Zuek hitzok
Nelly Sachs lagun eta poetari, ohorez.
Zuok hitzok, altxa, zatozte nire atzetik!
Eta dagoeneko elkarrengandik urrun, urrunegi
bagaude ere, aldendu egingo gara
beste behin, amaierarik ezerantz.
Ez du argitzen.
Hitzak
atzetik arrastaka eramango ditu
beste hitz batzuk;
esaldiak esaldia.
Munduak nahi luke
bere burua bortxaz ezarri
behin betiko,
dagoeneko esana izan.
Ez esan.
Hitzok, zatozte nire atzetik,
ezer behin betiko izan ez dadin
—ez hitzekiko irrika hau
ezta esanaren kontraesana ere.
Oraingoz, beude, tarte batez.
Ez dadila sentimendurik adierazi,
landu dadila bihotzaren giharra
beste era batera.
Beude, diot, beude.
Ez bekigu, belarririk gorenera,
ezer, diot xuxurlaka,
heriotzaz bururatu.
Beude, eta datozela nire atzetik, ez gozo,
ez zakar,
kontsolamendurik gabe,
esangurarik gabe,
eta zeinurik gabe.
Ez etorri: hautsez harilkaturiko
irudia, silaben
burrunba hutsa, herio hitzak.
Herio hitzik ez,
zuok, hitzok!