Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-29-0
Jon Mirande
1925, Paris
1972, Paris
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Zuberoa maiteari egin zion azken bisitan, gose greban zeuden «kristau-marxistez» betea ikusi zuen Sohütako eliza, eta horren ondorioz idatzi omen: «Asperturik nago Euskal Herriaz». Deserrietan bizi izan zen beti Jon Mirande. Paristarra izaki, gorroto zuen Frantzia; erdaldun hazia, euskal mundu bat asmatu zuen; Zuberoa ukanik Arkadia, bertan nardatu zen... Idazle anitzek bezala, Mirandek ez zion atxikimendurik bizitzea egokitu zitzaion gizarteari. Hastio zuen langilea, hastio zuen burgesa, hastio euskaldunon zintzokeria. Deserrien aitzi, gure kondaira zaharrean hartu zuen sustrai, zaldunekin abiatzeko («ni, eusko aitor-semea!») Ortziren gudari, basoihaneko jainkoari sakrifizioak eskaintzeko prest... Paganismoaren aldeko gerla deklarazio moduko bat dugu bere poesia, gauak, ilunpeak, itzalek girotzen dituzten eszena erdi-gotikoetan eta baladen doinu gozoan emana. Sistema eta doktrina ororen aurkako gerla dugu Miranderena, handiaren handiz ezinezkoa: legeez aurretiko paradisua du helburu. Nihilismoan tinkaturik (itxaropena «zital-lilia» du), euskal nazionalismo motzari hiper-nazionalismo suhar bat oposatzen dio, jauzi gaitz bat eginik historiaren eta errealitatearen gainetik. Lilurazko mundu batean bizi zen Mirande poeta, ametsen unibertso inmaterialean, bitalismo gerlari teoriko batean, sortzeko zegoen elite argitu baten ordezkari. Honek guztiak deklarazio xenofoboetara eta jarrera faxistetara lerrarazi zuen, baina, poesian behintzat, bere faxismoa aurre-politikoa dela esan genezake.

        Gaizkiaren poetika bat garatu zuen Jon Mirandek, eta kurtsileria moralaren aurka balio artistikoa ematen saiatu zen garaiko zenbait euskal ez-baliori, hala nola putak edo sorginak, hitzaren jazar-ahalmena berreskuratuz. Gaizkia goratzeko ukazioa erabili zuen, berdin demokraziari edo ohiko sexuari, eta beste euskaltasun bat bilatu zuen mitologia propioa eraikiz, kritikatzen zuen euskaldun hipokritena bezain historia konbentzionala sortuz. Hirian bezala bulegoan ere arrotz, misogino handi, iraultza inposiblez gainditu nahi izan zituen frustrazioak, ez lagunik ez maitasunik ageri ez duen erotismoz, sinboloz eta erreferentzia kultuz beteriko poesia landu eta nabarmen falokratan. Baztertuan gozo, Arestiren figura publikoa iragarri zuen nolabait. Hau bezain probokatzailea eta gaietan berritzailea, bilbotarrak ez bezala molde erregularretan, metrika baten barruan sartu zituen bere eduki ausartak. Berritzailea eta klasikozalea da batean, eta halakoetan gertatzen ohi denez, poema batzuetan ofizialeak gain hartzen dio poetari.   

        Bitxia bada ere, nardatu zuten «kristau-marxista» haiek, alegia, bere jarrera ideologikotik urrunen zeuden euskaltzaleak eta intelektualak izan ziren Jon Miranderen obra argitaratu eta euskal literaturaren historian merezia duen leku goran paratu zutenak. Gure kulturaren heldutasuna erakusten ere lagundu zuen, Pigalle-ko txolarreak.

   

Jon Mirande (Paris, 1925-1972) zuberotarra zen jatorriz, baina hogei urte zituela ikasi zuen euskaraz. Hamabost hizkuntza zekizkien, eta Finantza Ministerioan egin zuen lan. Txomin Peillenekin batera Igela sortu zuen Parisen, «euskal heterodoxoen aldizkaria». Poemez eta artikuluez gainera, nobela bat idatzi zuen, Haur besoetakoa, eta hainbat poeta moderno itzuli zituen, Keats eta Poe besteak beste.

 

 

Bibliografia

Azurmendi, Joxe. JON MIRANDE ETA KRISTAUTASUNA. Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa. Donostia, 1978

Azurmendi, Joxe. SCHOPENHAUER, NIETZSCHE, SPENGLER MIRANDEREN PENTSAMENDUAN. Susa, 1989

Mujika, Luis Mari. MIRANDEREN POESIGINTZA (2 ale). Haranburu Editor, 1984