Poesia kaiera
Poesia kaiera
May Ayim
itzulpena: Garazi Ugalde Pikabea
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-55-6
May Ayim
1960-1996
 
 

 

geroko garaia

 

 

Oraindik bizi den batek jada hilda dagoen bati

Martin Luther King-en omenezko poema

 

 

egun batean bestelakoa izango dela

hobea

hori amestu zenuen, neba

gauerdia bezain beltz gorrimin eta berde

laster zutik egongo ez diren

zuhaitzak bezain

—egiazko koloreak

ausaz haurrek bakarrik margotzen dituzte

amaren sabelean

ausaz—

 

nik ere badaukat amets bat, neba

egun batean jendea

ez dela oihuka munduratuko

baizik eta barrezka

ostadar koloretan

barrezka

 

ukabil jasoaren

atzean

daramat nire ametsa

heriotzaren aurka eta geroko garaiaren alde

ez baitu

hizketak apenas laguntzen, neba

adierazpen askatasuna esaten diote

baita manifestazio eta protesta martxa ere

demokraziarentzat

behar dituzte

eta aurrera eta aurrera jarraitzen dute eta

          aurrera jarraitzen

 

zure ametsa kontserbatu dute

kontserbatu eta saldu, neba

postalak eta posterrak

hiru lerro historia liburu batean

“I Have a Dream”

eleberri amaitu bat

 

iraganeko

bihurtu dute

malkoen gatza bezain zuri

eta bizi naizen lekuan

“gainditutzat” joko lukete, neba

 

ukabil jasoaren

atzean

daramat nire ametsa

piperbeltz koloretan

eta hutsetik hasi naiz

azkenean hasi naiz

ahizpa

eta laguna eskutik ditudala

nebekin batera eta

beharrezkoa bada

bakarrik ere bai,

bestelakoa izan dadin

azkenean!

 

amets bat daukat

non jendea ez den gehiago oihuka

munduratzen

eta begitazio bat

non begi baketsuekin natzan

eta buruan zulo batekin

 

AMENA LUTA CONTINUA

 

1987, Lintoni eta Johni