Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

ELKARTEAK ETA ERABAKIGUNEAK

 

      Sektoreko erabakiguneetan emakumeek duten parte hartzea dugu mintzagai. Zein da, ordea, erabakigune horiek jasotzen dituzten egituren egoera? Zeri erantzuten diote? Funtzionalak al dira? Inklusiboak al dira? Erakargarriak al dira? Elkarteen funtzionamendua hizpide hartuta, nahitaez heldu behar zaio ereduen kontuari. Zer errepikatzen da? Zer uzten da albo batera? Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanaren baitan antolatutako topaketetan nabarmendu zen gaietako bat izan zen.

 

      “Nire kezka da sektorean orokorrean, eta seguru beste sektore batzuetan ere, errepikatzen den kontua dela, oso egitura hertsiak eta oso eredu patriarkala dela funtzionamendua. Eta ez dakit, iruditzen zait zenbaitetan emakumeok erreproduzitu egiten dugula egitura hertsi hori eta funtzionamendu hierarkikoa; eta botere-harremanak oinarritzen direla goitik beherako egituretan. Orduan, funtsean, seguruenik izango dira inertziak, eta talde eragileetan urte luzez dauden pertsonen esperientziak-eta, baina nolabait dinamika horrek jan egiten gaitu eta azkenean bukatzen dugu errepikatzen guretzat gustuko ez ditugun dinamika eta jarrerak. Horrek nigan kezka sortzen du, ze agian guk gure burua jan egingo dugu istorio horretan. Egungo elkarteak oso bertikalak direla iruditzen zait, eta talde eragile edo batzordeetan handik edo hemendik ardura dugunok pixka bat zapatista izan behar dugula, eta agindu obeditzen, gure elkarteetako oinarriei heldu, eta behetik gora egin lan”.

 

      Desberdina da baita ere ze elkarte motatan parte hartu. Hau da, azpisektore jakin batekoa bada, kideen artean, lantzen diren gaien artean… badago eremu komun bat. Aldiz, nekazaritza-sektore osoa hartzen badu elkartearen jardunak, hor bestelako desorekak ere ematen dira. Zein eremu gailentzen den zeinekiko eta azpisektore horiek nagusiki nortzuek (gizon edo emakume) eratzen dituzten aztertzea interesgarria litzateke.

 

      “Elkarteetan denak azpisektore berekoak izaten dira gehienetan. Baina sektoreko erakunde batek hartzen du dena [azpisektore guztiak]. Nik beti esan izan dut, juntan momentu horretan dauden kide gehienen [azpi]sektorea zein den (adibidez, esne-behiak), beste hainbat esparru gelditzen dira guztiz kanpo (adibidez, lorezaintza edo erlezaintza), minoritarioak direnak, edo oso gutxi direnak azpisektore horietan. Ez dira jorratu ere egiten”.

 

      Pertsona berdinak, oso egoki harilkatu zituen sektore osoa ordezkatzen duten elkarteetan azpiordezkatutako azpisektoreen eta gizon eta emakumeen berdintasunaren alde lan egiten duten ordezkarien kasua.

 

      “Berdin, azpisektoreen pare jarriko nuke emakumeen problematika, edo horren inguruko ekarpenak… Emakume nekazarien elkarte bateko ordezkari bat dagoenean juntan, haren proposamenak beti gelditu izan dira ‘gai-zerrendan jarriko ditugu protokoloa bete behar delako eta bestela politikoki oso itsusia gelditzen delako, baina jarriko dugu gai-zerrendan azkena eta gero, ai, denbora, benga, esan di-da…’. Hori da nire sentsazioa”.

 

      Esandakoak sektore mailako elkarteentzat dira aplikagarriak. Baina arlokako elkarteetan, hau da, azpisektorekako elkarteetan, ba al dago horien artean alderik? Elkarrizketatutako emakumeen % 48k argi eta garbi ikusten du alde nabarmena dagoela.

