Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiño
 
 

 

3.1.
AIREA DANTZAN, HAN ETA HEMEN

 

      Atalaren hasierako pasartea 2009koa da. Artikulu beretik jaso da honako hau ere:

 

      Gaur egungo emakume nekazariek beren lana biderkatu behar dute hitzaldiak emateko, mobilizazioetan parte hartzeko eta esperientziak partekatzeko, hain zuzen ere beren lanaren eta bizitzeko moduaren biziraupenaren alde borrokatzeko.

      Horretarako prest daude, baina ezin dute bakarrik egin. Gizonezko nekazariak ondoan behar dituzte, bai eta talde sozialekin egin daitezkeen aliantza guztiak ere, beren espezieak Euskal Herrian irautea nahi badugu, behintzat (Arriola et al., 2009:154).

 

      Eta hala da. Liburuko lehenengo atalean erakutsi da landa-eremuak, nekazaritza jarduerak eta emakumeen jardunak bat egiten duten puntu horren balioa. Gaia potoloegia da, erantzukizuna handiegia eta, azken buruan, bidegabeegia, emakume nekazarien biziraute, ongizate eta parte hartzearen zama osoa beraien gain ezartzeko. Partekatua beharko lukeen mugimendu horren adibide bat jartzearren, bolo-bolo dabil emakume nekazarien aintzatespena eta ikusgarritasuna lortzea garrantzitsua dela. Bai, noski. Baina gauza bat esan eta beste bat egiten bada, jakina da ekintzak hitzak baino ozenago direla mintzo. Eta zentzu horretan, aintzatetsia eta ikusgarria ez den sektore bat da markoa, emakumeak aintzatetsi eta ikusten ez dituen sistemaren baitan. Nahi eta nahi ez, eskutik doaz. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanaren testuinguruko topaketa kolektibo batean, zera jaso zen:

 

      “Badugu akats bat baserritarrok, urteetan eman den herentzia, eta nik askotan kontra egin dudana. Gure parajean feria bat egiten zen. Urte batean aurrekontua erdira jaitsi zen, eta diru hori argia, musika eta abar ordaintzeko gastatzen zenez, ez zen baserritarrei ordaintzeko iristen. Orduan, erabaki zuten proposatzea zergatik ez ginen baserritarrak debalde joango. Eta esan nien ‘Bueno, alderantziz egingo dugu: lehenengo urtean argia debalde, eta hurrengoan gu joango gara debalde’. ‘Ez, ez, hori ezin da’. ‘A’. Orduan ez zen egin, baserritarrek joateari uko egin geniolako. Badirudi gure lana beti debalde egin behar dela guretzako delako ona: guretzako propaganda, guretzako…”.

 

      Eta horrekin lotuta, zer gertatzen da ikusgarritasunaren izenean emakumeei han eta hemen eta toki guztietan egoteko eskatzen zaienean? Ordezkaritzaren konpromisoa erabakigune batean egotetik harago jardunaldi, hitzaldi, ikastaro, iragarki eta abarretan egon behar izatera zabaltzen denean?

 

      “Oraindik bagaude gazte ero batzuk, eta sektorean sartzeko hautua egiten dugu. Emakumeen egunaren harira, hitzaldi bat emateko deitu zidaten, eta esan nuen ‘Ados, hitzaldia emango dut baina gutxienez kilometrajea ordaindu’. ‘A, ez, ez daukagu dirurik’. Ederki. Zure soldata justifikatzeko ekimen bat dago, ni gratis noa, eta hainbeste behar duzue emakume baserritar bat, baina emakume baserritarrak esaten badu kilometrajea ordaintzeko…

      Ordutik inork ez dit deitu. Ez al nintzen ba hain beharrezkoa? Ahoa betetzen zaizue esanez antolatuko dugula ekimen bat baserritarren lana baloratzeko, baina baserritar horri kilometrajea ez diozue nahi ordaindu. Hori bai, antolatzen diren ekitaldi handietara telebistan-eta azaltzen direnak ekartzeko ez dago arazorik, baina bertako baserritarrari kilometrajea ordaintzeko bai. Baina ekimen horiek dira gure lehenengo sektoreko lana baloratzeko, ez? Eta zu zara lehenengoa gutxiesten ari zarena”.

 

      Emakume asko neka-neka eginda daude beraien egoera eta sektorearena ulertu gabe de cara a la galería egiten diren ekimenez. Eta, batez ere, sektore batean lan egiten duten pertsona profesional gisa tratatu beharrean erakusgai den izaki exotiko bezala aurkezten direnean, bereziki emakume nekazarien ikusgarritasunaren izenean sortzen diren jardueretan.

