Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ZORROZTEA, AHOBERRITZEA

 

Jaurlaritzako abisu bat neukan gutunontzian. Euskadi saria eman diote Errepidea kontakizunari (hamahiru urteko neska bat da protagonista eta, berarekin batera, txoriak narratzaile. Txori horiei guztiei buruzko azalpenak M.k eman zizkidan liburua idazten ari nintzela, baita izar multzoei buruzkoak ere). Sariaren berriak ez dit apenas zirrararik eragin. Albistea M.rekin konpartitzeko gogo bizia, horixe sentitu dut.

 

 

Osteraka ibili naiz: dutxatu, arropak aldatu, mokadu bat jan, Janisi kasu egin eta, ziztuan, berriz ospitalera.

        Aita zaindu bitartean ohar batzuk egin dizkiet orrioi. Ezin gehiago aurreratu. Kandinsky dixit: «Artista ez da libre bizitzan; soilik artean». Kar-kar-kar.

        Bosgarren egunean eman digute alta, arritmia kontrolatuta zegoela segurtatutakoan. Apoteosia izan da etxeratzea. Osaba ez dago bere onenean, eta aitak ohean geratu behar du (igeltsua dauka besoan, eta buruaren alderdi bat total belztuta). Bigarren aldiz jausi da aurten, eta gero eta aberia handiagoak egiten ditu. Eztabaidan aritu gara, zaharrek ez dutelako nahi etxera zaintzailerik ekarri. Aita sumindu egiten da gomendioren bat ematen diodan bakoitzean. Zorroztarria eta labana lakoak gara bata bestearentzat.

        Gurasoen etxean nagoenean, amarena izandako txandala janzten dut, zereginetan erosoago aritzearren. Kalterako izaten da, amaren antza hartzen diodalako neure buruari, eta haserretu egiten naiz, erabat ikaratzen nauelako alaba izanik neure ama bihurtzeko arriskuak, aita eta osaba zaintzeko penitentzia hartuta (aitita-amumen gaixotasun kroniko astunak jagoteko esfortzuan galdu zuen amak osasuna, sakrifizioaren xederan). Pasilloan atzera-aurrera, sukaldetik logelara noala, konejoa erretiratu, pastillak eraman, izarak aldatu edo kaska soilean pomada egitera, ernegazioak ematen dit bulkada, ez afektuak. Munduko enfermera hoberena izanagatik (hala esaten die aitak bisitan datozkionei), ez diot irribarrerik oparitzen, ez animorik ematen. Konpromisozko musuren bat izan ezik, maitasun-erakutsi gutxi nire aldetik.

        Aitaren zahartzak amorratu egiten nau. Atzera eragiten didate begirada lerdotuak, geldotasunak, eta zentzutasunaren eta axolagabekeriaren arteko espazio zehazgabe horretan bertan goxo egiteko ageri duen erraztasunak. Gaingiroki, arreglatu izan gara, harro dago nitaz, baina pozez ñir-ñir egiten diote begiek, eskuetan espraia edo erratza ikusten nauenean, bere zerbitzura emana (bera seguru sentiarazten). Ezin dut hori jasan. Gauza bat egiten bukatu orduko eskatzen dit hurrengoa. Neure senetik ateratzen nau beti nagusi izan behar horrek: hiltzen den egunean ere, katabutetik aginduko digu berogailua amatatzeko edo atea giltzez ixteko.

        Ez da horrelakoa berak nahita. Erneguaren mende bizi da bera ere: zahartzaroa erresignazioa da. Behin esan zidan, errabiaz ahotik bitsa botatzeko gutxi falta zitzaiola: «Haserre nago ni! Ni beti nago haserre!». Lastima eman zidan, sindrome sendagaitza duen gaixoaren aitorpen etsituaren airea hartu niolako.

        Zer egingo luke ni barik? Badaki.

