Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
EFEKTU DERMIKOAK:
MASKORRA ETA SAREA
Ezatsegina izatetik aparte, biolentoa da, jendartean zaudela, kili-kilia duzulako hazka egin eta, begia biratuta, zuri jartzea edota zulotik kanporatzea. Eskuarekin estali eta arrapataka alde egin behar izaten da, toki diskretu baten bila artez kokatzeko. Ez da egoera barregarria, eta bada. Badu meritu-puntua zeure fisonomiaren alde gordin hori zeureganatzeak: begiko sakonune arroxak molusku zanpatua ematen du.
Aldikada batean, eskale bat ibiltzen zen Txorierriko lineako trenean. Pareko jarlekuan jesarri zitzaidan behin. Geroxeago ohartu nintzen betazalen artean zeukan hutsarteaz, eta hozkirria eragin zidan, nori eta hartaratuta egon behar nukeen honi, haren lapatzarrak.
Gaur-gaurkoz, ezin esan mizkina naizenik nire betinguruak diren-direnean aztertzeko. Ezker betazpia harrotuta daukat, saio mediko batean silikona sartu zidatelako botxoaren sakonera gutxitu eta betazpiak mamitzeko. Betondoaren itxura konpentsatzea zen xiringakaden helburu estetiko-terapeutikoa. Baina, denboraren poderioz eta kalkulu gaizki eginen ondorioz, toles artifizial horiek migratu egin dute, eta orain ezker betazpiak maskor lau baten antza hartu du, sudurrarekiko diagonalak diren ildo erliebedun eta guzti. Horregatik, oso nekatuta nagoenean, aurpegiaren ezker erdiari begiratuz gero, naizena baino zaharragoa ematen dut. Eskuin betazpia, berriz, zimurtxo-sare batez apaindurik daukat, nire adinari dagozkion marrez.