Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

2.1.
EMAKUME NEKAZARIEN PARTE HARTZEA

 

      Sistema patriarkal honen beste edozein esparrutan aurki daitezkeen eragozpenei landa-eremuak eta nekazaritzak bereak dituen konplexutasunak gehituz, irakurleak erraz deduzi dezake emakume nekazariek ez dutela erraz-erraza beraien parte hartze eskubidea gauzatzea. Duela hogei urte Millanek esan zuen nekazaritza erakunde sozioekonomikoetan, nekazaritza-sektoreari eta landa-garapenari eragiten dieten neurriak benetan hartzen diren eremuetan, emakumeen presentzia eta parte hartzea oso urria zela, eta horrek erabakiak hartzeko unean oso maskulinizatutako sektorea dela ondorioztatzea ekar lezakeela, egunez eguneko landa-lanean hala izan ez arren. Eta liburuan zehar ikusiko denez, gauzak ez dira desio beste aldatu.

      Bere ustez, funtsezko hiru arrazoik azaltzen dute emakumeen parte hartzerik eza, eta horiek aztertu eta osatuko dira, ekarpenak eginez:

 

      1. Lehenengoa jendartean eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak egiten dituen emakumearengan berarengan enpresa-kontzientziarik ez izatean oinarritzen da. Etxekoandre gisa egiten duen lana, halaber, beste lan horietara ere hedatzen da, eta ez da inola ere kontuan hartzen familia-enpresa bat dela, bera ere enpresaburua baita, bere ondarea eta lan pertsonala ere eman baititu gehienetan (Millan, 2002:6).

 

      Puntu horren harira, duela urte batzuk nekazari-sindikatu bateko ordezkari bati egindako elkarrizketa bat datorkit gogora “jendartean eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak egiten dituen emakumearengan berarengan enpresa-kontzientziarik ez izatea” horrekin lotuta. Berak ondorengo adibidea jartzen zuen: gizonak kanpoan lan egiten badu eta emakumea etxean badago ortuaren eta animalia batzuen kargu, emakume hori ez da baserritarra; aldiz, emakumeak kanpoan lan egiten badu eta baratzea eta animaliak bere kargu dituena gizona bada, inork ez du zalantzan jartzen gizon hori baserritarra denik. Margaret Maruanik ohartarazi zuen lan bera, gizonek edo emakumeek egiten dutenaren arabera, desberdin eraikitzen dela (1989). Eta double standard edo irizpide bikoitza aipatzen du Bourdieuk gai horretan sakontzeko, zeinak asimetria erradikala ezartzen duen jarduera maskulino eta femeninoen ebaluazioan: zeregin berak nobleak eta zailak izan daitezke gizon batzuek egiten dituztenean, edo hutsalak eta hautemanezinak, errazak eta garrantzirik gabekoak, emakumeek egiten dituztenean, gizonezko sukaldariaren eta emakumezko sukaldariaren artean[19] zein gizonezko jostunaren eta emakumezko jostunaren artean dagoen aldeak gogorarazten duen moduan (Bourdieu, 2000:79). Eta, horri gehitu diezaiokegu, baratze eta animalien kargu dena gizona edo emakumea denean dagoen aldea.

 

      2. Bigarrena emakumea izateagatik duten lan pilaketa itzelean oinarritzen da; izan ere, nekazaritzako lanez gain, bere gain hartzen ditu ia osorik etxeko lanak, eta etxearen, seme-alaben eta adinekoen zaintza. Oraindik ere landa-ingurunean etxeko erantzukizunen banaketarik ez dagoenez, gizonak ordezkatzen du esplotazioa publikoki. Landa-inguruneko hurbileko gizarte-zerbitzuen sarea edo garraio-sareak oraindik ez dira nahikoak, eta horrek egoera hori indartzen laguntzen du. Eremu horretan lan egin behar da, emakume nekazarien eta abeltzainen alderdi profesionala behar bezala eta bete-betean garatzeaz gain, hori guztia beren familia-bizitzarekin guztiz uztartzeko (Millan, 2002:6).

