Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
2.5.
(ER)ALDAKETA?
Erabakiguneetan aldaketarik sumatzen al dute elkarrizketatutako emakumeek? Bada % 71k baiezko erantzuna eman du. Bileretan parte hartzeko moduak, beste bati hitz egitekoak, ezberdinak direla aipatu dute, eta baztertzeak edo komentario sexistak ez direla lehen bezala jazotzen. Eta batzorde horietan emakumeak egotea bera dela aldaketa. Aldiz, aldaketa horiekiko mesfidati azaltzen den emakumerik ere badago.
“Nik susmoa dut ematen ari dela aldaketa bat, baina oraindik, azkenean, gauza asko aldatzen direla ezer ez aldatzeko (edo intentzio horrekin). Aldaketa horien sakontasunak zalantzak sortzen dizkit”.
Lanean zehar ere aipatu da, baina eraldaketa posible baten testuinguruan ez dira gutxi izan aldaketa ematen ari den edo ez neurtzeko batzordeetako emakumeen ehunekoa erabiltzea ezeren berme ez dela adierazi dutenak:
“Nik etxe honetan irailean % 40 egotea juntan ikusten dut lejos no, lo siguiente. Orain, ‘hemendik 15 egunera eduki behar duzue % 40a juntan’. Zu lasai, egon egongo dela. Eta hori da tristea, forma aldatu fondoa aldatu gabe”.
Euskal demokrazia patriarkala liburuan, eremu sozio-politikoan emakumeek duten parte hartzea aztertzen duen atalean, jasotzen da bai sindikatuetan bai alderdietan eraldaketa ematen ari dela, oro har, emakumeen presentziari dagokionez. Baina, hala ere, elkarrizketatuen gehienek uste dute aldaketa hori oso geldo doala eta edozein momentutan egin dezakeela atzera, kantitateaz gain, espazio publiko-politikoan parte hartzeko moduak aldatzen ez badira (Goikoetxea et al., 2020:164). Eta, zera gehitu daiteke: moduak aldatzen direnean ere, jarraitasun bat eman behar zaiola aldaketa-nahi horri harik eta egoera berriaren normalizazio eta naturalizazioa gertatzeko behar beste denbora igaro arte. Liburuan lehenago esan den bezala, naturalizatuta dugun egitura sozial osoa dago gure ekintza eta harreman guztien muinean, eragile interaktiboen gorputzean inskribatutako pertzepzio- eta hautemate-eskemen formapean, Bourdieuk adierazi bezala. Eta naturaltzat dugun hori eraldatu ahala eraldatzen dira sortutako emaitzak. Dena da eraikigarria eta deseraikigarria. Egoera berria ez badu hori sostengatuko duen gehiengoak asimilatzen, normalizatzen, aukera izan bezain laster itzuliko dira urak lehengo bidera. Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean elkarrizketatutako eskarmentudun emakume batek honela deskribatu zuen erakunde batean izan zen batzorde berdinzale baten bilakaera:
“Emakumeak egon ziren batzordea ederra izan zen, eta nik esan diezazuket nabari zela, aldaketa bat ikusi zela. Bileretan bertan bazeuden atseginagoa egiten zuten xehetasun txikiak. Emakumeen partaidetza handiagoa ikusten zen. Gauza asko egin ziren.
Ondoren egon zen beste batzorde bat ere emakume bat izan zuena, baina gainerako emakumeak oso ordezkatuak sentiarazten ez gintuena… Nik justifikatu egiten dut, ulertzen dudalako emakumeek, gizonen mundu batean, forma berberak hartzen dituztela batzuetan. Aldaketak ikusi nituen, eta zenbait pertsona aldentzen joan ziren, baina tira, emakumeen gaia lantzen jarraitzen zen.
Eta gero, oraingo batzordea sartu zenean, emakumearen gaia ez da batere tratatzen, ez dago emakumearen arlorik, orduan atzera goaz karramarroa bezala. Egindako guztiaren ezintasuna sentitzen duzu, hor egoteko ahalegin guztiena, parte hartzearena, eta dena joan da pikutara. Hori da elkartearekiko dugun penetako bat. Gaur egun oso gutxi parte hartzen dute emakumeek, egituragatik eta erakundea egiten ari denagatik. Sinesgarritasuna galdu du emakumeari dagokionez; orduan, oso parte hartze txikia dago, emakumeen parte hartzea jaitsi egin da, eta parte hartzeko interes gutxiago dago. Momentu honetan emakumeen ordezkaritza zero da. Zero sentitzen gara, ez dago dinamikarik ere, ez zuzendaritza nagusian, ez sektoreetakoetan… Ni joan izan naizen azken bileretan hogeitaka pertsona izango ginen, eta agian ni bakarrik izan naiz emakumea, edo asko jota ni eta beste bat. Bazkide gisa. Eskualdeetako karguak ordezkatuz ere emakumerik ez, bat ere ez. Atzera egin da”.
