2.3.
EMAKUME NEKAZARIEN ESTATUTUA[25] (ene)
2015eko urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Emakume Nekazarien Estatutua[26]. Emakumeek nekazaritza-sektorean duten lan-egoera arautzeko helburuarekin sortu zen, haien lana duintzeko, ikusarazteko eta erregulatzeko, bai eta ustiategien titulartasuna eskuratzea sustatzeko ere. Estatutuak genero-ikuspegia txertatzen du lehen sektorean; emakume nekazarien eskubide profesionalak, sozialak eta fiskalak modu eraginkorrean gauzatzeko neurriak jasotzen ditu.
Horrela, honako aspektuak azpimarratzen dira estatutuko “Zioen aurkezpena” atalean, abiapuntuaren testuinguruan: titulartasuna, sektoreko kontratazioak, gazteak, erabakimena eta ordezkaritza, arduren banaketa, lan-arriskuen prebentzioa, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista. Atal berberak adierazten du Emakume Nekazarien Estatutu horrek ez duela aurrekaririk araudian, nahiz eta estatutuak lantzeko gomendioak eta baita aginduak ere ugariak izan. Estatutuaren osaeran eragina izan duten lege-mugarriak biltzen ditu, Europa mailatik hasi eta eae mailaraino.
Estatutuak 2015ean jada jaso zuen liburu honetan zehar azaldu diren hainbat gairi erantzuna ematera bideratutako egiturazko markoa. Hala ere, arreta jarri nahi da saiakera honen gaiarekin bete-betean bat egiten duen araudi horretako III. tituluan (emakumeek nekazaritza-sektorean duten ordezkaritzari buruzkoa), eta, zehazki, 19. artikuluan (emakumeek gizartean eta politikan duten parte hartzeari buruzkoa). Artikulu horretako lehenengo puntuak emakumeen parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen du. Artikuluko bigarren puntuan sektoreko zuzendaritza-organoetako ordezkaritza orekatua lortze aldera, hirugarren puntuaren eraginpean dauden elkarte eta erakundeei zuzendutako berariazko prestakuntza-planak martxan jartzea aurreikusten da. Azkenik, hirugarren puntuan, arau zehatz bat ezartzen da: nekazaritzaren gaian eskumena duten eaeko administrazioek ez diete ez laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute. Eta neurri hori estatutuaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten den bezala ezarriko dela.
Esan beharra dago hau izan dela estatutuak jasotakoen artean zalaparta handiena sortu duen puntua. Eta horren ezarpena definitzen duen bigarren xedapen gehigarria aplikatuz, ene 2015eko urrian sartu baldin bazen indarrean, lehen lau urteak igarota, hau da, 2019ko urritik aurrera, gutxienez emakume bat izan behar dute sektoreko elkarte eta erakundeek zuzendaritza-organoetan laguntza eta dirulaguntzak jasotzen jarraitzeko; eta, sei urteren ondoren, hau da, 2021eko urritik aurrera, emakumeen presentzia gutxienez orekatua[27]. 2018ko urtarrilean eratu zen Estatutuaren Jarraipen Batzordea, haren betetze-mailaren jarraipena egiteko[28]. Estatutuaren Idazkaritza Teknikoa ere urte berean eratu zen. 2019ko denbora-mugarria igarota hasi ziren estatutuaren xedeak zenbateraino bete ziren jakiteko datuak jasotzen, eta 2020ko martxoan lehertutako osasun-krisiak datu-bilketa zaildu zuen. Oraindik ez da inolako jarraipen-txostenik argitaratu.
Hala ere, tresna hori ez zen ezerezetik jaio. Euskal Autonomi Elkarteko emakume baserritarrak ikerlanak, “Emakumeen parte hartzea iharduketa kolektiboetan” atalean, agertoki hau irudikatu zuen:
Dena den, orain arte, behinik behin, nekazarien sindikatuek ez diote jaramonik egin baserri arloko alde femeninoari. Azken bi urteotan izan da halako hurbiltze-saiotxoren bat, baina emakumeek ez dute parte hartzen (edo nekazarien sindikalismoa arrotz suertatzen zaie), gizonezkoen kontu hutsa balitz bezala, aspaldidaniko kultura sexistaren ondorioz, noski (Intxaurraga et al., 1994:61).
90eko hamarkadan sortu ziren emakume nekazarien talde beteranoenak: Gipuzkoan ebel (1991) eta Araban Gure Soroa (1996). Hamarkada horren amaieran (1999) sortu ziren Araban Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Bizkaian eae mailako Landa XXI. Hurrengo hamarkadaren bigarren erdian jaio zen Hitzez (2007), Gipuzkoan, landa-eremuko emakumeen osasun eta zaintzan arreta jarriko zuena. Gero etorriko ziren Etxaldeko Emakumeak (2012). Sindikatuek ere izan dituzte beraien emakumeen arloak, aurrez aipatutako taldeekin intentsitate eta konpromiso-maila ezberdinetako harremanak mantendu dituztenak. Elkarte horiek lan izugarria egin dute emakumeen topagune izan, beraien ahotsak jaso eta horiei tokia egiten. Beraien behar eta aldarrikapenei forma eman eta artikulatzeko funtsezkoak izan ziren, garaian garaiko bestelako konbergentziak sortzeko. Sektoreko sindikatu eta elkarteetan ere nabaritu zen horien eragina, eta lehenengo aldiz zenbait erabakigunetan emakumeak sartu ziren: hasi ziren arrakalak sortzen gotorleku guztiz maskulinizatuetan.
