Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

BEGIA GALTZEKO ARRAZOIAK

 

Begia galtzeko arrazoi nagusiak bi izaten dira: eritasuna edo istripua.

        Nire ikasle batek tumorea izan zuen erretinan andereñoa nintzen denboran (beste datu bat, bide batez, umeen espontaneitateaz: «Zer gertatzen zaizu begian?» galdetzen zidaten. Ez zuten espero izaten erantzuna).

        Nebaren kuadrillako arrantzale batek begia atera zuen sare bateko enpatxua aiztoarekin libratu nahirik zebilela, aiztoak gorantz ihes eginda, indar biziz.

        Solokoetxeko anbulatorioko administrari batek esan zidan bere koinatuak zauri larriak jasan zituela auto-istripu batean, ez dituela kentzen betaurreko beltzak. Txarto darama kontua.

        Bada atentatuetan begia galdu duenik ere. Eta manifetan.

        Iraultzaren ildotik, zine mutuan dugu adibide trentindun bat, Potiomkin korazatua filmeko triskantza (Eisenstein, 1925). Tsarraren kosakoak herriari tiroka hasten zaizkio, boltxebikeen aurkako errepresalia gisa. Bala batek begi-begian jotzen du emakume bat, bere umearen kotxetxoarekin ihesi doala. Kotxetxoa Odesako eskaileretan behera labaintzen da, eta abar. Ikustekoa da ama horren begialde trilatua.

        Osotasunaren premiaz ari da Claudia Massin, esaten duenean galtzen dugun guztiaren emaitza zifra bat dela, bakoitzarena; eta gurea den zerbait galtzen dugunean, galtzekoa ez den zerbait, gure zifra inexaktoa dela betierean.

        Zifra inexaktoz beterik egoten da okularistaren itxarongela. Eta galdu-irabazien balantzea egiterakoan, ezin baieztatu begi batek ments duena besteak jasotzen duenik, ez ikusmenean, ez distiran.