 

      Arloko ikerlanetan behin eta berriz errepikatzen den ideia da hau. Emakume nekazari gehien-gehienak landa-eremuko emakume direnez, aplikagarriak dira landa-eremuko emakumeekin Bizkaian gauzatutako bi prozesutan jasotakoak. Lehena, landa-eremuko amatasunei buruzko eztabaida ikuspegi feministatik aberasteko materiala sortzeko, Muxikako landa-eremuko emakumeekin Errotik kooperatiba feministak egindakoa. “Landa-amatasun gorpuztuak” deitutako proiekturako June Fernandez kazetariak berariaz sortu zuen prozesu haren garapen eta emaitzei buruzko artikulua (2021). Ekimen horrekin emakume-ama-landatarra intersekzioa arakatzeaz gain, laborategiko partaideek prozesu horretan bizi izan zuten eraldaketa indibiduala eta kolektiboa behatzea ere bilatzen zela aipatzen da artikuluan. Bertan adierazten du Fernandezek amamen lanabesak aitzurra eta kodaina baziren, Muxikako egungo amek esku artean telefono mugikorra daramatela, autoaren bolanteari eusten ez diotenean. Eta erratza dela, hori bai, belaunaldi guztiek amankomunean duten tresna.

      Ama landatarraren irudikapena horrela jaso du: “Nolakoa da ama landatarra? Amantala zabala duen emakumea irudikatu dute, dena dago bere ardurapean, kultur transmisioa barne. Besteentzako egina dagoen subjektu zaintzailea da, indartsua baina isilik egon behar duena” (Fernandez, 2021). Erantzukizunen banaketa faltaren inguruan, prozesuan zehar, emakume parte-hartzaile batek familiako gizonek etxeko lanak egiteari uko egiten ziotenean argudiatzen zutena jaso du Fernandezek artikuluan: “Ni prakaduna naiz, zu zara henbria!”. Xake-mate.

      Bigarrena Abadiņo eta Elorrioko udaletako Berdintasun sailek sustatutako prozesua da, berdintasun politika publikoetarako lan-ildoak zehazteko landa-eremuetako emakumeekin egindako diagnostiko parte-hartzailea. Ikerlan horretan, motordun ibilgailuaren erabilerari lotuta, emakumeek gainerako senideak garraiatzeko duten rolaren aurrean “familiataxi” zirela komentatu zuten, udaletako auzotaxi zerbitzuarekin paralelismo bat eraikiz. Paper horrek gainkarga eta lotura handia dakar, zenbat eta menpekotasuna duten pertsona gehiago izan etxean, orduan eta handiagoa dena. Beraien burua zuzenean “ama-taxi” izendatu zuenik ere egon zen (Milikua, 2018).

      Emakume nekazariei dagokienez, Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean banaka elkarrizketatutako emakumeei[20] etxeko lanen banaketaren hurbilketa bat egitea eskatu zitzaien. Etxeko lan kontsideratu ziren erosketak egitea, otorduen prestaketa, garbiketa-lanak eta zaintza-lanak. Lehenengo zifra emakumeek hartzen zuten arduraren ehunekoa bada eta bigarrena beraiek ez ziren besteek hartzen zutena (kideak, etxean bizi diren edo ez diren bestelako pertsonak, horretarako kontratatutakoak), emakumeen erdiek kokatu zuten bere burua 50/50 eta 75/25 tartean. Hau da, emakumeek arduren % 50-75 artean hartzen zuten beraien gain, eta gainerako % 50-25 tartea beste pertsona batzuek. Emakumeen % 36k eginbeharren % 75-100 artean hartzen zuten beraien gain, eta gainerako % 25etik beherako tartea beste pertsona batzuek. Hortaz, emakumeen gehiengoaren kontra okertzen da etxeko lanen balantza. Elkarrizketatutako emakume batek ironiaz erantzun zion galderari: “Bai, bai, guk lanak banatzen ditugu: nik ohea egiten dut, berak desegin; nik otorduak prestatzen ditut, berak jan… Horrekin ezin dut, egundoko haserrealdiak izaten ditugu”. Emakume horren kasuan 100/0 da ehunekoa, 100 bere “alde”.

