Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

MINAREN ALDAKIAK

 

Ez nuen uste honenbesteko tragikotasunez hartuko nuenik desamodioa berriz (ala pentsatzekoa zen baietz?).

        Mina solidoa denean, beherantz egiten dizu tira, sabeletik, harri zapal batek legez. Horrelakoetan, burua zintzilik egoten zara. Lepoko giharren laxotasunak eragotzi egiten dizu burua goratzea edo jiratzea. Saiatzen zarenean, zutunik bazaude, oreka galtzen duzu. Iruditzen zaizu aldaroka zabiltzala. Orduan sabelera eramaten dituzu eskuak. Intziri egiten duzu, zinkurin itoa, itxaropenez gabetua, animalia zahar batena lakoa, zintzurrean sortu eta aire-kolpe batean sudurzuloetatik irteten zaizuna.

        Beste batzuetan, mina zorrotza da, ziri bat saihets-hezurren artean aztarrika. Min horrek begiak eta eztarria harrapatzen dizkizu. Negarra dakarren mina izaten da, zeure buruaren errukia pizten dizuna. Esaldi etsiak murduskatzen dituzu, zeure paraderoaz zu zeu hunkitzeraino. Negarra zotin bihurtzen denerako, ohean jesartzen zara, eta geldi egoten sabaiari adi, edo logelako beste edozeri, koadro bati edo aulki bati, arnasa baretu arte. Aurpegia estaltzen duzu eskuekin. Hopperren pinturetako emakumeen parekoa da zure itxura horrelakoetan. (Arrazoiz dio Harkaitz Canok agurea kokoteraino dagoela guk bere hilobia arpilatzeaz, zertarako eta gure malenkonia dekadente eta gaizki ulertua legitimatzeko. Alabaina, zer, emakume horiengan aurkitzen badut neure islarik doiena).

        Besteetan, mina ukabilkada bat izaten da, M.rekin ezustean topo egitean arrandegian, plazan edo botikan. Bat-batean, abiadura handian mugitzen da dena, bera izan ezik. Atzealdea dekoratu lauso bat bilakatzen da, ia antzematen ez dudana, lokietan sentitzen ditudan taupaden bortitzak ez didalako uzten bista apartatzen M.ren ahotik. Halandaze, aurpegiko mina geratzen zait, zaplazteko bat eman balidate bezala, berba-trukea egin eta gero bakoitzak geure bidea hartutakoan.

        Minik txarrena, ordea, atzaparrarena da. Urdailaren hormak uzkurtu egiten dira atzaparrak oratzen dienean. Orduetan ezer jan ez baduzu ere, botalarria datorkizu. Komunera isurtzen dituzu listua eta behazuna. Pentsatu nahi duzu likido horretan madarikazio bat iraizten ari zarela, gonbitoen bidez libratuko zarela zigor bidegabe horretaz, ezein gizonek ez baitu merezi honelako esperpentorik. Min hori oinazea da, mina bainoago.

        Oinaze horrek jipoitzen nau M. beste andre batekin imajinatzen dudanean. Izan daiteke hazpegirik ez duen norbait, ezagutzen ez dudan haren lankide bat, esaterako; edo herriko emakume bat, beltzarana nahiz ileargia, baina liraina; edo neska bat, heldu batekin liatu dela lagunei kontatu nahi dien lotsabako bat. M. zutunik ikusten dut, atzetik txortan, oraldika. Sakada bakoitzean, neuk oparitutako zintzilikarioak (harri berde-gris bat, haren begien kolorekoa) dantza egiten dio papar bilotsuan. Halakoetan, mesillako lanpararen etengailuari eusten diot, eta argia itzaltzen dut, argia pizten, argia itzali, argia piztu, beste behin, berriro ere, piztu, itzali, irudipen hori itsutzeko eginahal antzuan.

        Nahiago gorputzik ez banu. Adar kraskatuz beteriko zakua dut gorputza. Tertzioan nengoke katabut batean. Nekez sinestekoa da, pairatu ezean, zenbaterainokoa izan litekeen amodio zapuztuaren lorra.