Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

1.1.
LANDA-EREMUA

 

      Lehenik eta behin, komeniko litzateke zehaztea zer den landa-eremua deitzen dugun hori, nola definitzen den, zer hartzen duen barne eta zer uzten duen kanpo. eaeren kasuan adibidez[6], teknikoki eta estatistiketan, honakoak hartzen dira kontuan: lehen sektorearen Balio Erantsi Gordina % 3 baino handiagoa izatea; 2.000 biztanle baino gutxiago izatea; eta dentsitatea 100 biztanle kilometro karratuko baino txikiagoa izatea. Lehen, udalerriak hartzen ziren kontuan, eta hiru baldintza horiek betetzen zituztenak kontsideratzen ziren landatar. Egun, entitateak dira kontuan hartzen direnak. Aldaketa horrek fintze bat dakar diagnostikoan. Adibide bat jartzearren, Gasteizko udalerria ez litzateke landatarra kontsideratuko haren hedaduraren batezbestekoak aterata. Aldiz, bere auzoez gain, Gasteizek 63 herri edo kontzeju hartzen ditu bere baitan, izaera landatar argia dutenak. Entitatekako banaketa berri horrek eremu horiek kontuan hartzea dakar, eta, hortaz, errealitatetik gertuago dagoen irakurketa eskaintzen du.

      Esandakoen arabera, entitateak kontuan hartuz gero, eaeko azaleraren % 88 landa-eremua da[7]. Horrek esan nahi du, lurraldearen gainerako % 12 eremu urbano edo erdi-urbanoa dela. Interesgarria da erreparatzea datu horrek zugan sortu duen eraginari, irakurle. Harritu al zaitu? Espero al zenuen? Hala ere, biztanleriari erreparatuz gero, gauzak zeharo aldatzen dira: eaeko biztanleriaren % 11 bizi da landa-izaerako entitateetan, eta % 89 gainerakoetan. Bi datu horiek gainjarrita, zera ondorioztatzen da: eaeko lurraldearen azalera gehienak biztanle kopuru txiki bat hartzen duela, eta azalera-eremu txiki batek biztanleriaren zatirik handiena. Eta irudi horrek honakoa adierazten du: landa-eremuetara begirada luzatzen duten biztanleen % 89k, landa-eremutik kanpo kokatutako toki batetik egiten dutela. Datu hori funtsezkoa da ulertzeko nola izan daitekeen hain premia eta aukera espezifikoak dituen ingurune zabal horrek, proportzioan, hain arreta txikia izatea postal turistikoaz edo igandeko ibilaldiaz harago. Eta horri gehitu behar zaio gaur egun landa-eremuan bizitzeak ez duela zertan berekin ekarri inguratzen zaituen horrekiko lotura. Orokorrean, ez dago landa-eremuaren nolakotasunaren ulermen kokaturik, eta begiradek eta beharrek talka egiten dute askotan.

      Marc Badalek Vidas a la intemperie liburu interesgarrian dio hiria beti dela botere motaren baten bizileku. Zentro bat dela. Begirada urbanoak idatzi duela historia. Eta begirada kokatu horri beste ezaugarri bat gehitzen dio:

 

      Hiria autoerreferentziala da […] Metropolien munduan, landatarrak alteritatea osatzen du. Gutxietsia, eta aldi berean, miretsia. Ulertua izatea exijitzen ez duen eta kontenplazioa merezi duen objektua. Bere burua azaltzeko baimena ematen duena, zehaztapenik gehitu gabe. Norberak aurkitzea espero duen hori erakusten duena, eta lotsaz ezkutatu sortu dizkioten zauriak (2017:19).

 

      Aipatutakoaren ildotik, Maria Sanchezen hitz hauek dakartzat:

 

      Zaila da begiratzeko modua aldatzea ezaguna dela uste den zerbait oso sustraituta eta barneratuegi dagoenean, oso barneratuta eta enkistatuta. Eta behatzailea kanpotik datorrenean, eta ez duenean begiratzen dituen eta idazgaitzat dituen horien zoru bera zapaltzen, haien maila berekoa ez denean (2019:85).

 

      Puntu honetan, eta aurrera egin aurretik, liburu honen ardatz den ideia aurkezteko unea iritsi da: subalternotasunak zeharkatzen ditu emakume nekazariak. Badalek aipatu du metropolien munduan, landatarrak alteritatea osatzen duela. Bada, horri gaineratuko diogu nekazalgoaren subalternotasuna: Ikasketa Subalternoen tradizioak nekazalgoa aktore subalterno kontsideratzen du aldiriko lurraldeen kolonizazio kapitalistan. Lurralde horien artean, nekazaritza modernizazioaren aurreko europar landa-eremua sar dezakegu (Lopez, 2015:42). Eta, nola ez, emakume bezala eraiki eta irakurriak izateagatik sistema patriarkalak egotzitakoa. Jule Goikoetxearen hitzetan:

 

      Gramscirentzat, “subalternoak” boterea duten klaseen menpe dauden beste klaseak dira, kapitalismoan langileak, patriarkatuan emakumeak, eta demokrazia kapitalista eta patriarkalean emakume langileak. Botere hegemonikora iritsi ezin daitezkeenak dira subalternoak. Subalternoen historia zatikatua da, Spivakek dioen moduan, ez dute baliabiderik beren errepresentazioa, berezko irudia eta berezko ahotsa izateko, ez baitute kulturarik, ez baliorik, ez prestigiorik; ez dute erakundeetarako sarbiderik. Horregatik, beren historia ez da historia unibertsala, ez da sikiera historia. (Berria, 2015-06-10).

