Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

KRISTALEZKO BEGIA,
TOPIKO BAT

 

Bilatzailean Cristal eye tekleatuz gero, parrastan agertzen dira erreferentziak. Klasikoetatik hasi eta gaur egungoetara, bada kristalezko begirik zenbat-nahi. Baina zer dira Interneteko unibertsoan diz-diz ari diren horiek? (Utz dezagun alde batera zinea, terrorezko generoa bereziki, torturatzaile sadikoek biktimen begiekin asmatzen dituzten dibertimenduak).

        Eskuarki, literaturaren historiak utzi digun metafora bat dira kristalezko begiak, topiko bihurtu dena. Zenbait adibide:

        Shakespearek 46. sonetoan aipatzen ditu. Kristalezko begiak (alegia, begi garbiak) maiteñoaren ezaugarri berebizikoa dira, lady baten barne-edertasunaren atributua. Antzera egiten du Bartholomew Griffinek, begiak izarrekin konparatzen dituenean: «The purest cristal eye that seen... Her eyes the brightest star...».

        Beste kasu batzuetan, kristalezko begiak izarrak eurak dira, hala nola Robert Serviceren bertsolerro honetan: «That cristal eye that raked the sky...».

        Argizagiekin bezainbatean, kristalezko begiek urarekin ere badute loturarik, patetikoak suertatu arren honelako esaldiak: «Kristalezkoak dira zure olatuak, zure begietako olatuak, zure kristalezko begietako olatuak...» (Pee Wee). Kristalak eta urak duten antzagatik, kristalezko begiek tristezia ere adieraz lezakete, zintzotasunaz aparte. Halaxe, begi negartiak dira Henry King zenarentzat, zeinak 1669an idatzi zuen berrehun urte geroago Edward Elgar konpositoreak musikatu eta Londresko antzoki batean estreinaturiko kantu ospetsua: «Dry those fair, those cristal eye...».

        Récit honi dagokionez, kristalezko begia da nire dibagazioen irradiazio-puntua, narrazioaren sintaxi mehea nolabait egituratzen duen elementu errepikakorra. Diskordantziak gorabehera, bertara jotzen dute edota handik abiatzen dira atalak. Ondorioz, semantikaren luze-zabalari esker, deitu perla, puxtarri, latsarri, arrautza, koral, izar, pinporta, bola, protesi edo dena delako, nire kristalezko begia neure topiko partikularra da, eskubide osoarekin.

 

 

Kantuaren partitura inprimatu eta koadernoaren azalean itsatsi dut. Dotore geratzen da. Berdin jar nezakeen dunen postal bat. Edo nire «izar distiratsuaren» argazki bat (begiaz ari naiz, ez M.z). Edo ispilu bat.

        Partiturak kutsu dezimononikoa ematen dio, lastima. Ezen testu hau modernoa da. Ala ez? Garaiz kanpokoa gertatzen da dolu baten kontaketari hainbeste buelta ematea, ezta? Hainbat hobe litzateke «Eta zer?» axolabako bat esan eta, bizkarra jiratuz, istorio honi errematea ematea behingoz. Baina ez: ahalegina egiten ari naiz, tai gabe, erakusteko, «Zain Dagoena» izaten ohituta nengoen arren (maite duenak berea omen du itxarotea), nire begiak minberatiak bai, bazirela, baina ez pasiboak.