2.2.
TITULARTASUNA BAZKIDETZAKO ATEA.
BAZKIDETZA, ORDEZKARITZAKO GILTZA
Zenbat emakume bazkide daude sektoreko elkarteetan? Asko, gutxi? Zein harreman dago elkartean dauden emakume kopuruaren eta batzordeetan dauden emakume kopuruaren ehunekoen artean? Proportzionala al da? Ez bada hala, norantz okertzen da balantza?
Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean jasotzen den bezala, gezurra dirudien arren, paradoxa latz hau ematen da egun, honako sekuentzia honetan adierazten dena:
1. Ordezkaritza titulartasunarekin lotuta dago kasu gehienetan, ez ustiategiarekin (baserria, etxaldea). Hau da, ustiategiko titularra da elkarte bateko kide izan daitekeena; eta, kide denez gero, bertako bilera orokorretara joan, bozkatu, batzorderako hautagai izan edota batzordekide bihurtu.
2. Datu ofizialak eskutan, emakume titularrak daude. Titulartasunak eta titularkidetzak beraiekin dakartzaten eskubideen aitortza sektoreko emakumeen aldarri historiko garrantzitsua izan da.
3. Hala ere, titular diren emakumeetatik zenbaitek (itxuraz, ehuneko esanguratsu bat) ez dituzte ustiategiko lanen ardurak beraien gain, ez da beraien lanbide nagusia, eta bada sektorearekin inongo harremanik ez duenik ere.
4. 1 puntura itzuliz gero, ordezkaritza titulartasunarekin lotuta dago. Alabaina, praktikan ez da hala izaten.
5. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, emakume nekazariak ez diren eta bestelako arrazoiengatik ustiategietako titular diren emakumeak ez dira erabakiak hartzeko espazioetara joaten: ez bazkideen bileretara, eta are gutxiago hautagaitza bat eratu eta batzordeetara. Inguruko gizonen bat joaten da emakume titular horren ordez (aita, senarra, neba, semea…).
6. Eta sektorean diharduten emakume nekazarientzat ere, oro har, titular izan arren ez da kontu erraza: denbora falta, genero rolak, kanpo eta barne oztopoak… Ez dira gutxi beren ordez gizon/seme/aita/neba joaten direneko kasuak; eta, iraganean are gehiago baina egun ere gertatzen da, espazio horietara bertaratzea erabakitzen duten emakumeek bidesari pertsonala ordaindu behar izaten dutela sarritan.
Hemen jasotakoa egungo egoera ulertzeko hurreratze bat izan daiteke. Baina, orain arte aurkeztutakoa kontuan hartuta, zeintzuk dira honen guztiaren berehalako ondorioak?
Hasteko, historikoki sektoreko emakumeen aldarrikapena izan dena, ustiategietan lan egiten zuten emakumeak horien titular edo titularkide izatea horrekin zegozkien eskubide sozial eta ekonomikoak berenganatzeko, adierazle arriskutsu bat bilakatu da. Ordezkatuak eta ikusgarriak dokumenturako elkarrizketatu nituen emakume adinekoenek gogoan dute administraziotik beraien ustiategia, labore motak, bertan lanean zebiltzanen kopuru eta profilak (ustiategi-burua, langilea, familia laguntza…) zehaztu eta jarduna erregulatzea eskatu zitzaienekoa. Etxeko emakumeen lana itzalean gelditu izan da, gizonek adina lan, edo gehiago, eginagatik ere, hauek izan direlako ustiategietako buru eta titular administrazioaren begietara.
“Emakumeak beti egon izan dira ustiategietan. Kontua da: nor zen altan ematen zena? Gizona. Baina emakumeak, nire inguruan behintzat, beti joan izan dira uzta biltzera edo beti joan izan dira ereitera… Eta abeltzaintzan emakume asko zeuden, baina ez zeuden alta emanda, eta haiek beste ez zekien inork”.
Genero rolak definitu eta horiek iraunarazteko eginahalak egin zituen frankismoak, eta emakume nekazarien kasuan, landa-eremuetan bizi zen biztanleria oro har eta arrazoi ezberdinengatik tradizionala izaki, egundoko kortsea izan zen. Ez ziren samurragoak sasoiko eta ondoz ondoko urteetako administrazioek jarritako trabak, emakumeek jardueran alta eman nahi zutenean. Parean suertatutako teknikariak egundoko boterea zuen orduan, ez zegoen inongo harmonizaziorik, eta bulego bakoitza mundu bat zen. Zer esanik ez eskualde ezberdinetako edota probintzia ezberdinetako bulegoen artean egon zitekeen aldea.
“Arazoak izan nituen nekazaritzako erregimen berezian alta emateko. Niri hiru urtez ukatu zidaten alta ematea nekazaritza ataleko Gizarte Segurantzan, legeak oso zaharrak baitziren, Francoren garaikoak, eta esaten zuten nire senarrak irabazten zuenarekin nahikoa zela familia-unitateari eusteko. Eta nik ez nuen laguntzarik eskatu, baina gogoan dut emakume batek laguntza-plana eskatu zuela eta esan ziotela: ‘Emakume batek gizonik gabe ezin du-eta… Gero umeak izatea pentsatuko duzu, noski. Orain laguntzak jaso, eta gero seme-alabak izatea eta baja hartzea pentsatuko duzu, ezta?’”.