        Neuk ere badakit autonomia ezaren beldur dela, eta heriotzaren beldur. Badakit sostengu amultsua dela behar duena, baina uxatu egiten naute haren manera zakurrek, zirikatzeko izaten duen apetitoak. Koleratu egiten naiz aitari eskaintzen diodan denbora neure bakeari kenketak egitearen emaitza delako.

        Nire bakeari kenketak egitea eta nire izaerari batugai toxikoak gehitzea eragiketa baliokideak dira. Oihu egin diot, auskalo noiztik atzendutako gogoz:

        — Ez naiz izango zure ongizatearen prezioa, entzun duzu? Ni ez.

        Isilik geratu da. Niri, aldiz, ahoa berritu zaidala egin zait.

        Zeregin guztiak amaitu eta alde egin dut. Alde, berak hantxe eduki nahi nauelako. Ez zuen alaba egoista hau espero laurogeitaka urteak pasatuta. Burumakur geratu da ohean jarrita, dodotisari zirika. Ez zaitez eskandalizatu: aita gizon gogorra da, ez pena emateko modukoa.

        Amorrua debekatu behar al diogu geure buruari?

        Igogailuan sartu naizenerako, bestearen erregua iritsi zait: «Zaindu aita, egizu nigatik». Isilka erantzun diot: «Bai horixe, zeugatik, ama. Norengatik bestela?». Kontzientziaren eztena ekina da.

        Jubilatuen elkartean lortu dut adinekoak zaintzen dituen mutil baten telefonoa. Egin dugu tratua: datorren astetik aurrera bera arduratuko da nire zaharren eguneroko gai-ordenaz.

        Aitarekiko haserrealdiak suspertu egin nau.

 

 

Ezin artegago ibili naiz batetik bestera. Gurasoenean garbiketak egiten nenbilela, argazki-kaxa bat topatu dut armairu baten gorengo baldan. Argazkiei begira aritu naiz, jostunak hainbat enkargu amaitu eta gero bere lantokiaren zolan sakabanatutako oihal-txatalak aztertuko lituzkeen bezala, ea erabileraren bat eman ala bota. Neureak ere baziren tartean, organismo biografiko baten zelula solteak.

        Badakit eta ez dakit zelan pasatu den denbora gaur arte: argazkiek erdizka baizik ez didate lagundu hori ulertzen. Dena den, guztien artean, bazegoen argazki bat, lasaibide izan dudana: neska txiki bat, boligrafoa eskuan, paperari begira, lehen aldiz zerbait ikusten ari denaren begiradarekin. Argazki horrek harrapaturiko une hori da, konturatu naiz, memoria oso baten erroa, deitu bizitza, deitu fikzioa.

 

 

Indartu nau semearekin egoteak ere. Haren falta itzela igarri dut «erbestean». Inpresio tristea egingo zion amaren jarrerak. Errudun sentitzen naiz bestelako patxadarik erakutsi ezin izanagatik.

        — Zure aitita troll bat da —esan nion herenegun, Santutxuko txinatarrean afari-merienda egiten ari ginela.

        Haren esaldi kutunak (nire esaldi kutunak) oraindik ere ulertzen didala erakutsi dit.

        — Zu lasai, ama.

        Zer, halakoa bada, nerabe hain heldua. Gauzak normal doazenean, badaki noiz egin paso. Esan dit:

        — Topatuko duzu behar duzun moduan maiteko zaituena.

        Txalo jotzeko moduko sententzia. Uste du beste zerbait itxaroten dudala. Neuk ere uste nuen. Gazteegia da konturatzeko, azken batean, ez garela hainbeste aldatzen.

 

 

Herrian egoteak ere bizkortu nau. Galtzada-harrizko kaleetan, denda ezagunetan edo tabernetan, bidegorrian eta moilan txertatuta nago paisaiaren beste edozein elementu adina: bertokoa naiz.

        Hego-haizea dabil. Nekadurak begiak zedentzen badizkit ere, Santa Katalinako farotik «izpi berde» bat sumatzen dut Artzabaletik hara, itsasertz zurixka hartan, neu noiz inguratuko.