 

      “Bai, oso desberdina. Ni hiru eremutan egon naiz: bata niretzat modernoena, bidezkoena dena, berdintasunezko tratu bat dagoela ikusten dudana; bestea oso maskulinizatua, dena gizonak, gizonen gauzak, gizonen txisteak; eta, azkenik, dagoeneko beste liga bat dena, ez dagoena zer eginik”.

 

      Azpisektore batzuei, generoa egozten zaie gainera.

 

      “Sektoreen artean alde handia dago. Batzuk ikusten dira emakumeentzakoago bezala, eta beste batzuk gizonen espazio bezala”.

 

Animalien munduak behin eta berriz jaso ditu aipamen bereiziak. Animaliekin lotutako azpisektoreak gizonezkoenak bezala ikusten dira. Zehatzak izateko, tamaina jakin batetik gorako animaliekin lotutako azpisektoreak, ez baita berdina gertatzen untxiekin, oiloekin edo erleekin. Horrez gain, ardien munduan orokortutako ideia bat ere jaso da: gizonekin lotzen dela artzaintza, animalien zaintza eta maneiua; eta emakumeekin gaztagintza edo produktuen eraldaketa, eta salmenta. Argazkia osatzeko adibide gisa, testigantza bi: bata aspaldi elkarrizketatu nuen emakume batena, berak artaldea jarri eta artzaintza bere ogibide egiteko hautua egin zuenean; bestea, gaztagintzarekin lotutako elkarteen hastapenetakoa.

 

      “Nik bertatik bizitzea erabaki nuenean, ni joan nintzen animaliak erostera, eta denek [gizonek] barre egin zidaten”.

 

      “Hori pelikula egitekoa izan da. Emakumeak izan dira gazta egin izan dutenak, baina gaztagintzaren inguruko elkarteak sortu zirenean, hasieran, parte-hartzaile gehien-gehienak gizonak ziren. Parte hartzea gizonen kontua zen. Eta pentsa, prestakuntza-ikastaroak eskaintzen hasi, eta gizonak ziren halakoetara joaten zirenak, nahiz eta gero gazta emakumeak egin”.

 

      Elkarteen nolakotasunari lotuta, topaketetan beste alderdi hau ere azpimarratu zen: ezinbestekotzat jotzen dute emakume askok elkarteen oinarriei buelta ematea. Elkartea bazkideek eratzen dute, eta horiek dira gero batzordeak osatzen dituztenak. Oinarrietan haize berririk sartu ezean, ezinezkoa da batzordeak orain arteko moduak ez diren beste batzuez elikatzea. Eta, printzipio berbera aplikatuz, oinarrietan parte hartzen duten emakume gehiago egon ezean, ezinezkoa da batzordeetan betikoak ez diren emakumeak egotea, hain onuragarria litzatekeen emakumeen arteko txandakatze baterako, adibidez. Puntu horretan berriro ere lehenago sakonago aztertu den titulartasunaren aferarekin egiten dugu topo.

 

 

Hezurdura

 

      Ikusitako gaiez gain, batzorde horiek badute alderdi bat antolaketakoa: Zein espaziotan gauzatzen dira? Noiz? Zein funtziorekin? Zein baldintzatan? Nola erabakitzen dira aspektu horiek guztiak?

      Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean emakume parte-hartzaileen begirada eta bizipenetatik aztertu zen bilera espazioen antolamendua. Hasteko, elkarrizketatutako emakume gehienak (% 86), landa-eremuan lan egiteaz gain, landa-eremuan bizi ziren. Mugikortasunean autonomia izatea beharrezkotzat jo zuten denek, eta denek zuten gidabaimena eta ibilgailu bat eskuragarri. Jarduera profesionalak eta bizitzari lotutako jarduerak toki bera partekatzen duten horretan, autonomia izatearen garrantzia azpimarratu zuten.

