Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

Hitzaurrea

 

Josebe Blanco Alvarez

 

      Gaur bukatu dut liburu honen bigarren irakurraldia. Asmoa nuen atzo amaitzeko, baina astirik ez. Pentsatu nuen hitzaurrea martxoaren 8an idaztea; ardi lanek eta emakume langileen eguneko ekitaldiek, ordea, hartu zituzten idazketaren espazioa eta denbora. Horrela beharko zuen, nonbait.

      Esku artean duzun liburuak gu gaitu mintzagai: landa-eremuko eta nekazari-emakumeok. Bazterrekoak, inondik ere. Ni neu ere bazterrekoa, alde askotatik. Bazterrekoa jaiotzez: emakumea. Bazterrekoa hautuz: euskalduna eta baserritarra. Bazter gehiago baditut, baina horiexek ekarri naute liburu honetara.

      Hiritik irakurtzen bagaituzu, beharbada, ezustekoak hartuko dituzu orrialdeetan aurrera egin ahala. Harrituko zaituzte datuek eta horien gainean Leire Milikuak egiten dituen hausnarketek edota egiten dizkigun galderek; baita datuek, hainbat geruzatan, ezkutatzen dituzten errealitateak ere. Akaso, irakurketak eramango zaitu landa-eremuaz eta gutaz duzun ikuspegia berrikustera, gu ikusteko begiak mudatzera eta, agian, guri begiratzeko orain arteko talaia abandonatzera.

      Gerta liteke halako ezustekorik ez hartzea, niri gertatu zaidan bezala; halere, lerrootan izango dituzu hausnarrean egiteko ideiak eta errealitate anitzak; landa-eremua eta bertakoak bezain anitzak eta aberatsak. Izan ere, landa-eremuan bizimodu adina pertsona daude, baita hirian ere. Ez al du pertsona bakoitzak bere modua eraikitzen?

      Badira elementuak, ordea, komunak direnak emakume guztiontzat, jendarte honen egiturazko gaitzek gure gorputzak eta buruak kolpatzen dituzte —gu geu kolpatzen gaituzte—; gero, ingurune bakoitzak berera ekartzen ditu, eta egokitu bere baldintzetara, gaitzak ongi zabal daitezen, gu erraz txikitzeko.

      Eta zenbatetan ahazten zaio mugimendu feministari feminista izateko moduak ere aldakorrak direla? Gogorra izan zen Martxoaren 8ko ekitaldi baten amaieran entzutea “feminismoa izango bada, beganoa izango da”. Non geratzen gara emakume nekazariak? Non abeltzainak? Non euren lanarekin lurra, animaliak, ingurunea eta pertsonak zaintzen dituzten horiek? Hirikeriak, batzuetan, jaten gaitu, eta ahantzarazi, hiritarra ala landatarra izan, sistema patriarkalak aurpegi asko dituela.

      Lur gainean, itzal azpian dio egileak izenburuan. Eta ez zaio arrazoia falta; hor baikaude emakume nekazariok. Halaxe bizi ziren gure aurrekoak, lur gainean eta, aldi berean, itzalpean, inork ez ikusteko moduan. Fokuak beste batzuei begira zeuden.

      Orain ere, beste neurri eta era batean, itzalpean jarraitzen dugu. Itzalpean nahi gaituzte, horregatik gara artzainaren arrebak, amak, emazteak edota alabak; eta ez artzainak. Horregatik guk ez dugu lanik egiten, guk lagundu egiten dugu, errukitsu. Emakumeak garelako eta besteen hobe beharrez ari garelako. Hainbestetan jaso dugu mezu hori, ezen kosta egiten zaigun sinestea gu geu, gizonik gabe, bagarela baserritarrak eta gai garela gure artaldeak edo baratzeak aurrera ateratzeko, duin eta elegante.

      Emakume Nekazarien Estatutua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, aho batez, 2015eko urriaren 15ean. Data hori ez dela kasualitatea argi dut: landa-eremuko emakumeen nazioarteko eguna da, hain zuzen —bakoitzak egin dezala bere irakurketa—. Non geratu dira, ordea, emakume nekazariak eta abeltzainak? Non egun hartan esandako hitzak, emandako diskurtsoak? Ez ninduke harrituko eneren zirriborroaren idazketan parte hartu zuten emakume haiek sentitzea esfortzuak ez zuela merezi.

