Poesia kaiera
Poesia kaiera
May Ayim
itzulpena: Garazi Ugalde Pikabea
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-55-6
May Ayim
1960-1996
 
 

 

albisteak

 

z. jaun-andreak

bonboiak jaten ari dira

egongelako besaulkietan

eserita

 

albiste emaileak

tupe berria dauka

ile apaindegitik oraintsu aterea

 

“gabon dizuela

jaun-andreok”

 

gorbata marradun bat

zabuka du bular parean

 

“aeb-ko presidente ohi carter-ek

amaitu du

haitirako hiru eguneko bisita”

 

leunduak ditu

zimurrak

eta makillaturik dago

 

“kolonian

hiru ezezagunek

bidaia agentzia turkiar bat

erre dute

larunbat gauean

erasoan ez da

inor zauritu”

 

haren ahotsak

iraganaren

kutsua du

errealista

inpartzial objektibo

 

“lehen datuen arabera

500 lagunetik gora

hil dira…”

 

z. familiaren

telebista

zoraturik

dabil

eginez

dirdira eta

zarata

itzala eta

argia

 

z. jauna

telebistaren kontra

jarrita

emaztea

eskua ahoan

nahigabeturik

aho zabalka

 

“eta orain

eguraldia:

ipar-ekialdetik

sartuko den

depresio batek

hartuko du

alemania

zati handi bat

halere

egunean zehar

ostarteak izango dira

iluntzean euria

han-hemenka

gauean

haize bolada bortitzak”

 

iragarpena

egin duen gizonak

itxura

kaskarra du

gaurkoan

 

“asteburuan ordea

hodeitza

saretu eta

udaberriko tenperatura

izango da”

 

kareizko betaurrekoak ditu

eta burua erdi soildua

 

“honaino gaurko albisteak”

1995-03-02