 

      “Orain 49 urte atera nuen gidabaimena, lehen haurraz haurdun nengoenean. Baina uste dut, beti esan izan dut, landa-emakumeentzako gidabaimena dela askatasunik handiena. Izan ere, ez duzu beti besteren menpeko egon behar eraman zaitzaten. ‘Eramango naute’ esaten dute batzuek. Nola zaramatzatela? Ez, ez, ez, ni neu noa. Nik daramat neure burua”.

 

      Parte hartzeko orduan eragin zuzena (izan) duen faktorea da gainera, eta generoak pisu handia izan du. Banaka elkarrizketatutako emakumeen erdiak baino gehiagok ezagutzen dute emakumeren bat zeinarentzat mugikortasuna parte hartzeko oztopo bat den.

 

      “Bai. Emakume bat zegoen ondoko herritxo batean, oso parte-hartzailea, eta esaten zuen askotan ezin zela bileretara etorri agian semeak autoa eramaten zuelako, edo senarrak… Eta, azkenean, ingurukoek ez zioten garrantzirik ematen berak parte hartzeari, bera bileretara etortzeari, eta ahal zuenetan baizik ez zen etortzen”.

 

      “Jo, bai, nik emakume asko ezagutzen ditut, bai, emakume asko. Nik adineko emakumeengandik asko ikasi dut, haiek jasan behar izan dutenaz, argi eta garbi. Amarekin ere ikusi dut, bi belaunaldi bizi zirelako, familia osoarentzat, koinatuentzat eta denentzat prestatu behar zutelako janaria. Ez zuten independentziarik, ez zuten ez beren denborarekiko ez beren bizitzarekiko prestasunik: asko ikasi dut haiengandik, haiek errespetatuz. Orduan menpekoak ziren batzuek gidabaimenik ez zutelako, eta beste batzuk miresten ditut 60 urterekin atera dutelako eta jendarteari aurre egiteko ausardia izan dutelako; izan ere, zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta zailagoa da esango dutenari aurre egitea. Miretsi egiten ditut. Eta noski, gidabaimenik atera ez duten asko daude. Menpean egon behar izan dute, ez dute parte hartzen, eta senarrak edo seme-alabaren batek eraman edo ekartzearen mende egon behar dute. Eta oso garrantzitsua da lotura hori. Bestela, ez zarelako harremanetan jartzen, etxean zaude eta ezin zara harremanetan jarri. Izan ere, landa-ingurunean bizi gara, herri txikitxoetan”.

 

      Mugitzeko autonomia izan edo ez, emakume askok lotzen dute mugitzea denbora-inbertsioarekin. Eta parte hartzeari lotuta urruti samar joan behar izan direnetan, hor topatu dute traba handia. Horregatik, zenbaitzuek azpimarratu dute pandemiaren alderdi positibo bat izan dela zenbait bilera bideo-dei bitartez egiteko aukera irekitzea.

      Bileren ordua eta tokia ezartzerakoan elkarrizketatutako emakumeak egondako espazioetan kontuan hartu diren edo hartzen diren alderdien inguruan galdetuta, horrela geldituko lirateke aipatutakoak gehien azaldu zirenetik gutxienera ordenatuko balira: elkarrizketatutako emakumeen % 90en kasuan, bazkideen lan-kontziliazioa izaten da kontuan parte hartzen duten edo hartu duten espazioetan; % 43ren kasuan, teknikarien lan-kontziliazioa; % 38, bazkideen kontziliazio familiarra; % 14 irisgarritasuna, tokia ongi komunikatua egotea edo irisgarria izatea; eta % 14ren kasuan baita bilera aurretik edo ondoren elkartzeko espazioa ahalbidetzea. Alderdi horiek ez dira bata bestearekiko baztertzaileak, aldi berean eman daitezke. Eta argi erakusten dute lehentasun horiek ez direla emakumeek ezarritakoak, eta ez dituztela emakumeak eta beraien egoera kontuan hartzen. Esandakoen harira, Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean elkarrizketatutako emakume gehienak bat etorri ziren: gizonentzat kontziliatu beharrekoa ustiategiko lana da.

