Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
AMETSEN GARRANTZIA
Hein batean, ametsek dute honen guztiaren errua. Nola mina infekzioaren zantzua izaten den, hala amesgaiztoak beldurrarenak. Beldurrak nengoen M. neure dependentziaren lokarrian atxikitzeko. Ametsek aurrelana egin zuten burubide hari men ez egiten laguntzeko. Ez nuen gura M.ren asmoetan artetu, baina, aldi berean, nire gurarietara gehixeago bil zedin espero nuen harengandik. Luma edo elur-maluta izan gogoz, ezari-ezarian, hartxintxarra izaten hasi nintzen. Horra hor nahi eta ezinaren ironia bat.
Amets-zenbakia: 1 (2011-6-10) / Haurdunaldia
Haurdun nago, pozarren. M.ren atzetik noa kalean, bera pauso batzuk aurrerago (nire ametsetan, maite ditudan gizonak aurretik doaz beti). Norbait hurbildu zaigu zorionak emateko. M. jiratu egin da eta, sorbaldak goratuta, hauxe dio: «Ez da nirea».
Esanahi bi eman nizkion ametsari: bata, gure artekoa errotuz zihoala nigan, baina M.k hazkunde hartatik at geratu nahi zuela; bestea, M.ren arazoak neurriz haraindi neureganatzen ari nintzela (bazituen zama batzuk nirekin konpartitzen zituenak, iraganeko kontu batzuk beti zaharberrituak. Denok izaten ditugu lor-kateak).
Kontatu nionean, sumatu zuen tiratuko niola amets itxuraz xelebreari kantoiren batetik, berak nola hartzen zuen esanarazteagatik. Banuen ahulezia hori, M. hitzez inguratzeko afizioa neure gustuko esakuneren baten bila. Errezeloak xaxatzen ninduen, batzuetan ospeldu egiten zitzaiolako begirada nirekin zegoenean: esaten ez zituen berben zelatan egoten nintzen, eta horrek uzkur jartzen gintuen biok.
M.ren sukaldeko mahaia zabala da. Eguzki-begitan, aldare bat zirudien (hala diot, kursileriaren marratik harantz lerratu arren). Agindu zidan bertan etzateko, ahuspez, bere erara uxatuko zidala amets itsusi hura. Ipurmamietan pa eman zidanerako, neure zauriari piko egin nion berriz, amu berberarekin.
— Ez nuke nahi hau azken aldia izaterik.
Kalmaz erantzun zidan:
— Ez dago zertan.
Ekina naiz baina. M.ren bizitzan interferentzia bat izateko eskubidea ukatuko banion neure buruari, banuen haren zintasuna proban jartzeko eskubidea ere, setatia izanik.
— Zuk ez nauzu behar. Gure hau uzten badugu...
Eta berak:
— Isildu zaitez... Ez dago zertan.
Amets-zenbakia: 2 (2011-6-15) / Leihoarena
Bigarren ametsean, M. norabait doa, jai batera edo. Alkandora beltza jantzi du. Ezin ederrago ikusten dut, gizon tantaia leiho aurrean. Berarekin noala esan, eta ezetz, bere kabuz doala. Tiradizo jasanezina sentitzen dut berarenganantz. Bat-batean, konturatzen naiz leihoa arriskua dela niretzat, eta arineketan ihes egiten dut.
Izerditan esnatu nintzen, kamisoiaren tiranteetako bat apurtuta, arnasestuka eta buruko minez. Pertsianaren zirrikituetatik sartzen ari ziren izpiak hatz zorrotzak legez sentitu nituen lokietan, «burutik zaude, laztana» esan eta esan.
Bilbon nengoen orduan. Egunero berba egiteko ohitura genuen arren, M.k ez zidan deitu gau hartan, ez bezperakoan, ezta hurrengoan ere. Neuk ere ez berari (ez nion inoiz deitzen. Aiseago konprenituko duzu xoradura haren sarean eulia izatea laket nuela esaten badizut).
Ura eta jogurta, besterik ez nion eman gorputzari egun haietan, garbi jatea barrenak mamurtzen zizkidan arrangura asebetetzeko modua zatekeelakoan. Izarak erosi nituen. Arrapaladan egiten nuen dena: M.k baztertuko ote ninduen laborriak, burutazio hutsak, inurritegietako borborra ipintzen zidan gorputz-adarretan.
