Poesia kaiera
Poesia kaiera
May Ayim
itzulpena: Garazi Ugalde Pikabea
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-55-6
May Ayim
1960-1996
 
 

 

gau kanta

 

jada ez nago

garai hobeen zain

zeru urdin iluna gure gainean

izar zilarrez

eskuz esku zurekin

ibai ondotik

zuhaitzak ezker-eskuin

desira adarretan

itxaropena bihotzondoan

 

          gela txukundu dut

          kandela bat piztu

          poema bat margotu

 

jada ez naiz musuka ibiltzen

zure gorputzean zehar

zure zilborrean barna

zure ametsen sakonera

nire maitasuna zure ahoan

zure sua nire magalean

izerdi tantak larruazalean

 

          epel jantzi naiz

          gorriz margotu ditut ezpainak

          mintzatu naiz loreekin

 

jada ez nago

zure keinu baten adi

atera ditut zure gutunak

so egin diet zure argazkiei

gauerdia heldu arte

elkarrizketan zurekin

irudipenak gure artean

irri egiten digute haurrek

 

          guztiz zabaldu dut leihoa

          estu lotu ditut zapatak

          hartu dut kapela

 

jada ez dut amesten

ordu bakartietan

zure aurpegia denboran

zure itzala ez da

irudi hotz bat besterik

 

          bildu dut oroimena

          itzali dut kandela

          ireki dut atea

 

jada ez nago

garai hobeen zain

kalera atera naiz

lore lurrina azalean

aterkia eskuan

ibai ondotik

zeru urdin iluna nire gainean

izar zilarrez

zuhaitzak ezker-eskuin

desira adarretan

itxaropena bihotzondoan

 

          maite zaitut

          jada ez nago zain

 

1992