 

      “‘Ukuiluko lanak egin ondoren’ izaten zen gizonen teoria. Ze gizonezkoen teoria horrek zekarren emakumeentzat ez zela garai ona; gauean zein animatzen da egun osoan lanean aritu ondoren 21:00etan joatera? Horiek ez zuten ez umerik jasotzeko, ez janaririk prestatzeko… ‘Ukuiluko lanak eginda’, hori bai”.

 

      Familia-kontziliazioa emakumeen kontua omen.

 

      “Atzera begira, ni erabaki askotatik kanpo gelditu naizela uste dut, kontu horregatik [kontziliazioagatik]. Bilerak hiru ordukoak izaten ziren gutxienez, eta denbora zero produktiboa. Ez ziren bilera efizienteak, eta nik zaintza ardurak eta bestelako ardurak nituen. Beraiek [gizonak] han gelditzen ziren lasai, berdin zitzaien, ez zuten beste kontuen [etxeko/zaintza lanen] ardurarik”.

 

      Emakumeen ardurak hartzen hasi diren gizonek emakumeen tokia habitatzen dute.

 

      “Oraindik ere bilera orokorrak egunaren azken orduan izaten dira, baina, azpisektorekoak, normalean, goiz erdian-edo, ganadua zainduta izan ondoren. Eguraldia ere izaten da kontuan: euria egiten duen egunetan, goiz erdian abeltzainek ganadua zaindu dutenean, orduan aprobetxatzen da bilerak egiteko. Orain gizonen bat edo beste ‘Joan egin behar dut’ esan eta bilera amaitu aurretik irten egiten da, haurrak-eta jasotzera joan behar delako. Horiei ez die bilera amaitzeko denborarik ematen”.

 

      Eta elkarrizketatutako emakume baten iritziz, horrek izan behar du bidea. Ardurak banatzea eta emakumeek espazio horiek presentzia osoz okupatzea.

 

      “Jende gazte gehiago etortzen hasi zen, eta atera zen gauzetako bat izan zen bileretan, batzar batean edo kongresu batean parte hartzeko haurtzaindegi zerbitzua jartzea. Ume txikiekin zeudenak etortzen ziren umeekin, bileran titia ematen zieten, edo bulegoko norbaitek bere lana utzi eta ume horiek zaintzen zituen.

      Nik hori beti ikusi izan dut… Ez dakit, iruditzen zait guk izan beharko genukeela espazio bat non erakundean parte hartu nahi baldin badut, nik hartuko dut parte, ni nator eta ni egongo naiz hor, ez daukat zertan nire umearekin egon. Ume horrek izango du aita bat ere. Niretzat oso garrantzitsua zen erakundera nentorrenean etxeko gauzak etxean uztea; gero bueltatzean han nituen zain, noski. Baina hemen nengoenean honetarako nengoen. Ni etortzen nintzen nire iritziak ematera, nire lan bat egitera. Azkenean zu bilera batean zaudenean umeari ari bazara bularra ematen, edo ‘jolasa hemen duzu’, ez zaude ez batean ez bestean. Eta, horrez gain, iruditzen zait guk ere behar dugula gure denbora. Badakigu hogeita lau orduz garela amak, baina behar dugu denbora bat umerik gabe, eta ume hori egon dadila bere aitarekin, adibidez. Bileran parte hartzeko beste erremediorik ez dagoela eta bilerara umearekin etorri behar dela ulertzen dut, baina atzerapauso bat iruditzen zait baita”.

 

      Kontziliazio faltaz gain, (auto)zaintza falta ere sumatu da historikoki ordutegiak jartzeko orduan.

