Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiño
 
 

 

2.
Itzal azpian

 

Izena ez ezik, argia ere behar al dugu existitzeko?

Maria Sanchez

 

      Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza.

      Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema. Liburu honetan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzea da asmoa: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela[17]; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan.

      Euskal demokrazia patriarkala liburuak itzalei argi egiteko gako asko eskaintzen ditu, inondik ere. Ongizate Estatuak kapitalismo zehatz baten egitura politikoa direla dio, eta Europako mendebaldeko ongizate erregimen motak aztertzen ditu labur, merkantilizazio eta familiarizazio mailen arabera, horiekiko definituz erregimen bakoitzaren demokraziaren kalitatea. Hasierako hipotesiak baieztatu eta Hego Euskal Herriak erregimen mediterraneoa duela azaltzen da, Espainiar estatuak duen berbera. Erregimen kontserbadore eta mediterraneoek liberalenak baino merkantilizazio zertxobait txikiagoa eta familiarizazio handiagoa dute, hau da: hierarkia tradizionalak mantentzearen aldekoak dira, estatua ez da erregimen liberaletan bezain txikia, eta korporatibismoaren logika jarraitu izan ohi dute, liberaletan ez bezala. Herrialde kontserbadoreak/korporatibistak eta mediterraneoak katolikoak (katolikoagoak) izan ohi dira, liberalak eta iparraldekoak baino komunitarioagoak (onerako eta txarrerako) eta, egitura politikoei dagokionez, sexistagoak, emakumeek egiten duten lan ez-ordaindua askoz handiagoa baita beste bi erregimenetan baino (Goikoetxea et al., 2020:11).

      Hori izanik joko zelaia, Rodriguezek (2021) jasotzen du ezerk landa-ingurunearen gizarte-egitura ezaugarritzen badu familiaren nonahikotasuna litzatekeela hori, honakoen unitate gisa: produkzioa eta kontsumoa, elkarbizitza, elkarren arteko laguntza eta sozializazioa. Egile horri jarraiki, nekazaritzako familia-ustiategiak funtsezko unitate horren adibide (izan) dira bai ekoizpen- eta erreprodukzio-espazioetan, lan- eta familia-harremanetan, familia-rolen eta -hierarkien arteko identitatean eta lan-antolamenduaren egituran. Familiak tarte txikia utzi izan dio bere kideen indibidualismo ekonomikoari. Eta jokabide pertsonalei buruz, batez ere emakumeenez, arlo publikoaren/komunaren eta pribatuaren/pertsonalaren arteko banaketa argirik ez egotea dago gazteei hain kontrako eztarriko suertatzen zaien “kontrol sozial” horren oinarrian. Zer esanik ez egitura horretan gizon edo emakumeen artean egon den aldea. Ezin egokiago erabiltzen ditu Maria Sanchezek Agustina Bessa-Luisen hitzak ezberdintasun hori adierazteko: emakume horiek seme bakarren arrebak izan dira.

 

      “Seme bakar baten arreba naiz”, esan zuen behin Agustina Bessa-Luis idazle portugaldarrak bere haurtzaroaz. Eta ezin da zehatzagoa izan, eta, aldi berean, hain mingarria. Honelakoa da gure herriaren eta beste hainbaten historia: emakumeak etxeko astroaren inguruan orbitatzen, isilik egon eta egiten uzten zutenak; leialak, pazienteak, ama onak, hilobiak garbitzen eta eskuak karez betetzen urtero, erremedio, zeremonia eta sehaska-kanten jakitun; sorginak, maistrak, ahizpak, beraien artean baxu hitz egiten, aterpe eta jaki bihurtuta; urteak joan eta urteak etorri, etxeko gela bat gehiago bilakatzen, etxeari datxekion arteria (Sanchez, 2018).

