Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Hizketa eta esamesa

 

Ez zaitez atera gure ahoetatik,

herensugeak ereiten duen hitz.

Egia, itotzeko moduko beroa egiten du,

apar egosia eta ozpindua dario argiari,

eta zingiraren gainetik, beltz-beltz, eltxo-xingola bat dago zintzilik.

 

Zurrutean gustura dabil astaperrexila,

zabal-zabal ageri da lurrean katu-larrua,

orroka ari zaio gainean sugea,

dantzari dator arrabioa.

 

Ez zulatu gure belarriak,

beste inoren erruaren zurrumurru;

hil zaitez, hitz,

zingiratik ateratzen den urmaelean.

 

Geratu gure ondoan, hitz,

gure pazientzia

eta pazientzia falta samurraz. Akabera behar du

ereinaldi honek!

 

Ez du piztia harrapatuko haren hotsa imitatzen duenak.

Maitasun oroz gabetuko da bere ohearen sekretuak salatzen dituena.

Ergelak sakrifikatzeko balio du hitzaren sasikumeak.

 

Nork eskatu dizu arrotz honi buruzko juzgu bat?

Eta inork eskatu gabe ematen baduzu, segi oinez gau batetik bestera,

haren zauriak orpoetan dituzula, segi, eta ez itzuli.

 

Geratu gure ondoan, hitz;

landua, argia eta ederra.

Akabera behar du, baiki;

zaude jakinaren gainean.

 

(Gibelka doa karramarroa,

gehiegi luzatu zaio loa satorrari,

ur bigunetan desegin da harriak

elkarrekin eusten zituen karea).

 

Zatoz, hotsaren eta hatsaren grazia,

sendotu aho hau,

ahuldadeak jota,

izutzen eta kikiltzen garenean.

 

Zatoz eta ez egin zezelka,

gaitz askoren aurka ari gara-eta borrokan.

Sutara eroriko da esku hau,

herensuge-odolak kontrarioa babestu aurretik.

Salba nazazu, ene hitz!