Lepoko zaina taupaka jartzen zait oraindino, leihoak nola hots egiten zidan gogoratu orduko: «Etorri, Meibi, etorri». Garbi ikusten nuen ametsaren zentzua: leihotik salto egiteko tenorea hurbiltzen ari zen (paralelismoa eginez, M.rekikoari amaiera ematekoa). Ez nuen, ostera, behar besteko indarrik, ezta amorrurik ere, neure buruari amiltzen uzteko. Ez nengoen prestatuta hutsmina nozitzeko. Horretaz lehenago jabetu izan banintz, atsekabeak aurreztuko nizkion neure buruari.
Noizean behin elkar ikusten jarraitu genuen. Haren gorputza kaliza bat zen niretzat, une desberdinduak gordetzeko bitxiontzi bat, belusezko kordoi samurra, aldika urkabilurra bilakatzen zena, gure artekoa estutzeko edo lokatzeko erabakimena bere kasa uzten nuelako, nire gogoz bestera baina neure borondatez.
Amets-zenbakia: 3 (2011-7-25) / Maletak
Alferrik zen aitorpen baten kontsolazioa antsiatzea. Orduan hil ala bizikoa begitantzen zitzaidan zalantza hura asaskatzea; orain ez diot ematen inongo muntarik neure hobe beharrez ezerekin auskaka egiteari.
Arratsalde osoa eman genuen sofan etzanda. Oinak almendra-kremaz igurtzi nizkion (lehor izaten du azala, kresaletan ibiltzeagatik uda nahiz negu). Galdetu zidan: «Zertarako nahi dituzu berba usatu horiek, edonork eta edozergatik, ia sentitu ere egin barik, esaten dituenak?»
Haragiak badu ahalmena une batzuetan dena ezereztekoa. M.ren gainean jesarri nintzen, zangalatraba. Atsegin nuen hala, hazpegien tirandura ikusi ahal niolako, ahoaren keinua nire ahoaren bila. Inoiz gutxitan so egiten zidan begietara. Berariaz aipatzen dut arratsalde hartakoa, euria zelako, eta sabelpetik ura isuri nuelako, erruz.
Gauean amets unagarria izan nuen. Maletak egiten ari nintzen. Gero, maletok hartu, eta tarras eramaten nituen txabola batera; txabolatik, gaztelu batera; gaztelutik, autokarabana batera; hortik etxera garraiatu nituen berriz; etxetik ganbarara; eta segi. Alban itzartu nintzen, trenputxartuta: ez nekien non kokatu neure burua, nire bide-horniak, nire bizitza. Ahapeka kontatu nion M.ri. Eta berak:
— Gauzak tokiz aldatzen ibili barik, utz itzazu bakean, eta geratu geldi, neure ondoan. Egizu lo. Ez duzu ikusten hemen nagoela?
— Ez dut nahi nirekin egoterik niganako penaz.
— Zuganako penaz? Neure buruaren pena ez izatearren segitu nahi dut zurekin.
Ez nion hartu egiantzik esaldiari (ez nuen M. pattal imajinatzen ni gabe). Beti bezala, eskean hasi eta M. limosna ematera behartu nuelako mingostu nintzen. Azken aldiz egin genuen maitasuna, nik negarrez.
Garatzeko: a) Harremanaren hierarkiaz zehatzago hitz egin; alegia, besteak norberaren itxarokizunak ez betetzean, bihozberoago denari esleitzen zaion gutxiagotasun-egoeraz. b) Haustera bultzatu nauten beste arrazoiak aipatu: M.ren indibidualismoa aisia antolatzeko orduan, ni beraren negar-zapitzat hartzeko izan duen abusuzko joera... c) Argitu ea erabateko egia den neuk utzi dudala, ala bion nahia izan den, zeharka (neuk eragin nuen haustura, baina txintik esan ez banu, zer urrats emango zukeen berak? Agian norabide berean, ezin jakin). «M. utzi dut» hanpurutsu horren atzean, zenbat urguilu dago? Ez ote zidan duintasunak zapasaltoa eginarazi, neure beste tirabira intimo batzuk saihestearren?