Formen azpiko fondoa hain denean solidoa, hain egiturazkoa, aldaketek ere halakoak izan behar dute, eta denboran iraunarazteko estrategiak garatu, batzordearen osaketa aldatuagatik ere. Bestela, egiturak anomalia bezala igarotzen ditu aldaketa-aroak, eta horiek eragin dituzten faktore/pertsonak desagertzearekin batera etorri diren bezala joaten dira. Aldaketa aurreko sasoia baino zailagoa egiten da iragan trazako orainaldia, batzuen partetik inbertitutako energiak energia eta denborak denbora, atzera egitearen frustrazioaren ajea demasekoa delako.
Gainera, emakumeen parte hartzeak dakartzan onurak, horren beharraren inguruko sentsibilizazioa eta halakoak hizpide izaten direnean, askotan imajinatzen da gizonen artean egin behar dela sentsibilizazio-lana, eta emakumeen artean ahalduntze-lana. Aldiz, sistema patriarkal honen seme-alabak izaki, sexuak ez du zertan genero ikuspegia edo berdintasunarekiko sentikortasuna berekin ekarri. Aipatutako batzorde berdinzalearen inguruko beste lekukotza honek hori azaleratzen du:
“Batzordera sartu ziren emakumeak berdintasunari buruzko gai horiek guztiak aktibatzen hasi zirenean, esango nuke bazkideen artean % 50 alde eta % 50 kontra izan zituztela. Gainera, orduan (gutxitan gustatzen zait hau esatea, e?), emakumeok ere kontra egiten genion elkarri, beraz… Eta ez dut uste emakume batek hori esan behar duenik, baina aldaketarekiko erresistentzia horren zati bat beste emakume batzuengandik zetorren. Batzorde horretan egon zirenek asko borrokatu zuten eta asko berdindu zuten, e? Baina kontra zuten % 50aren buelta hori ez dizut esango denak gizonak zirenik”.
Eta beharrezkoa da hori ere ikustea, kontuan hartzea, errealitatearen isla baino ez da eta. Zenbat eta irakurketa zintzoagoa egin, orduan eta aukera gehiago egongo dira egoerari buelta emateko irtenbide egokiak topatu eta proposatzeko. Aldaketak aldaketa, gaur egun gizon eta emakumeek toki askotan ezberdin ikusi edo kontsideratuak izaten jarraitzen dutela baieztatu dute zenbait emakumek:
“Gaur bertan elkarte batera joan eta nire burua batzordean parte hartzeko aurkezten badut, eta, aldi berean, beste gizon bat aurkezten bada, edozein, e?, nik uste dut niri ez lidakeela inork bozkatuko”.
“Modu orokortuan sumatzen da emakumeei ‘behartzen gaituztelako’ bozkatzen zaiela, eta behartuko ez balute, ezer ez. Azkenean, gizon bat sartzen denean, beti joango dira botoak harengana. Ederra egin behar du bat-batean bozketa berriak egin eta botoak erabat alda daitezen”.
2021eko adibide bi jarriko dira segidan. Lehena, sektoreko elkarte bateko batzorde-bilera batean gertatutakoa:
“Elkartetik elkartera ere aldea dago, baina batzuetan… Ni nagoenetako batean, ez da berdin kontuan hartzen gizon bat eta emakume bat. Aurreko egunean, bileran, azken unean lehendakariak galdetu zuen ea gai gehiago zeuden aztertzeko, eta emakumeetako batek txanda eskatzeko keinua egin zuen pantailan [bideobilera izan zen]. Gizon zahar batek hitz egin zuen, eta emakumeak txanda eskatzen jarraitu zuen. Bada lehendakariak esan zuen: ‘Beno, beste gairik ez dagoenez bilera bukatutzat emango dugu’. Denok ikusi genuen emakumea txanda eskatzen”.
Bigarren adibidea: bere ahotsa eta ekarpenak kontuan hartzen ez zirelako batzorde bat utzi ondoren, emakume horri buruz entzundakoa:
“Niri ez didate zuzenean esan, baina beste batzuek entzun eta kontatu didate: ‘Zer espero zuen ba, gizonen mundu batean sartu bada’. Barkatu, ni ez naiz gizonen munduan sartu, niri gizonen munduan sartzeko deitu didate, eta ni gizonen munduan 18 urte nituenetik nabil, lehenagotik ere bai. Baina tira”.