Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Eguerdian garaiz

 

Isil ari da berdatzen ezkia uda hasiberrian,

urrutiko hirietatik itzulirik, distira gabe ageri da

eguneko ilargia. Eguerdia da dagoeneko;

dagoeneko bizkortu da turrusta iturrian;

dagoeneko hasi da alegietako txoriaren hego lumatua

hondakinen azpitik ateratzen,

eta ernaltzen ari den garitan hondoratu da

eskua, harriak botatzeagatik itxuragabetua.

 

Alemaniako zeruak lurra belzten duen tokian,

gorrotoarentzat hobi bila dabilkio aingeru lepamoztua,

eta bihotzaren goporra eman dizu.

 

Muinoaren atzean desagertu da eskukada bete oinaze.

 

Zazpi urte geroago,

ostera akordura datorkizu,

ate aurreko iturrian:

ez begiratu sakonegi,

gainezka egingo dizute begiek.

 

Zazpi urte geroago,

gorputegi batean,

urrezko edalontzi osoa

hustuko dute atzoko borreroek.

Hondora egingo dizute begiek.

 

Eguerdia da dagoeneko, errautsetan

tolestu da burdina, arantzan gora

altxatu dute bandera, eta hemendik aurrera,

behialako ametsaren arroka gainean

soldaturik geratuko da arranoa.

 

Esperantza baino ez da uzkurtuko argitan itsu.

 

Hautsizkiozu kateak, eramanzazu

hegalean behera, ezarriozu

eskua begi gainean, ez dezala itzalak

kiskal!

 

Alemaniako lurrak zerua belzten duen tokian,

hitzen bila dabil hodeia eta isiltasunez betetzen du kraterra,

udak euri-errepikaren pean haiek aditu aurretik.

 

Herrialde osoan barrena ahopeka dabil esanezina:

eguerdia da dagoeneko.