Esan daiteke, sektorea eratzen zutenen argazkiaren desitxuraketa ildo horretatik joan dela urte luzez, emakumeen lanen ikusezintasunean oinarrituta, maila guztietako estamentuek lagundu dutelarik hori hala izan zedin, goitik zein behetik. Hala ere, azken hamarkadetan egon izan dira kasuak non emakumeak ustiategiko titular izendatuak eta nekazaritza ataleko Gizarte Segurantzan alta emanak izan diren nahiz eta beraien lanbidea ez izan, eta etxetik kanpo lan egiten zuten senar edo semeek (kasu askotan, gizonek) gauzatzen zuten jarduna. Oro har, planteamendu horren arrazoi nagusia izaten zen emakumeak etorkizunean erretiroa kobratu ahal izatea. Kasu horretan, familia erabakia zen emakumearen kotizazioa ordaintzea biharko egunean hark ere diru-sarrera bat izan zezan.
Alabaina, gaur egungo egoera ez da egundo lehenago existitu. Itxuraz, emakumeek etorkizunean erretiroa kobratzeko aukerari gehitu behar zaizkio azken hamarkadetako dirulaguntzen esleipen sistema, fiskalitatean emandako aldaketak… emakumeak itzaletatik atera eta ustiategien arduradun gisa azaltzeko. Zer gertatzen da hor? Neurri horiek ekarri izango dutela agian egiaz emakume nekazaria den norbait titular edo titularkide bilakatzea, altan ematea… baina lehenago ez zegoen beste perbertsio bati ere eman dio bide: onurengatik ustiategia emakumearen izenean jartzea, atzetik emakume horren benetako lana egon ez arren. Hau da, erakundeetatik luzatutako planteamenduak ez dira nahi/espero moduan lurreratzen praktikan, berriz ere, denak funtzionatzeko harmonizazio bat egon behar delako eta ez dagoelako, gauza bat esan eta beste batzuk egitea ahalbidetzen delako.
“Nik uste dut hor badagoela… Uste dut emakume asko daudela zelanbaiteko onurengatik. Ez dakit nola esan. Badakit emakume asko daudela nekazaritzako ataleko Gizarte Segurantza ordaintzen, baina ez dute inoiz traktorerik hartu edo ez dakite non dauden partzelak; edo agian dirulaguntza baten eskaerari begira emakume bat jarrita puntu gehiago lortzeagatik izan daiteke; edo onura fiskalen batengatik; edo senarra erretiratuta dagoelako eta npb kobratzen jarraitzeko… Baina egiaz, adibidez, gure inguruan nik dakidala traktorea hartzen duten emakumeak nire ahizpa, nire herriko beste bat eta ni gara[23]. Eta badakit elkartean emakume bazkide asko daudela”.
Zer dugu, hortaz? Desitxuraketa bikoitza: batetik, lanean dauden eta ez aitorpenik ezta eskubiderik ez duten emakumeak daude, inongo izendapen eta estatistiketatik kanpo gelditzen direnak; eta, bestetik, ustiategietan lan egiten ez duten eta izan beharko luketen emakumeek ez duten aitorpen eta eskubideak dituzten emakumeak, izendatuak izan daitezkeenak, eta estatistikak loditzen dituztenak. Horrekin lotuta, Alvarez eta Benllochen ikerlanak (2020) jasotzen du elkarrizketatutako nekazaritza-erakundeetako zenbait teknikari kritiko agertzen direla sarri emakume horiekin egiten diren erabilera estatistikoekin; izan ere, batzuetan, administrazio publikoa edo erakundeak “fikziozko[24] emakume bazkide”en irudiaz baliatzen dira emakumeek nekazaritza-jardueran edo erakundeen oinarri sozialean duten presentziari buruzko datuak puzteko. Eta horrek ez dakar emakume nekazarientzako ezer onik.
Orain arte kontatutakoa era sintetikoan jasotzen da Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean:
a. Badaude emakumeak titularrak bai direnak; beraz, parte hartzeko eskubidea (eta betebeharra?) bai dutenak, eta sektorean bai dihardutenak. zuzen.
b. Badaude emakumeak titularrak bai direnak; beraz, parte hartzeko eskubidea (eta betebeharra?) bai dutenak, eta sektorean ez dihardutenak. oker.
c. Badaude emakumeak titularrak ez direnak; beraz, parte hartzeko eskubidea ez dutenak, eta sektorean bai dihardutenak. oker.
Liburuaren puntu honetara iritsita, bada ordua eaeko emakume nekazarien parte hartzearen maparen —ez jakin lurraldearen— egituraketan hautsak harrotu dituen elementua aurkeztekoa, aipatutako kontuetan zuzenean eragiten duena: Emakume Nekazarien Estatutua.
[23] Komeni da argitzea traktorea hartzea ez dela ustiategi baten inplikatuta egotearen froga bakar. Lan mota ugari daude, eta denak beharrezkoak haren iraupenerako, denek aintzatespen berdina izan ez arren: kudeaketa eta izapideak, salmenta...
[24] “Emakume ekoizleen definizioaren inguruko beste gatazka bat ustiategiaren titulartasuna dutenak izendatzean agertzen dena da; emakume elkarrizketatuen arabera, ‘benetan’ jarduera gauzatzen ez dutenak, edo ez behintzat modu nagusian. ‘Fikziozkoak’ izenez deituak dira, edo, batzuetan, ‘titulitis’aren fenomenoa aipatzen da” (Alvarez & Benlloch, 2020:42).