      Ni baiezkoan nago, ordea. Izugarri eskertzen dizkiet orduan egindako lana eta irekitako ateak. Ezin dira alferrik galdu urteotan emandako denbora, egindako kilometroak, entzundako iruzkin matxistak, behin eta berriz leporatutako akatsak, entzun ez ziren ideiak, aintzat hartu ez ziren ekarpenak, baloratu ez den lana... Ezin ahaztu haiek urteetan egindako ekarpenei esker aurrera emandako pausoak, gu hemen izateko.

      Badugu garaia funtzionamendu hierarkikoari uzteko eta beste antolaketa humanoago bati heltzeko, behetik gorakoa, non elkarteak eta bestelako erakundeak gizatiarragoak izango diren. Badugu sasoia aldarrikatzeko zuzendaritza-organoetan dauden pertsonak baino askoz gehiago daudela —gaudela—; hau da, bilera horiek gauzatzeko gure etxeetan, gure ukuilu eta baratzeetan, badaudela beste batzuk lanean, normalean guk egiten ditugun lanen ardurak hartzen —erreproduktiboak ala produktiboak— eta haiek ere hor daudela, gurekin batera bileretan. Beraz, gure izenean bai, baina gure unibertso osoa daramagu bilkura horietara.

      Lan handia dugu aurretik sektoreko erakundeetan emakumeok ere, gure osotasunean, eroso egon ahal izateko. Zeregin horretan, ordea, ez gaude gu bakarrik; izan badira, beste esparru batzuetan, gure egoera bertsuan dauden emakumeak —begira, bestela, akademiara, literaturara, artera, bertsolaritzara, ikerketara...—. Haiek bidelagunak dira, behar-beharrezkoak ditugu —eta gaituzte— arantzen artean aurrera egingo badugu.

      Nekazaritza-sektoreak duen egoerak xurgatzen digu energia, eta, maiz, horiek itota —edo jasotako jarrera paternalistek eta harroek zokoratuta —, ez diegu tarterik eta atentziorik eskaintzen beste arlo batzuetatik errespetuz jasotzen ditugun ekarpenei eta babesei. Errepikatzen ditugu bileretan behin baino gehiagotan entzun ditugun leloak: “ikertzen gaituzte eta ez dugu ezer jasotzen”, “gutaz aprobetxatzen dira”...

      Leire Milikuak egin duen lan hau inondik abiatzen bada gurekiko errespetutik abiatzen da, zalantzarik gabe. Halaxe jaso nuen lehen dei hura, Ordezkatuak eta ikusgarriak izeneko ikerketaren banakako elkarrizketetan parte hartzeko. Gerora, hartuko nuen topaketetara joateko gonbidapen hura ere bai.

      Lehenengoa eta bigarrena aberasgarriak egin zitzaizkidan. Elkarrizketan ordura arte modu lausoan egindako hausnarketetan sakontzeko aukera izan nuen; baita, konturatu gabe zenbaitetan, nire parte hartze politikoan eragina duten bestelako faktoreetan ere.

      Hilabete inguru pasatu zen topaketa heldu arte, eta bertan besteen gogoetak entzuteak lasaitu egin ninduen, neurri batean; eta, aldi berean larritu, konturatu nintzelako egiturazko arazoak bestelako dimentsioak hartzen dituela —pertsonalak kasu askotan— eta mingarriak direla.

      Lan honen ibilbidean tokitxo bat eduki izana poz iturri handia izan da artzain honentzat, eta zipriztintzen duen benetakotasunak indarra eman dit, sasoi honetan etxean ditugun lanez gain, eginkizun hau ere nire egiteko.

      Lisipe bilduma hau erabakigarria izan da —eta da— zeharkatzen eta zauritzen nauten egiturazko mekanismo patriarkalez jabetzeko hainbat kasutan; besteetan, barruan nuen —dudan— korapiloari izena jartzeko eta jatorria identifikatzeko.

      Ziur naiz gozatuko duzula liburu honetaz. Baliteke min egitea, amorrua piztea eta suteak ere bai, tarteka. Baliteke samurtasuna azaleratzea, maitasuna eta pozen txinpartak sentitzea.

      Denak bizi, oso-osorik, orain hemen, gero han, mugimenduan.

2022ko martxoaren 9a

Pikunieta