 

      Aspektu honek eragin zuzena du emakume nekazariez hitz egiten ari garen honetan beraien aienatzearekin, zentzu guztietan. Aspaldiko kontuetan argi ikus dezakegun gauza bat da, baina ustiategi familiarretan egunez egun diharduten emakumeengan oraindik eragiten duen kontu bat dago: lanen izaeren eta espazioen genero banaketa, eta emakumeei dagozkienen likidotasuna. 1989an Vicente-Mazariegosek jaso zuen etxeko lanen izaera eta irismena, ikusezina dena, dibertsifikatu eta zabaldu egiten direla familia-erabilerako ondasunen ekoizpenera bideratutako etxe-ustiategietan, sakabanatutako habitata nagusi den lekuetan, eta etxe-familiaren eta ustiategiaren arteko integrazio espazial horren garrantziak berebiziko ondorioak zituela emakume nekazarien errealitatean (1989:212). Muñizen hitzak hartuta, emakumeen zailtasunetako bat ustiategian bertan egindako lanaren, etxeko lanaren eta landa-lan jakin batzuen arteko banalerroa egitea da, emakume nekazariak familia-esplotazioan egiten duen lana bi aldiz ikusezina delako, etxeko lanak ez ezik, kontabilizatzeko zailak diren ustiategiko ekoizpen-lanen zati handi bat ere hartzen duelako (2002:5).

      Ikusezintasun horretan sakonduz, gezurra dirudien arren, sektoreko zenbait dokumentu ofizial harrigarriki koherenteak suertatzen dira. Participación política de las mujeres campesinas en el Estado español ikerlanean aztertu zuten non eta nola aipatzen ziren emakumeak sektoreko hainbat dokumentu ofizial garrantzitsutan. Egun indarrean dagoen Nekazaritza Politika Bateratuan, adibidez, “emakume” hitza ez da behin ere agertzen. Behin ere ez. Zero. Eta Espainian indarrean dauden Landa Garapen Programak[18] aztertuta ikusi zen dokumentu batzuetan emakumeen lan erreproduktiboa adierazi zela, baina ez emantzipatzailetzat jo zitekeen ikuspuntu batetik. “Horietako askotan, esaten da emakumeak funtsezkoak direla ‘landa-ingurunean biztanleria finkatzeko’, haurrak izateko duten potentzialari zeharkako aipamena eginez. Kasu batzuetan, Kataluniakoan adibidez, positiboki baloratzen da lanaldi erdiko lanak dituzten emakumeen kopuruaren igoera, kontsideratzen baitute etxeko lanekin bateragarri egiteko aukera ematen dietela” (Alvarez & Benlloch, 2020:24). Bi kasu horiek bat datoz emakumeek errealitatean topatzen dutenarekin, eta ez, aldiz, instituzioek beraien marketin kanpaina eta mezuetan ustez sustatu eta faboratzen dutela esaten duten horrekin. Diskurtsoaren eta praktikaren arteko aldean, makineria instituzionalak bigarrena iraunarazten du, sortzen duen disonantzia kognitiboa gorabehera.

 

 

[17] lisipe bilduma honetan jaso dira, esaterako, borroka armatua eta kartzela (Rodriguez eta Etxebarrieta, 2016), bertsolaritza (Alberdi, 2019), literatura (Rodriguez, 2019) eta parte hartze soziopolitiko (Sagastizabal, 2020) arloen analisiak; eta Euskal demokrazia patriarkala liburuak (Goikoetxea et al., 2020) jaso ditu alderdi, sindikatu, komunikabide eta herri mugimenduetakoak.

[18] “Landa Garapeneko Programek (lgp) npbren neurriak autonomia-erkidegoen eremura egokitzea dakarte. Programa horietan, honakoak barne hartzen dituzten ekintzei finantzaketa ematen zaie: gazteak sektorean sartzeko planetatik hasi eta nekazaritza-ustiategietan prestatzeko edo berritzeko laguntzetaraino. Garrantzitsua da azpimarratzea landa-ingurunerako planak direla, ez bakarrik nekazaritza-sektorerako; beraz, parte hartzeak eta jarduerek askotariko eragileak hartzen dituzte” (Alvarez & Benlloch, 2020:23).