Bohemia itsaso ondoan dago
Etxeak hemen berdeak badira, etxe batera sartuko naiz.
Zubiak hemen osorik badaude, lur ziurretan ibiliko naiz.
Maitasun lanak galdu badira, gustura galduko ditut hemen.
Ni ez banaiz, ni bezain ona den bat izango da.
Hitz bat hemen mugakide badut, utziko diot mugakide izaten.
Bohemia oraindik itsaso ondoan badago, itsasoan sinetsiko dut berriz ere.
Eta itsasoan sinetsiz gero, lurra espero dut.
Ni banaiz, ni adina den edonor izango da.
Ez dut besterik nahi niretzat. Hondora joan nahi dut.
Hondora —hau da, itsasora, han aurkituko dut berriz ere Bohemia.
Hondoa jota, lasai esnatuko naiz.
Hondarrean orain badakit ez nagoela galduta.
Zatozte, zuek, bohemiar, marinel, portuetako puta eta ontzi ainguratu gabe
guztiok. Ez al duzue bohemiar izan nahi, zuek, iliriar,
veronar eta veneziar guztiok. Antzeztu barre eginarazten diguten komediak,
eta negar egiteko direnak. Eta erra zaitezte ehun aldiz,
ni erratu eta probak inoiz gainditu ez nituen moduan;
egin, bai, behin eta beste behin.
Bohemiak gainditu zituen moduan eta egun polit batez
itsasorantz barkatua izan eta orain ur ondoan dagoen moduan.
Ni oraino hitz batekin eta beste lurralde batekin mugan banago,
edozerekin nago mugan gero eta gehiago, beste ezer gutxiren gisa;
bohemiar bat, goliardo alderrai bat, ezer ez duena, ezerk gerarazten ez duena,
itsasoak, zalantzati, nik hautaturiko lurraldea ikusteko
hornitu duena.