Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
1.
Lur gainean
Bihotzean, belaunaldiz belaunaldi
paisaia horien zaintzaile izan diren
emakumeen* taupadak entzuten ditut.
Enara I. Dominguez
Emakume[2] horiek, dudarik gabe, emakume landatarrak izan ziren.
Ziurrenik, emakume nekazariak, xx. mendera arte bi identitateok zatiezinak baitziren. Orduan izan zen, Jaime Izquierdoren hitzetan, besteak beste, baserritarren kulturek eraikitako ondare aberatsa eta ugaria bazterreratu eta haien lekua pentsaera industrialaren bi korronteek hartu zuten unea: nekazaritza-desarrollismoak eta kontserbazionismoak. Autore horrek azaltzen du bi korronte horiek baserritarren ezagutza-sistemak gutxietsi zituztela, baita batzuetan zapaldu ere, nahiz eta horiek izan landa lurretako paisaiak, ekologia eta geografia eratu zituztenak (Izquierdo, 2015).
Nekazari-kultura horien ingurua zizelkatzeko gaitasuna eta bien arteko sinbiosia ere argi eta eder jasotzen da La cultura que hace el paisaje liburuan[3]. Paisaiak beti dira ispilu eta beti dira isla. Egiten denarena edo ez denarena. Esku-hartzeak edo esku-hartzerik ezak gorpuztu egiten dira; hori bazekiten duela belaunaldi batzuetako begiradek. Gaur egun begiratu egiten dugu, baina orokorrean ez dugu ikusten, eta are gutxiago ulertzen. Ezagutzen eta ulertzen ez duenak ez du berak jasotzen duen argazki estatikoaren atzean dagoen dinamismoa imajinatu ere egiten.
Lurretik urrundu egin gara. Literalki eta metaforikoki, askotan, lur horrek inguratuta egonagatik ere. Duela gutxira arte, lurrean, landa-eremuetan kokatzen zen jaten ziren elikagaien sorrera. Bizilekuaren gertuko eremuak izaten ziren gehienetan gainera, hirian bizi izanagatik ere. Bazegoen ezagutza bat horiek nola sortuak ziren, eta, eskuarki, nork sortuak ziren. Bazegoen nahitaezko zeharkako harremana urtaro eta klima jakinekin, sasoiko elikagaien bitartez. Ezinbestean tokikoak ziren elikadura-sistemak mundu mailako bilakatu zirenean[4], distantzia fisiko hori distantzia mental bihurtu zen, harreman horiek maistraki urteetan landu dituen Carolyn Steel arkitektoak dioenez. Eta, areago, distantzia emozional. Jendeak jada ez daki nolakoak diren elikagaiak sortzen dituzten paisaiak. Ez daki larre bat, normalean, animaliek bazkatu edota animalien bazkarako moztua izan delako sortzen dela, etxe bueltak baino ez direla bestela apropos kreatutako guneak, soropil-mozteko makinez adibidez, txukuntasuna erakutsi eta oinpeak animalia-gorotzekin ez zikintzeko. Eta kuriosoa da, ikusten dugun horren eraikuntza antzeman ez arren, nola mantentzen diren iruditeria kolektiboan zenbait elementuren arteko asoziazioak.
Duela urte batzuk, honako ariketa proposatu nion bi udaletako landa- eta berdintasun-gaietako ordezkari eta teknikari talde bati[5]. Eta irakurtzen jarraitu aurretik, zuri, irakurle, ariketa bera egiteko gonbidapena egiten dizut:
Apuntatu “Landa-eremua” entzutean burura etorritako lehen 3 hitzak.
Ondoren, “Landa-eremuko emakumea” entzutean bururatutako lehen 3 hitzak.
Eta, azkenik, “Emakume nekazaria” entzutean datozkizun lehen 3 hitzak.
Orain, erreparatu idatzitakoei. Zein ideia, zein irudi zenituen buruan lehen kontzeptua aipatzean? Zein bigarrenean? Eta hirugarrenean?
Ariketa hartatik honako hausnarketak jaso ziren: “Landa-eremua” entzutean, baserri-ingurua, lurraren lanketa eta lehen sektorea izan ziren gehiengo handi bati bururatutakoak, eta, hortaz, kontzeptu horien ingurukoak izendatutako hitzak. Hori amankomuna izan zen parte-hartzaile guztien artean jatorri (hirigune-landagune), adin eta genero ezberdinak izan arren. “Landa-eremuko emakumea” entzutean, aurreko erantzunen ildotik, emakume baserritarra izan zuten buruan hitzen inspirazio-iturri. Horregatik, “emakume nekazaria” entzutean ohartu ziren aurreko bi kontzeptuak definitzeko buruan izan zuten erreferentzia hori izan zela. Ordezkarietako baten arabera, “orokortutako irudia folklorismoarekin lotu da zenbait sektoretatik. Jendeak uste du landa-eremuan baserritarrak eta baserritarren eredua dagoela, baina errealitatea beste bat izaten da askotan”. Hortaz, emakume nekazariek badute tokia gure iruditeria kolektiboan. Aldiz, badute tokirik gure memoriaren, distantziaren edota erositako (oinordetzan hartutako?) errelato baten ondorioz egokitutako espaziotik at? Lurraldean, auzoetan, etxaldeetan?
Landa-eremuan bizi eta nekazaritza jarduera nagusitzat duten zenbat emakume ezagutzen dituzu? Landa-eremuan bizi eta jarduera nagusia izan ez arren nekazaritzarekin harremana duten zenbat? Eta ezagutzen al duzu landa-eremuan bizi eta nekazaritzarekin inolako harremanik ez duen emakumerik?
Ekar dezagun datuetara puntuotako bakoitza.
[2] “Emakume” eta “gizon” hitzak erabiltzen direnean sozialki eraikitako kategoriei egiten zaie erreferentzia, klase sozio-politiko eta ekonomikoak operazionalizatzeko erabiltzen direnak (Goikoetxea et al., 2020).
[3] La fertilidad de la tierrak argitaratutako Pedro Montserrat Recoder naturalistaren artikuluen antologia osoa.
[4] Elikadura-sistemen bilakaera, sistema kapitalistaren baitan kokatzen da, noski. Mundu osoan barreiatuta ditugu guk ahoratuko ditugunak sortuko dituzten baratzeak eta gure hondakinak pilatuko dituzten zabortegiak.
[5] 2018an Abadiņo eta Elorrioko udalen eskutik gauzatutako Abadiņo eta Elorrioko landa‐eremuko emakumeak. Berdintasun politika publikoetarako lan‐ildoak zehazteko diagnostiko parte‐hartzailea ikerketaren baitan.