 

      “Ordutegiena arazoa izan da beti. Gauez egiten genituen bilerak, gure loari kenduz. Eta iritsi zen momentu bat erabaki zela bilerak bilera-orduetan egin behar zirela, eta gaua zela lo egiteko”.

 

      Ordutegien gaia mahaigaineratzerakoan, ezinbestean atera da hau: ordutegiak betetzeko dira, eta bileren hasiera eta amaiera orduak zehaztuta egon behar dira.

 

      “Batzordean sartu ginenean deitu genuen lehen bilerara mundu guztia berandu etortzen zela gogoratzen dut. Mundu guztiaren denbora errespetagarria dela uste genuen, eta batzordetik puntu horien garrantzia nabarmendu genuen. Oso garrantzitsua da deialdi bat iristean zuk jakitea zer ordutan hasten den eta zer ordutan amaitzen den bilera, norbera antolatu ahal izateko. Nik neuk ikusten dut nigan, bilera batean nagoenean pentsatzen ari naizelako ‘orain hau egin behar dut, gero bestea, ta-ta-ta’, dena konbinatuta daukazu. Baina orokorrean hauek [gizonak] erlaxatu eta gelditu egiten dira…”.

 

      Bestalde, badago hedatua dagoen beste sentipen bat: gaur egungo egitura askotan, teknikariaren figura dela erdigunean dagoena, eta haren neurrira hartzen direla erabaki asko. Hala ere, identifikatutako joera horri buelta ematean arreta jarri duten elkarteak ere badaude:

 

      “Ni aurretik egon nintzen batzordean, zentzu horretan, asko arduratu nintzen ordua bazkideak etor zitezkeenean izateko, ez teknikariak etor zitezkeenean bakarrik. Eta buelta bat eman nion kontuari. Uste dut hori garrantzitsua dela. Bazkideetan eta datetan pentsatu behar da, ahalik eta jende gehienak parte hartu ahal izateko. Niretzat garrantzitsua da. Hasieran, hasi nintzenean, ez nituen mugikortasuna eta irisgarritasuna kontuan hartzen, baina orain bai. Gertutasuna. Orain nagoen elkartean, adibidez, bileren tokia zehazterako orduan, bilera hori norekin izango den kontuan hartzen dugu. Batzordekideen artean baldin bada, gehiengo zabal bat eskualde berdinekoak gara, eta hor egiteko modua topatzen saiatzen gara. Aldiz, bestelako kontuetarako teknikariren batek edo elkarteko gerenteak egon behar badute, orduan beraien bulegoan egiten dugu, hiriburuan. Baina behintzat saiatzen gara egokitzen; lehen automatikoki hiriburuan egiten ziren bilera guztiak”.

 

      Laneko ardurez harago, emakumeen gainerako ardurak eta horiei dagozkien denborak kontuan hartzea funtsezkoa dela uste dute elkarrizketatutako emakumeek. Eta, noski, lehenago jada beteta zuten hogeita lau orduko agenda horretan, ezin dela gauzak gehitzen joan ezer kendu gabe.

 

      “Emakume askoren buruan parte hartzea karga bat da: aurretik ditugun ardura eta lan guztiek beren horretan jarraitu eta berriak hartzea. Ezin badugu beste leku batetik kendu, ezin da, oraindik estresatuago egoteko ez bada. Etxeko garbigailua ez zen emakumeei bizitza errazteko asmatu, arropa garbitzen zen artean beste lan batzuk egin ahal izateko baizik. Gakoa da gauzei denboraren balioa ematea. Emakumeen orduak balore bat du. Gainera, soldata arrakala bat dago. Gizonezkoek historikoki ez dute kobratu parte hartzeko, baina gizona lanera joan da eta lehenago irten da. Emakumeak egiten du lan berdina denbora gutxiagoan libratzeko gero parte hartu ahal izateko eta jarraitu ahal izateko lehenagotik dituen etxeko eta zaintza-ardura denekin. Denbora kalkulatzea ezinbestekoa da. Ze agian ez du konpentsatzen protagonismo horrek. Denbora ‘libre’ari kendu, desgastea gehitu… Ondorio negatiboak kontuan hartu behar dira”.

