Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Akelarre
Kanpoan gauerdi
horstoen firfira
auhen bat dirudi.
Izarrak non dira?
Kanpoan iluna:
nehon ez argirik,
ikara, iluna,
zuziena baizik.
Aker hil bat datza
bere odolean.
Sorginak dabiltza
leize hozpeletan.
Datorkeieneko
urrezko tronu bat
su-aurrean dago
Aingeruarentzat.
Sorginen leizean,
lizun, biluts-gorri,
biloak haizean,
neska bat dantzari...
Oi zu neska lerden
oin-beso arinak,
zugan du atseden
Satan nagosi onak!
Jo 'zazute txistu
eta danbolinak,
egizute kantu
gauazko Reginak:
«Argi-Ekarlea,
goresten zaitugu.
Geure zaintzailea,
gaur hel zakizkigu!»
Emeki, poliki,
sugarrak dira hil,
gau beltzak baitaki
dela goiza hurbil.
Sorginak itzali,
dantzak amaituta.
Oilarren azali
ezagun... Goiza da.
w1950