Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

PARTE HARTZEA, ADINA ETA GENEROA

 

      Parte hartzea ez dago bere gorenean, ados, baina gainera parte hartu nahi duen horren adinaren eta generoaren arabera, panorama zaildu egiten da. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean ertz malguak eta ideia argi bi aurkitu ziren gai horren bueltan: batetik, elkarrizketatutako emakume gehienen ustez parte hartzean eragina duten bi faktore dira adina eta generoa; bestetik, adina eta generoa elementu baldintzatzaile bezala elkarrengandik banatzen dituen mintza iragazkorra da. Banaka elkarrizketatutako emakumeen % 57k erantzun zuen ikusten zuela harremana parte hartze espazioak eratzen zituztenen adinaren eta genero ikuspegiaren artean.

 

      “Bai, bai, bai, nik uste dut baietz. Nik gazte talde bat ezagutzen dut, ni beraiek bezala tratatzen nautena, ni eta beste emakume batzuk, baina nik nire ikuspuntua ematen dizut. Ni berdin tratatzen naute, eta entzuten eta baloratzen naute. Aldiz, egon nintzen batzordean, adibidez, zaharragoak ziren. Badiotsut, ez dakit emakumea edo gaztea nintzelako, baina ez zuten kontuan hartzen nik esaten nuena. Entzuten zizuten entzun behar zizutelako, baina… Aldiz, gazte hauen artean galdetu egiten dizute, ea zer iritzi duzun galdetzen dizute. Nire ustez, adinak badu zerikusia”.

 

      Emakume batzuen ustez badu eragina, baina…

 

      “Adinekoen imajinario horretan, ‘lehen’ nola egiten zen horretan, emakumeek ez zuten presentzia askorik, ez. Atzetik datozenenean suposatzen dut normalagoa izan beharko litzatekeela, baina ez dakit zer puntutara arte den egia esaten den guztia, edo ondoren badakigun bakoitzak gure etxean ze errealitate ditugun”.

 

      Batzuek jarraitasun bat ikusten dute aurrekoekiko, eta oso itxiak diren gazteak ere badaudela diote. Emakumeen erantzunen arabera, (gizonezko) adinekoenen artean behin eta berriz errepikatzen den mantra bat aukeratu behar izatekotan “Honek lehen bezala jarraitu behar du” litzateke. Bigarren postuan legoke beste esaldi hau: “Zer erakutsiko didazu zuk niri [gazte, emakume]?”. Gazteei tokia egitea beharrezkoa dela kontsideratzen dute elkarrizketatutako emakume askok:

 

      “Asko dugu ikasteko. Gazteak hobe datoz, 40tik gorakoek aurreiritzi gehiago ditugu. Hoberantz doa [egoera] baina lekua utzi behar zaie. Ze dugunean dirua, kotxea, dena antolatuta, eta joaten garenean bilera horietara eta hitz egiten dugunean dena jakingo bagenu bezala, gazteak hortxe daude, kristoren esfortzua egiten hor egoteko, oraindik beraien negoziorik gabe, lurrak ez dakizkitela nola erosi… Ikuspuntua daukate irekiagoa, parte-hartzaileagoa, baina utzi behar zaie beraien modura egiten, eta hori asko kostatzen zaigu”.

 

      “Nagusiak hor daude, azkenean urte asko daramatzatelako eta estatus bat dutelako: ‘Besaulkia hartu dut eta hemendik ez naiz mugituko’. Ni, adibidez, sartzen azkenetakoa izan naiz bai elkarte batean, bai bestean, eta kosta egiten da bidea irekitzea. Eta hor berdin da gaztea gizona edo emakumea izan, izaera pixka bat ez baduzu behintzat. Nik ikusten ditut elkartean sartu diren gazteak nola dabiltzan. Azken batzorde-berriztatzean kide berriak gazteak izateko egin zen lan, eta karguak gazteekin berritu ziren. Baina bileretara doazenean isilik geratzen dira, orduan landu egin behar da hori, eta hala egin genuen. Gai bat jorratzean, sartu berriei beraien iritziagatik galdetzen genien, espazio hori guk sortzen genuen”.

 

      Aldiz, parte hartzeko orduan gazteek duten abantaila bezala identifikatu da hauek inongo zorrik ez izatea.

 

      “Jakina, azkenean jendea dago hautagaitzetan lagunak dituztenak politikan, eta horrek eragin handia du. Gauza horiek ez ditugu gazteok. Gazteok, azkenean, ez gaude hain sartuta herrietako udaletan, ez dugu lagunik Aldundian… Ez gaude esan dezakegunari edo ezin dezakegunari begira, ez diogu inori ezer zor. Erretiro eta errenta onak imajinatu ere ez ditugu egiten, imajinatu ere ez! Zentzu horretan tolesgabeak gara, egiaz egoera nola dagoen esango dugulako, gauzak ondo eginda nahi ditugulako, prezio justuetan… Orduan guk ez daukagu adineko jendeak daukan beldur hori. Ez dugu motxilarik”.

 

      Adina ekuaziotik aterata, elkarrizketatutako emakumeen artean parte hartzearen eta generoaren arteko harreman argia ikusi duenik ere izan da. Honela ikusten ditu emakume honek beraien gogoz, gizonekiko aukera berdintasunean, parte hartzen duten emakumeen ekarpenak:

 

      “Beraien gogoz erabakitzen dutenean maila berean parte hartzea gizon eta emakume batek, emakumeen aldetik beste freskura bat, beste aportazio batzuk sumatzen ditut. Agian urteetan gordeta izan dugun hori ondorengoen bitartez ateratzen dabilelako izango da”.

 

      Dena den, sartzen dena emakumea bada, lehenengo bere balioa erakutsi behar du, eta gero gerokoak:

 

      “Emakumea izateagatik, zuzendaritza batzordera nindoanean askoz gehiago prestatzen nituen gaiak joaten ziren gizonek baino. Dokumentazioa irakurri ere ez zuten egiten; asko arratsaldea pasatzera joaten dira hara, edo dieta kobratzera. Nik lan asko egiten nuen, eta komisiora joaten nintzenean gai ordenako azken puntua, eskari eta galderena, ‘nire momentu’ bezala ezagutzen zen. Orduan landutakoa mahaigaineratzen nuen. Eta noski, hori egiten duzunean, gehiago hartzen zaituzte kontuan”.