 

      “Orain modeloak eta denetik izan behar dugu gainera, baina ezer kobratu gabe, e?, musu-truk. Denbora eta dirua sobera ditugunez…”.

 

      “Azkenean, ahanzturatik moda batera igaro gara. Horrek ematen dit amorrua. Azkenean zu bertan egotea nahi dute baina ez hala izan behar dela sentitzen dutelako, beharrezkoa ikusten dutelako zu egotea, zure ekarpen eta iritziak intereseko dituztelako… Azkenean, nire kasuan, ‘Bai, noski, egon egin behar da dauden emakume nekazari gazte gutxietako bat delako. Deitu egin behar zaio, egon egin behar du’. Ni ez naiz argazki bat emakumea izateagatik”.

 

      Paradoxikoki, gizonezkoei exijitzen ez zaizkienak exijitzen zaizkie emakume horiei, beren aitortza eta aintzatespena xede. Eta hori da arreta jarri eta gauzak bestela egin ezean jarraitu den dinamika. Horrek esan nahi al du ezin direla emakumeak deituak izan elkarrizketa, jardunaldi, argazki-saioetarako? Inondik inora. Kontua da nondik egiten den deialdi hori. Zein baldintzatan. Zein helbururekin. Emakumeengandik beraiengandik jaiotako proposamenek beti izango dute egokiak izateko aukera gehiago[37]; bestela, gutxienez, kanpotik datorren proposamena baldin bada, elkarlanean izan dadila. Erabakimena duten subjektuak dira, agentzia gaitasuna dutenak. Ezin da ustez lagundu nahi den kolektibo horren gainetik eraiki ustez beraien neurrikoa izango den ezer. Ezinezkoa da. Mugimendua behar da, elkarrekintzakoa, saretzekoa. Bi dimentsiotik harago, argazkitik harago, espazioak eta denborak bete behar dira, gorpuztu, okupatu.

      Pozgarriak dira sektorean bide egiten hasi diren planteamendu berriak. Bideragarritasun ekonomiko ahalguztidun eta eztabaidaezinari, praktikan ezinbestekoak diren beste bideragarritasun batzuk gehitzen zaizkio feminismoaren aldarriak iragazi ahala. Participación política de las mujeres campesinas en el Estado español dokumentuan zera jasotzen da: orokorrean, emakume ekoizleek berehala lotzen dute bideragarritasuna lan produktiboarekin eta esparru ekonomikoarekin; hala ere, hainbat faktore direla medio, egiaz ekoizpenaren bideragarritasuna oso lotuta dago zereginen sexu-banaketaren ondorioz garatu behar duten lan erreproduktiboarekin. Emakumeetako batzuek diotenez, kontzientzia horrek begirada zabaltzen du haien bizitzaren bideragarritasunera, autozainketarako, atsedenerako eta hainbat espaziotan parte hartzeko denbora edukitzera (Alvarez & Benlloch, 2020:104). Ikerlan berean jasotzen da baita ere talde gazteentzat, eta kasu horretan neolandatarrentzat, proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa ez ezik, haren bizi-bideragarritasuna ere garrantzitsua dela, jasangarritasunaren funtsezko zatitzat hartzen baita, eta ez bereizitzat. Ikuspegi horretatik, mahai gainean jartzen dira harreman- edo autozaintza-praktikak, bideragarritasun-faktore giltzarri gisa, eta ez soilik aparteko elementu gisa (Alvarez & Benlloch, 2020:47-48). Planteamendu berri horiek eragina izan dezakete emakume nekazarien parte hartzean? Baiezkoan nago. Halakoak irakurtzeak hozkirria sor diezaioke bati baino gehiagori baina hori ona da, hori ere mugimendua da.

Aliantzak behar-beharrezkoak direla jaso da azpiatalaren hasieran eta hala da, batzea biderkatzea baita. Eta aliatuak askotarikoak izan daitezke. Diziplina eta espazio ezberdinetara nekazaritza eremuaren eta emakume nekazarien kontuak dakartzatenak, adibidez, “Aizue, hauek ere badira” diotenak. Begiratuko al dugu betikoak ez diren tokietara? Ezen liburu honen lehen atalean eskaini dira pista batzuk gure betaurrekoei leiar zuzentzaileak ezarri ahal izateko. Halako ekimenen artean koka daitezke, esaterako, azken urteetan Martxoaren 8 bakoitzean landa-eremuko emakumeen aldarriak jasotzen dituen manifestu bat izatea. Maria Sanchez eta Lucia Lopez albaitariek 2019an ekin zioten lehenengoz Martxoaren 8an landa-eremuko emakumeen errealitateak ere tokia izan dezan Por un feminismo de hermanas de tierra manifestua sortzeari. Ekimenak oihartzun handiagoa du urtetik urtera, eta 2022korako Pilar Serrano artista ere batu zaie. Sare sozialen bitartez luzatzen dute ekarpenak egiteko deialdia. Bildutakoei forma eman, eta Espainiar estatuko hizkuntza guztietara itzultzen da gero, hizkuntza hegemonikoa ez dadin izan emakumeen mezu horren bitarteko bakar. Landa-eremuko emakumeen aterki horretan, nekazaritza-lurrina ez da inoiz falta. Emakume horiek badira eta badaude, eta tokia hartzen dute, hezur haragizko bilakatu.

