Aurkibidea
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
KRISTALEZKO BEGI BAT
OBJEKTU BAT DA
Historiako lehen begi artifizialak 4.800 urte ditu. Hiri Errearen aztarnategietan aurkitu zuten, Mesopotamian, gaurko Afganistango fronteratik hurbil. Emakume gazte baten burezurrean agertu zen, eta alkitran naturalez eta abere-gantzez egina da. Begi-ninia dauka erdian eta, zaintxoak antzeratzeko, urrezko harizpiak, diametroa milimetro erditik beherakoa.
Kostatuko zitzaion gorputz arrotz hartara egokitzea, neuretara dakit. Zapata barruan garbantzua gogaikarria bada, ez da atsedengarriago latsarria begi-orbitan. Batek baino gehiagok egin du, molestiak, desengainuak edo etsi txarrak eraginda, hartu eta mailuarekin jo eta apurtu.
Baina protesia galdu edota kenduz gero, zikatrizazioa gerta liteke, eta horrek baditu ondorioak. Izan ere, ez da komeni izaten aldi luzerako begia ateratzerik, husgunearen joera kuzkurtzea delako. Kasurik txarrenean gerta liteke berriro sartu ezin izatea.
Neuri ere gero eta zailagoa egiten zait, adinaren kariaz. Ez pultsua trakestu izanagatik, azalaren kalitateagatik baino: goiko betazala ahuldu, eta begiaren irekidura estutu egin zait; beheko betazalak ere irmotasuna galdu du (gorputzeko beste edozein atalek lez), eta ozta-ozta eusten dio postizoaren pisuari. Horrek zaildu egiten du begi berria taxutzeko prozesua.
Begia aldatu egin behar izaten baita lau edo bost urtetik behin: kristala higatu egiten da, kresal arteko haitza bezalatsu (malkoak ere gazi). Kontuan harturik begiradak aurpegieran zenbateko eragina duen, adituek gomendatzen dute begia epe horren barruan aldatzea: begi usatuegiak tristura-kutsua ematen dio bisaiari (sentimendu usatuek beste). Kontsumo-produktuen mailan sailkatu ezin arren, kristalezko begiek bizi-itxaropen jakina daukate.
Azalaren makaldura dela-eta, begia erortzea eragozteko, orain dela urte batzuk josi egin behar izan zidaten betazalen barne-ertza, praka zabalegiak gerriaren tamainara ekartzeko egin ohi den bezala. Konponketa bizkorra izan zen. Gogoan dut zirujauak laztan egin zidala aurpegian, ohatilan etzanda nengoela kirofanoan sartu aurretxoan.