Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-29-0
Jon Mirande
1925, Paris
1972, Paris
 
 

Ohiko Jainkoari

 

        Eli, Eli

                                        lamma-sabakthani?

 

Josu bar-Joseph, Nazaret-en zinaudelarik

Tenplu-heipean itzal eta hitz emaiten,

oi zergatikan hor ez zaitu judu zahar batek,

Judako zuhain gazte hori, jo 'ta moztu!

 

Josu bar-Joseph, ebili naiz zure elizetan

ezkoen suan bihotz sor haur sutu nahiz.

Nuen orduan, Rabbi, zure baitan sinesten

(Eta ondikotz! aingeruen baitan ere...)

 

Josu bar-Joseph, ikasleak zurekin ziren

zuk ereitean nola gari goi-eleak

ni ere izan nauzu mintzo nire anaiei;

bainan anaiok erran dute hitz haur: «Ertzo».

 

Josu bar-Joseph, badut otoi egin gauerdiz,

argizagia begi makur so zan etoi

eta zuk aldiz utzi nauzu... Zergatik arren?

Zergatik arren, on hotsezko Jainko Josu?

 

Josu bar-Joseph, badut burrau 'in zuri aitzi:

bihotzean osk bainituen zazpi ziraun

zeure munduon soilik nago edozein zakur

zoriontsurik bizi da ni bainoago.

 

Josu bar-Joseph, deitu zaitut haizeen artetik

ilbeltz erdiko gauhil hartan zurtz eta zut,

—Argizagia ezpain hertsi parrez zegoen—

zeure zerutik deus ez duzu ihardetsi.

 

Josu bar-Joseph gaztaroan maite zindudan.

Maitakeri hark noradino nau iroan...

Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde,

gurutzifika zindezaket nik ostera!

 

w1951