2008an eaeko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Legea[29] onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horrek 75. artikuluan jasotzen zuen “Emakume Nekazarien Estatutua eta ekintza positiboak bultzatzeko politikak” egiteko agindua. Sektoreko emakumeen aldarrikapenak hasiak ziren oihartzuna izaten. Estatutua egiteko komisio bat sortu zen, eta bertan zeuden hiru aldundietako ordezkariak, Landa XXI elkartea, Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea, Gure Soroa elkartea, Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, Emakunde, Eudel, enba eta ehne sindikatuak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta idazkari bat. Oso dinamika aktiboa eraman zuen komisioak, eta 2009 amaieran eta 2010 hasieran existitzen ziren jada estatutuaren inguruko lehen dokumentuak, barne gorabeherak gorabehera. Kanpo gorabeherak gorabehera, 2015eko urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Estatutua aho batez onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Nekazaritza-sektorean emakumeen lan-egoera erregulatzen duen lehen erkidegoa bilakatu zen Euskal Autonomia Erkidegoa. Eta, egun ere, ez Nafarroan ez Ipar Euskal Herrian ez da antzeko figurarik existitzen.
Legearen onarpenetik aurrerako ibilbidean, 2017an Europako Parlamentura eraman zen Emakume Nekazarien Euskal Estatutuaren eredua balizko Emakume Nekazarien Europako Estatutua egiteko ekarpen-iturri gisa, eta ekarpen horiek Europatik New Yorkera egin zuten salto, Nazio Batuen Erakundearen egoitzara, 2018an. Aldiz, sektoreko erakundeetan ez du halako hedabiderik izan, are gutxiago oinarrietan. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean banaka elkarrizketatutako emakumeen % 4k soilik irakurri du ene osorik; % 48k irakurri du horren zati bat; eta % 48k ez du ezer irakurri. % 14k bakarrik adierazi du parte hartzearekin lotutako 19. artikuluaren inguruko lanketaren bat egin dela elkartearen bitartez, bete-betean eragin arren, lanketarik egin ez dutenen % 86rekin alderatuta. Eta elkarrizketatutako emakumeen arteko sentipen orokortua da ez dela egon eta ez dagoela eneren edukia lantzeko, zabaltzeko eta hedatzeko interesik.
“Joe, mila gauzatarako egiten dituzte triptikoak azalpenekin, panfletoak, iragarkiak… Diru pilo bat erabiltzen dute horretarako, eta honetarako ez?”.
Duela urte batzuk, landa-eremuko emakumeen topaketa batean hartu nuen parte. Estatutua ezagutzen zuen emakume bat egon zen (ordurako onartuta zegoen), eta ohartarazi zuen baliabiderik jarri ezean, paperean ederki eman baina praktikan eraginik izango ez zuen beste lege bat izateko arriskua zegoela. Aurrekontua eta pertsonala eskatzen zituen, eta gaur egun eskaera berdinek indarrean diraute.
Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanaren baitan antolatutako lan-saio kolektiboetan ene hasieratik ezagutu eta sorrera hartan bere balio eraldatzailean sinesten zuten emakumeak egon ziren. Askok aitortu zuten desilusioa sentitzen dutela orain. Ikusi dute ez dela baliabiderik eskaini (aurrekontu, aholkularitza, hedapen), eta ez zaiola jarraipenik egin. Aplikazioa, elkarteetako oinarriekin lanketa, sektorean aliantzak eraikitzea… dira faltan botatzen dituztenak.
[25] https://euskadi.emakumenekazariak.eus/eu webgunean dago Estatutuaren dokumentua eta informazioa eskuragarri.
[26] 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa. 2015eko urriaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 200. zenbakian argitaratu zen.
[27] Esan behar da elkarte ugariren finantzabide garrantzitsua direla administrazioek esleitutako laguntzak.
[28] 30. artikulua.— Funtzioak.
1.— Segimendu-batzordeak aztertuko du lege honen xedeak zenbateraino betetzen diren, eta urtero txosten bat egingo du, non ebaluatuko baita, bereziki, II, III eta IV. tituluetan xedatzen diren neurriek nolako eragina duten sektorean. Ahalik eta zabalkunderik handiena emango zaio txosten horri.
2.— Ikusten bada ez direla betetzen ari hartutako betebeharrak edo ezarritako helburuak, edo aurreikusitako epeetan ez direla lortzen ari, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari berariazko komunikazio bat bidaliko zaio atzematen diren ez-betetzeen ingurukoa.
[29] 17/2008 Legea, abenduaren 23koa.