Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Sanguis martyrum
Europar sinesmenagatik
bizia eman duten Euskaldun sorgin,
azti eta belagileen oroitzapenetan.
Ene herri on bakezalea,
eliza zuriz betea,
Goizerritiko Jaungoikoaren
herri hautetsi maitea,
Hire zerua garbi duk, keak
hegoak ditik ohildu;
oihartzun gabe hire oroitzan
auhenak dituk isildu...
Zuen auhenak, ene arreba
plazetan errauts eginak,
gizon beltz heiek erre zaituzten
Euskal Herriko sorginak!
Sekula zuen martyrioa
ez da kantatu euskaraz.
Niketz oroit naiz: dietzadala
bertso berriak sortaraz.
Zinez alperrik hil zaretea?
Galdu zarete orozbat?
Ezin da... ezen zuen odola
date pagano-hazi bat.
Zuen odolaz erein 'tutzue
Europako laur hegalak,
zuhauiek eta zuen ahizpek,
oi! apez-eme apalak.
Belaunik belaun zueri esker
da begiratu azkarra
geure leinuak asmaturiko
teologia zaharra.
Zuen arima Gazte-Lurrean
kontsolaturik daudenei,
arartekotzat harturik eta,
egiten diet egun dei.
Zuen bitartez hunki ailitza
zorioneko egoitzak
Ortzi-Thor edo Akher Beltzari
nik dagiodan otoitzak:
Zu, eta bertze jainkoak ere
hor zinetenak aspaldi,
gure arrazak adoratuak
gizaldirikan gizaldi,
Mari Munduko, basajaun-jainko
oker jakitun osoa,
jainkosa zaintzen zenituztenak
ibaia eta basoa,
hil ez zaituzte gizon beltz hauiek,
lotan zaudete bakarrik;
gure bihotzak adi 'tzazue,
jaiki zaitezte, atzarrik!
Baal arrotza ukatzen dugu,
zuentzat berriz sagara
eginen dugu aldareetan
zatozte, arren!, zain gara.
w1966
Musika: Antton Valverde