Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-29-0
Jon Mirande
1925, Paris
1972, Paris
 
 

Larunbat-arrats

 

Ostatu-terrazetan

(giro da gaur),

haur legunak lagun, senar-emazteak

erdi lo, erdi so

—hiri handitarzunez gainezka soak—

iragailei ongi-nahian;

botoiletan

tu margodunak dizdir ederkiro.

 

Herri-baratzetan

neskatxa txukunak solas zintzo

dute herri-baratzetan!

Bainan ai! uda-zaiak urratzen zaizkie,

agure lizun, begi zorrotzen behatzeetara...

 

Gautar poeta batek, urkamendi bila,

neurtotsetan kantatzen dio gauari;

hordi bat dela ustea izaiteko da.

 

Gautzenago delarik

itzal-zokoetan

garatzen,

loratzen

dira

paiderasten maitarzun minkorrak.

 

Nonbait

markisa xahar bat mahain-ingurarazlea

iratxo lotsatuak bil eta hil

ari da, atso zatarra!

 

Hoteletako

hirur ehun frankotako geletan

atsegin-neska nekatuak

mokoka zekenekin,

mokoka zikinekin,

belaunetako minez auhenka,

zer bizitza...

 

Larunbat arratsa da,

beharra zan;

astegunetako langile bizkorrak

kinemataratzen dira taka-taka

edo oheetara, ikuzi ondoren

bihar igandeko

oinak, soina eta oro

ur zirripen burbul zolietan;

ongi da! Jainkoak benedika ta begira ditzala

bihar arteo beren oheetan

lo-zurrungan eta —nahiz ez goseak—

ezkur-amets bat dutela.

 

Larunbat arratsa da:

Paris, puta zahar, lotara doa

...ni ere bai.

 

w1953