Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

LE RAYON VERT

 

Etxeari izen hau zergatik jarri ote zioten ez dakit.

        Izpi berdea Verneren liburu bat da, oinarrian fenomeno optiko erreal bat duena: eguzkia azalera lau batean ezkutatzen denean, azken izpiak errefraktatu egiten dira atmosferan, halako moldez non kolore berdeak eta horiztak jalgitzen diren. Eguzkigaina gordetzen den une horretantxe, distira berdekara bat hauteman dezake giza begiak.

        Kondairaren arabera, errainu hori batera ikusten dutenen artean maitasun-lotura sortzen da. Beharbada, aurreko jabeek toki honi iritziko zioten kokagune aproposa etxearentzat, izpia begiesteko esperantzan. Edo hemen begiztatuko zuten, eta horrexegatik eraikiarazi bizilekua. Ergelkeria galanta.

        Eric Rohmerren film bat ere bada izen horrekin. Urteak dira ikusi nuela, eta gatzbakoa iruditu zitzaidan.

        Etxearen beheko solairua pieza bakarra da, sukalde-egongela horietakoa. Komuna ere behean dago, eta trastelekua. Altzariak garbi daude, hatz-marka barik. Egia esan, bet-betan ohitzen gara auskalo nork erabilitako edalontziak eta ohazala baliatzen, hasieran erreparoz begiratu arren, orban dudazko bat edo ile kizkurren bat noiz topatuko. Bai errezelei, bai ateostean zintzilikaturiko eukalipto-adar sortari igartzen zaie oraintsu jarritakoak direla.

        Goian logela bi daude. Zabalena hartu dut. Hormak zur zurixkaz forraturik dauzka erdi pareraino, eta handik gora margotuta. Leiho kontra dago ohea (handiegia, diot, bularrak laztandu bitartean). Oinen tokian kutxa bat, aurrez aurre tximinia, besaulkia, eta apalean botilatxo bat belaontzia barruan duela, Souvenir des Landes. Kilim batek apurtzen du gelaren monokromia.

        Epel dago, ia sargori. Kalatxoria erretiratu behar nuke usteltzen hasi baino lehen. Eguzkiak ostra baten barruko aurpegia dirudi zeru matean.