 

      3. Hirugarrena, neurri txikiagoan bada ere oraindik existitzen dena, erakundeen hermetismoan oinarritzen da. Erakunde horien osaera nagusiki maskulinoa da, eta kideek oraindik ere emakumeari botere-partzelak lagatzea gai horren gaineko jabari absolutu eta esklusiboaren galera konponezin gisa ulertzen jarraitzen dute (Millan, 2002:6).

 

      Hirugarren puntu hau aurrerago landuko da, sakonago, “2.4. Hesiak” ataleko “Erresistentziak, oztopoak” azpiatalean.

      Tamalez, duela 20 urte egindako adierazpenak gaurkotasun handia du oraindik ere. Honako aldarrikapenarekin errematatu zuen bere esku-hartzea: “Guztiei eragiten dieten erabakiak guztiek hartu behar dituzte, eta emakumea landa-ingurunean erabakiak hartzeko prozesuan sartzea funtsezkoa eta premiazkoa da; gure zaintza eta lana merezi ditu eginkizun horrek” (Millan, 2002:6-7). Baina emakume nekazariek erabakiguneetan duten parte hartzeaz hitz egitean, ba al dakigu nortzuek har dezaketen parte? Eta nortzuek hartzen duten? Eta nortzuek ez duten hartzen? Aspektu hau oinarrizkoa da egoera bera eta bere konplexutasuna ulertzeko.

      Lehenik eta behin, zera esan behar da: beste behin, duela ia mende bateko Korzybskiren hitzak hartuta, mapak ez du zertan lurraldea adierazi. Gauza bat da paperetan jasotakoa, eta beste bat errealitatean jazotakoa. Adibidez, profesionalki lehen sektorean aritzen diren emakumeen % 40 parte hartzen duten ustiategien titular edo titularkide gisa agertzen dira[21]. Datu positiboa dirudi, baina kontuan hartuta sektorean profesional gisa agertzen diren emakumeen kopurua txikia dela, adorea jaisten hasten da[22]. Eta are gehiago apaltzen da honakoa ikustean: lehenik, titular edo titularkide gisa agertzen diren emakume askok ez dutela ustiategietako benetako gerentziarik egiten; eta, bigarrenik, beraien parte hartze eta ordezkaritzari dagokionez, nekazaritza erakunde eta elkarte gehienetan emakumeek ordezkaritza txikia dutela (ez dago datu zehatzik). Hau da, titular edo titularkide gisa azaltzeak ez du esan nahi erabakiak hartzeko foro horietara doazenik. Ohiko jardunbideei erreparatuta, bizitza osoan ustiategietan lan egin duten emakume asko dago, baina lan hori ez da aitortu, eta, horregatik, ez du eskubiderik sortu ere. Dokumentuan zehar aipatu den “familia-laguntza” figuraren bitartez, emakume horien eta haien lanaren ikusezintasuna formala eta normalizatua izan da.

 

 

[19] Ez da balioa duten jarduerak gizonek egiten dituztela, baizik eta gizonek egiten dituzten gauzek balioa hartzen dutela. Gogoan izan Basque Culinary Center (Goikoetxea et al, 2020:173).

[20] eaeko 21 emakume nekazari, adin, eskualde eta azpisektore ezberdinetakoak.

[21] Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako Estatistika Organoa, 2016:24.

[22] Titulartasunen inguruko pertsona juridiko eta fisikoen urte berdineko datuak jakiteko eaeko 2009ko nekazaritza-erroldako datu-bankura jo beharra dago. Hamar urterik behin egiten den azterlana osasun larrialdi egoerak atzeratu egin du eta, hortaz, ez dago datu eguneratuagorik oraingoz. “eaeko lan familiarra lehen sektorean: titularrak (pertsona fisikoa) sexuaren arabera” atalean gizonak 10.380 (% 66), eta emakumeak 5.286 (% 34) dira. “Pertsona juridiko bat titular duten ustiategietako emakume eta gizon bazkideen kopurua” atalean gizonak 1.341 (% 71), eta emakumeak 548 (% 29).