 

      Eta hor kokatzen dira emakume nekazariak, hiru aldiz subalterno (landatar, nekazari eta emakume), heteropatriarkatu kapitalista urbanozentrista liberal hertsian kabitzen ez diren bestelako ertz adina menderakuntza lerro gehitzeko aukerarekin.

      Esan behar da tokiaren eta hura habitatzen duenaren artean noranzko biko harremana dagoela, elkar taxutzeko gaitasuna dutela. Eta generoa aldagai eztabaidaezina da. Kokapenak eta generoak bat egiten duten horretan, generoaren geografia ezinbesteko tresna da bizi garen tokia hainbat prozesuk nola eraikitzen duten ulertzeko, toki horrek gure arteko harremanak nola zizelkatzen dituen ezagutzeko, eta, aldi berean, horien eraginak aztertzeko. Lekua testuinguru geografikoaz gaindi doa, eta kultura-espazioarekin uztartuz, mundu-ikuspegi jakin batean kokatzea dakar. McDowellen hitzetan (2000), geografia feministak dio gizonak eta emakumeak modu desberdinean kokatuta daudela munduan, eta bizi diren lekuekin duten harremana ere desberdina dela; eta desberdintasun horiek emakumea gizonarena baino beheragoko postu batean kokatzen duten desberdintasunen ondorio direla, non zapalkuntza jasaten duen hainbat espazio eta denboratan. Hortaz, prozesu sozioekonomikoek, politikoek eta ingurumenekoek, bizi garen lekuak ez ezik, gizonen eta emakumeen arteko harreman sozialak sortzeko, erreproduzitzeko eta eraldatzeko moduak aztertzen dituen geografia da generoaren geografia. Eta, era berean, genero-harremanek prozesu horietan eta horiek espazioan eta ingurunean dituzten adierazpenetan duten eragina aztertzen du (Little et al., 1988:2 in Baylina & Salamaņa, 2006:100). Alderdi hauek argituta, landa-eremuaren tipiltzearekin jarraituko dugu.

      Landa-eremuaren inguruan, hiru ezaugarri demografiko jaso zituen Sampedrok (1996), zenbat eta gune isolatuagoa izan (komunikabideak, biztanle kopurua…) orduan eta bistakoagoak zirenak[8]. Era berean, ezaugarrion elkarrekiko erlazioa argia da, jarraian ikusiko den bezala, eta zuzeneko harremana dute emakume nekazarien testuinguruaren azterketarekin.

      Batetik, gune maskulinizatua, emakumeen gehiegizko emigrazioaren eraginez. Emigrazio horren atzean identifikatzen dira lanaren banaketa soziala (hirian emakumeen eskulana eskatzen duten enplegu asko egotea), nekazaritza-jabetzaren jaraunspen-sistema (gizonei mesede egiten diena eta emakumeen deserrotze-joera areagotzen duena) eta emakumeak ezkontza- eta familia-eremutik kanpo laneratzeko eta gizarteratzeko aukera urriak.

      Bestetik, gazteek eta, bereziki, emakumeek landa-eremua uztea eragin duten migrazio selektiboak. Aurreko puntuarekin lotura du, eta emakumeek landa-eremuari uko egiten diote, eta nekazariekin ezkontzeari uko, neurri handi batean familiek beraiek bultzatuta[9]. Goi-mailako prestakuntza duten emakume gazteen kasuan, fenomeno horri “ihes ilustratua” esaten zaio. Emakumeen biztanleriaren galera horren arrazoi nagusietako bat enplegu-aukerarik eza dela dio Sampedrok, eta horri gehitu behar zaizkiola gizarte-egitura bera eta tradizioz emakumeei esleitutako rola. Gainera, eta hemen lotzen da bigarren puntu hau hirugarrena eta azkena den hurrengoarekin, emakume gazteen emigrazio horrek landa-biztanleriaren piramideei eragiten die; izan ere, piramide horietan emakume gehiago ageri dira gailurrean. Egoera hau kezkagarriagoa da landa-gune txikienetan.

      Hortaz, hirugarren ezaugarrira heltzen gara, landa-biztanleriaren zahartzea. Biztanleriaren zahartze horrek landa-ingurunean mendekotasun-egoeran dauden pertsonekiko bizikidetza-egoerak areagotzen ditu, eta horrek zaintzaileen lan-kargan eragiten du, emakumeak oro har, eta, aldi berean, murriztu egiten ditu lanean, politikan edo gizartean parte hartzeko aukerak.

      Argazki hau presente izatea lagungarria izan beharko litzateke nagusiki landa-eremukoak diren emakume nekazarien abiapuntua ulertzeko. Hurbilketan aurrera eginez, ikus dezagun nortzuk diren landa-eremuko emakumeak.

 

 

[6]  eae izango da dokumentuaren hedadura geografikoa, kontrakorik adierazi ezean.

[7]  Iturria: Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako Estatistika Organoa, 2020.

[8]  Egokia da argitzea oro har eaeko eta bereziki Bizkaia eta Gipuzkoako landa-eremuek badutela berezitasun bat: komunikabideen eta garraiobideen hedadurak oso leku gutxi uzten ditu gutxieneko zerbitzuak dituen herrigune batetik ordu erdi baino gehiagoko distantziara; beste eremu geografiko batzuetan, denbora horren biderkaketa da landa-eremuen egiturazko ezaugarrietako bat.

[9]  Eta, zehatzago, familiako emakumeek.