Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

BOTANIKA ETA DEKORAZIOA

 

      Aurreko puntuan aipatu den erabakiguneetako jarreraren kontuak gai garrantzitsu bati irekitzen dio bidea. Behin eta berriz jaso den puntua da ez dela neurri bera erabiltzen batzuek eta besteek egindakoak interpretatzeko orduan. Eta parte hartzeko espazioetako jarrera berbagai badugu, derrigorrezkoa da lehenagotik ere ematen zen baina ene indarrean jartzearekin indartu eta emakumeak sistematikoki inguratzen dituen lanbro-hitz likatsua mahaigaineratzea: loreontzia. Pertsona horiek bertaratu egiten dira, baina ez dute erabakietan parte hartzen, ez dute beraien iritzia adierazten, ez dute ardurarik hartzen beraien gain.

      Orain arte azaldutakoekin, argi dago erabakiguneetan egoteko apustua egin duten emakumeen profila ez dela orokorrean hori izan, zeharkatu beharreko trabengatik, salbuespenak egongo ziren arren. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanaren baitan antolatutako talde lan-saioetako batean toki berezia hartu zuen gai horrek. Bertaratutako zenbait emakumek argi utzi zuten fenomeno hori emakume zein gizonentzat dela aplikagarria, eta, areago, askoz gizon gehiago daudela horrela jarduten dutenak emakumeak baino. Emakumeekiko loreontzi etiketa barra-barra erabiltzen da erabakiguneen esferetan, antza. Askotan, emakume izateagatik hori da abiapuntua. Ez dira hutsetik abiatzen, beste edonoren maila beretik: loreontzia dela suposatzen da, eta estigma hori gainetik kentzeko gizon batek baino gehiago frogatu behar dute. eneren eraginez emakumeak erabakiguneetan sartzearen beharra heldu denean, elkarrizketatutako emakumeek diotenez, ustez loreontziak diren emakumeak bilatu dituzte elkarte askotan: denari bai esango diotenak, eragozpenik jarriko ez dutenak, isilik egongo direnak…

 

      a: Duela bi urte apetaz jarri zuten emakume bat, eta boto izugarri pila atera zituen, denak, ez zuelako ezer esango.

      b: Noski, loreontzia, beraiek nahi zutena.

 

      “Nik entzun ditut esaten ‘hori jarriko dugu, zeren ez baitu ezer esango’. Lotsagabe halakoak”.

 

      Gune horretan parte hartzeko borondatea duen emakumearentzat oso bortitza suerta daiteke harrera hori. Badira emakume batzuk hasierako oztopo hori ez dutenak gainditzen: loreontzi etiketa bera bilakatzen da debaldeko tupustarria, geldiarazten dituena. Jarraian datorren testigantza eman zuen emakumeak buelta eman ahal izan zion, baina bere parte hartze esperientzia guztiko unerik mingarrienetarikotzat du.

 

      “Asko mindu ninduen gauzetako bat izan zen niri loreontzi deitzea, aurpegira: ‘Hor dator ezarri diguten loreontzia’. Min gehien eman didan gauzetako bat da. Egun hartan etxera kasketaldi eta nahigabe itzela eraman nituen, eta esan nuen: ‘Batzorde guztietatik irtengo naiz!’, birao hutsean. Eta etxean esan zidaten ‘Baina zergatik egin dizu hainbeste min?’. Oso gaizki sentitu nintzelako, oso gaizki hartu nuen hori entzutea. Badakit azkenean hori zela errealitatea, beraiek loreontzi bezala jarri nindutela, baina hain aurpegira esatea, gorritu ere egin gabe…”.

 

      Batzorde askotan daude aktiboak ez diren profilak, aulkia berotzera doazenak…

 

      “Badaude lanik egiten ez duten batzordeak ere. Izan zaitezke lehendakari edo batzordekide lanik egin gabe, kontuz. Jende asko egoten da batzordeetan lanik egin gabe, gauzak diren bezala. Poste gehiago daude lana egiten dutenak baino”.

 

      Etiketa hori, ordea, ez da gizonen kasuan ematen.

 

      a: Hori ez da inoiz gertatzen loreontzia gizona denean, gizon loreontzi asko baitago, e?

      denak: Asko! Emakumeak baino askoz gehiago.

      b: Gizonak loreontziak ez, tiestoak dira!

 

      Eta dirulaguntzen truke bertan amaituagatik, talde lan-saioan bildutako emakume askok errepikatu zuten ideia bera: emakumeak beraien parte hartzea kontuan ez hartzeko jarri dituzten kasuetan, emakume horiek parte hartze eskubidea ezin badute baliatu jartzen dizkieten trabengatik, handik joatea zilegi da, nahikoa lan dute eta. Kasu horietan, horren ondorioz elkarteak dirulaguntzarik gabe gelditzen badira ez da emakumeen errua: batzordeek berrikus ditzatela arrazoiak.

 

      “Emakumeak adorea jarri behar dio, eta dirulaguntzagatik jarri banauzue, orain ni ere honen parte naiz. Eta bestela, ez nator gehiago”.

 

      Garrantzitsua da emakumeek bizipen horiek elkarrekin partekatu eta halako jarrerak hartzerakoan elkarren babesa izatea. Ikustea badirela gehiago beraien egoera berean, beraien hautu bera hartzen dutenak. Topaketetan azaleratu zelako askok sentitzen duten presioa, hor egoteko derrigortasuna eta, batzuetan, xantaia emozionala, beraien presentziarik ezean elkarteak laguntzak jasotzeari utziko diolako. Berriz gurutzatzen dira aldatu ez diren egiturak, kupoak eta emakumeen gorputzak.

 

      “Zenbakietara mugatzea, hainbeste izan behar du eta puntu, atzeko lanketa gabe… azkenean ni jarri nintzen bezala edo organo batean jartzen zaituzten bezala, hori oso gogorra da, eta horrek frustrazioa besterik ez du sortzen”.