      Maria Sanchezek Tierra de mujeres liburuan dio txorakeria dirudiela, baina sare sozialak tresna ezin hobeak direla landa-ingurunearen eta bertan lan egiten duten emakumeen benetako aurpegia ezagutarazteko; berak asko azpimarratzen duela hori, landan lan egiten dutenek hitz egin eta hari buruzko gauzak konta ditzaketelako, hainbestetan ukatu zaien bozgorailu eta plataforma hori izan dezaketelako (Sanchez, 2019:75-76). Nik ere bat egiten dut planteamendu horrekin. Sareek ematen dute aukera lehen eskutik aditzeko beste bizimodu batzuen egunerokoa, jarduna, trabak eta beharrak; bat-batean, emakume nekazarien elkarteek badute plaza bat, bitarteko horiekin konpontzeko gai diren banako emakume nekazariek duten bezala, ditxosozko algoritmoek lagundu ez arren ere, beste inoren/ezeren beharrik gabe beraien mezua zabaltzeko. Zentzu horretan, eskertzekoa da adibidez Josebe Blanco artzainak egiten duen emankizuna, Twitterreko @hausnarrean kontuaren bitartez. Leihoak irekitzea da kontua, haizea sartzea, berriz ere, mugimendua sortzeko.

      Aire berrien adierazgarri ere bada nekazari-mundua sorkuntzarako eta hausnarketarako intereseko elementu gisa kontsideratzea belaunaldi berriek. Oso minoritarioa izan da eduki duen presentzia, baditugun arren oihartzun handia izan duten piezak, batez ere ikus-entzunezkoak. Lan horiek, ordea, sortzaileen helduaroko hausnarketetatik etorri izan dira sarri, ezagutu denaren galerak edo galbideak sortutakoengatik. Alabaina, 2019an Miren Amurizaren Basa eleberriak ikusi zuen argia, adineko emakume nekazari baten azaletik ezarritakoak eta esperotakoak astintzen dituen lana, Altzerreka baserrian kokatua; eta 2020an Jon Ander Urrestiren Tribiz. Baserri galdua antzezlan dokumentala estreinatu zen. Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten dela dio, eta erabilera galtzen ari den ondarearekin zer egin galdetzen du. Amurizak ez du emakume nekazaria erromantizatzen; Urrestik ez du baserri-bizimodua idealizatzen. Ez dira lan estatikoak. Biek ala biek hausnarketari ematen diote bide, eta gure egungo tokitik planteatzen digute talka edo trantsizioa. Ez dute erantzunik eskaintzen, historia zatiak eta gaurkotasuna errebisatzeko parada baizik. Ez zituzten 30 urte lanok sortu zituztenean. Maria Sanchezek ere 28 urterekin argitaratu zuen Cuaderno de campo bere lehen poema-liburua, eta 30ak bete orduko Tierra de mujeres, bere biografia zatiak josiz landa-eremura begiratzeko modua irauliko zuena, askok sentitu dugunari hitzak jarri zizkiona, eta kontatutakoak ezagun ez dituzten horiei beste kode batzuk ulertzeko bide emango ziena.

      Entzungor egitearen eta aldare aratzaren artean badago tarterik; errealitatearen konplexutasun aberatsak ertz ugari ditu, eta iruditeria orokor hertsia malgutzera datorren estimulu oro da ongi etorria.

 

 

[37] Argazkiekin lotuta, burura datorkit Etxaldeko Emakumeak taldeak 2019an gauzatutako egutegia, non emakumeek beraiek historiako irudi/argazki/artelan ikonikoak antzeztu zituzten beraien esaldi eta aipuak gehituz, agro-arte deitu zioten pieza ederrak osatuz. Kontsultatzeko: https://labur.eus/EtxaldekoEmakumeakEgutegia2019