Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Amsterdameko oroitzapen bat
Là, tout n'est qu'orde et beauté,
luxe, calme et volupté
Baudelaire, L'Invitation au voyage
Atzerri hontan nola ez laite
ene gogoa enoa?
Nepenthes ordez beharrik badut
jaunen garagar arnoa:
jasan ahala hurrupaturik
Paristik urrun banoa.
Lainoak oro mozkor horailak
barreiaturik ni baitan
barneko soaz berriz dakusat
sekul' ahantzi ez zaitan
Amstel-ondoko hiri maitea
zeinen lilura derraitan.
Amsterdameko kaletan gaindi
berriz narama oroitzak
etxe naroak ikusten ditut
botz isilaren egoitzak;
beta litzake arima batek,
han, bere aiho bakoitzak
Itsasontziek, lur guztiaren
egin ondoren inguru
zekarten portu Iparrekorat
Sortaldearen leinuru
urbidetako ura, ordea,
berde zen, eta ekuru.
Baldin parketan bazen atseden
lore goiztarren artean,
lantegi eta bankuetarat
jende ariok joaitean
zuten antz zintzo 'ta zentzatua,
kalvindarrena zatean...
Kalvinismurik ote zen aldiz
nengienean paseiu
«karrika bero» hersietarik,
ostatu eta bar teiu
hetan maitarzun ez-ohituek
bazutelarik entseiu...?
Utzirik gibel eme bero 'ta
gizon mozkorren multzoak,
Nindabilano parketan, hurran
haur goiz-loratu gozoak,
ene zentzuak oi! ez ziraden
kalvindar eta zintzoak...
Lore heietan, Bessie, gaur zutzaz
bertzerik oroit duta nik?
Ez... zu bakarrik, irriño batez
ene altzoan etzanik,
blue-jean gorritan gorputxo bera
fereku-gose jadanik...
Guztia balitz ere gezur bat
garagar arnoz sortua,
zure oroitzak daut populkatzen
gaur Pariseko mortua,
amets duela nire bihotzak
Amsterdameko portua
Zuri eskerrak, Amsterdam (edo
jainko-edari onari)
esperantza bat bihotzondoan
atea joka zait ari:
erdiz jostaka, benetan erdiz,
bainan eztiki kantari!
Esperantza bat oraino denik
ur berdearen kolore
edo haur-eme baten soaren...
ukan dezala ondore
nik baratzetan, behin, hartzara
biltzeko zenbait goiz-lore...!
Iparraldeko Amsterdam hori,
zor derauzkizut eskerrak
utzi dautazun amets-ondoko
esperantza so ederrak
dauzkidalakotz are zohartzen
gaur Pariseko bazterrak
w1959