 

      Gai hau bete-betean jorratzen du Marina Sagastizabalek La triple presencia izeneko bere doktore-tesian, eta bertan oinarritutako lisipe bildumako Hiruki gatazkatsua liburuan. Denbora aurkezten du etxeko eta zaintza lanek, enpleguak eta parte hartze soziopolitikoak eratutako hiruki gatazkatsuaren gako gisa, eta hori garatu. Besteak beste azaltzen ditu: erlojuaren jaiotzaren eta kapitalismoaren arteko harremana; “denbora = dirua” printzipioaren indartzea; atsedena “galdutako denbora” gisa interpretatzea; eguneroko erritmoetatik eta bizitzako ziklotik etxeko eta zaintza lanari lotutako denborak desagertzea; kontziliazio-politiken jaiotza eta horiek lanaren sexu banaketa zalantzan ez jartzea; familia eta lan ordaindua uztartzea emakumeen “ardura indibidual” gisa planteatzea, ondoriozko doppia presenza-ren[33] zamatzearekin, eta horrek emakumeen bizitzetan duen eragin zuzena (estresa, antsietatea, gehiegizko lan karga, norberaren denboraren gabetzea, karga mentala, erritmo biologikoetan talkak eta desorekak) eta gainerakoetarako denbora falta; zaintzaren kate globala… Osagai horiei guztiei emakumeen parte hartze soziopolitikoa gehitu eta emaitza ikertzen du, bai gainerako egileen ekarpenak aztertuta, bai egoera horien protagonisten bizipenak jasota. Oso gomendagarria da lan horren irakurketa.

      Azkenik, parte hartze espazioen antolaketa alorreko erradiografia bukatzeko, banaka elkarrizketatutako emakumeen erdiak pasatxok (% 52) jaso du edo jasotzen du nolabaiteko ordaina ordezkaritza lanagatik. Jasotako ordain hori bidaia-gastuengatik izaten da normalean. Kasu askotan, “jaso” esaten denean “jasotzeko aukera” esan nahi da, zeren eta aldea dago bataren eta bestearen artean.

 

      “Hainbat elkartetan nago, eta bakoitzak era batean funtzionatzen du. Horietako batek zuzenean ordaintzen die parte-hartzaileei. Bi urtetan ez dut ezer pasatu baina aurrekoan esan nien baietz, pasatzen hasiko nintzela, krisi handia dagoela-eta [barreak]”.

 

      Defizitarioa izaten da parte hartzea alderdi ekonomikotik begiratuta:

 

      “Nik ordubetera daukat bilera egiten duguneko tokia teknikariak han daudelako: autobideko ordainsariak, erregaia, eta, are gehiago, galtzen dudan goiz osoa… Uste dut 30 euroko dieta dela asistentzia bakoitzeko”.

 

 

[33] “[...] egoera hau ez da bi lanen batuketa hutsa, bi lanak aldi berean eta espazio desberdinetan burutu behar baitira; beraz, etengabe saltoka ibili beharra dago eremu batetik bestera eta kezka batetik bestera. Aldiberekotasunak eta denbora logika ezberdinen talkek doppia presenza errealitatea ezaugarritzen dute. Emakumeek bizitzaren eta kapitalaren arteko talka egunerokotasunean eta euren gorputzetan bizi dute. Gainera, kontuan izan behar dugu bi logika hauek ez direla uztargarriak, ezin dira kontziliatu, bateraezinak baitira. Haatik, emakumeek euren eguneroko bizitzetan halabeharrez bateratu behar dituzte, bizitzak aurrera jarraitu behar baitu eta, horretarako, norbaitek eutsi behar dio” (Sagastizabal, 2020:21-22).