zuk...

        Zer lixta den nire laguna.

        Lentzeriarekin disparateak egiten nituen M.ren epokan. Erosi izan ditut behin baino jantzi ez ditudan prendak, ez garestiak banan-banan hartuta, baina guztien batura hirurehun eurotik gorakoa inoiz.

        Berdin zait nitaz eta idazten ari naizen honetaz egiten ari zaren edozein juzku. Oihalki gardenak, atzebako kuleroak edo ligadun galtzerdiak plazeraren aurrerakinak ziren nire tiraderetan eta desioaren finkalekuak nire irudimenean. Strip-tease kontuetan sosa hutsa izan arren, gelako oxigenoa ahitu arte eman eta hartzen dut atsegina.

 

 

Amaren argazkiarekin berbetan topatu dut aita, besaulkira altxatuta. Hobera egin du.

        — Deituko dizuet ondo heldu naizela esateko.

        Muturtuta utziko dut, badakit. Besarkatu egin dut.

        — Konforme... —esan dit—. Kontuz bidean.

        Lasaitua hartzen dut denek beragan ikusten duten gizon jatorra neuk ere ikusten dudanean.

        Osabak egutegi-tako bat ekarri dit bere gelatik.

        — Zuri beste gauza batzuk gustatzen zaizkizu, baina hemengoak ere politak dira.

        Ohitura dauka eguneroko orritxoaren aurre-atzeak leitzeko: Eguzkiaren eta Ilargiaren sartu-irten orduak, aldadenborak, pertsonaia ospetsuen aipu esanguratsuak edo mundu zabaleko esaera zaharrak, eguneko santu-santen izenak, animalien ohiturak, minipuin mitologikoak, osasun-aholkuak, otoitzak, trikimailu domestikoak eta orotariko jakingarriak. Gaur, azaroaren 4an, zerekin eta Helen Kellerren esaldi batekin tril egin dut: «Ez makurtu sekula burua. Izan ezazu tente. Begiratu munduari aurpegira zuzenean».

        — Badakizu nor izan zen, ezta? —galdetu dit osabak—. Itsua eta gorra txikitatik, baina a zer emakumea!

        Isiltasunaren eta iluntasunaren hormetan preso, eskuekin entzuten eta hitz egiten ikasi zuen. Idazten ere bai, eta idatzi zuen. Oker ez banago, berak esana da bizitzari buruz, edo abentura ausartia dela, edo ez dela ezer.

        Etxeko zaharrak gidapean lagata eta hildakoei bisita eginda bueltatu naiz nire maileguzko bizilekura.