Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

OKULARISTIKAREN
HISTORIA LABURRA

 

Aurrekariak aurrekari, esan liteke XVIII. mendean hasi zela okularistikaren espezializazioa, Frantzian lehenik eta Alemanian geroxeago.

        Auguste Boissonneau hartzen da okularistikaren aitatzat. Hainbat materialekin egin zituen probak begiak egiteko, kristala izanik pazienteek hobekien toleratzen zutena. Haren lanak erabateko eragina izan zuen zientzia horren garapenean, halako eran non XIX. mendearen hasieretan, zirujau alemanek esperimentazioa bultzatzeari ekin zioten frantziar monopolioari produktu nazional baten bitartez frenoa jartzeko asmoz.

        Bazen Turinga-Lauscha eskualde ederrean gazte bat, lanbidez beira-putzegilea zena. Ludwig Muller-Üri zuen izena, eta panpinentzako begiak egiten zituen. Egun batean, frantziarren teknikak kopiatuz eta bereak aplikatuz, aurrerakuntza nabarmena lortu zuen protesigintzan. Sari asko eta asko eman zioten mundu mailako erakusketa zientifikoetan, eta haren eskutik sortu zen giza begi artifizialen lehen lantegi alemana: Erstes deutches Atelier für Künstliche Menschenaugen.

        Ludwig baino begikoagoa dut, alabaina, Auguste frantsesa, lan-bidaia ugari egiten zuelako Europan barrena han-hemengo bezeroak artatzeko, zibilak nahiz armadakoak. Semeak ere laguntzen zion. Makina bat artikulu eta liburutan eman zituen jakitera beraren ezagutzak. Titulu bat aipatzearren, De la restauration de la physionomie chez les personnes privées d´un oeil ou Exposé d´un nouvel oeil artificiel à double échancrure interne (Paris, 1858). Gainera, naturalista ere bazen, ornitologoa. Hainbat txori mota identifikatu zuen.

        XX. mendean, ordea, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuak nagusitu ziren arlo honetan. Begigintza akrilikoa abiatu zen, oeil de verre usadiozkoei lekua kenduz.