Poesia kaiera
Poesia kaiera
May Ayim
itzulpena: Garazi Ugalde Pikabea
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-55-6
May Ayim
1960-1996
 
 

 

zuri-beltzeko bluesa

 

oraindik atzera berriz

beti besteak diren eta ziren eta

          izango diren

horiek

banatuak eta uxatuak eta zatikatuak diren

bitartean

oraindik atzera berriz benetako besteek

egia bakartzat

deklaratzen dute beren burua

oraindik atzera berriz benetako besteek

deklaratzen digute

gerra

 

zuri-beltzeko blues bat da

munduaren heren batek

txikitu arte dantzarazten ditu

beste

bi herenak

haiek zuriz ospatzen dute

guk beltzez dakargu dolua

zuri-beltzeko blues bat da

blues bat da

 

alemania birbateratuak

1990a ospatzen du berriro

immigrante errefuxiatu judutar

          eta beltzik gabe

talde txikian ospatzen du

zuriz ospatzen du

baina zuri-beltzeko blues bat da

blues bat da

 

alemania batuak europa batuak

          estatu batuek

1992an ospatuko dute

kolonen 500. urteurrena

kanporatzeek, esklabotzak eta

          herri erailketak 500 urte

ameriketan

eta asian

eta afrikan

 

munduaren heren bat baturik

gainerako bi herenen aurka

arrazakeriaren, sexismoaren eta antisemitismoaren

erritmora nahi gaituzte bakartu gure historia birrindu

edo ezagutezin izateraino

mitifikatu

zuri-beltzeko blues bat da

blues bat da

 

baina jakitun gara, jakitun

gizajendearen heren batek zuriz ospatzen du

gizajendearen bi herenek ez du bat egiten

 

1990