Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Paris-Beuret
Parisko kale batean
etxe zikinen artean
bat dago zikinagoa,
iluntzen baidit gogoa
haren aipatzeak berak,
han bertan dut lan egiten
axotez beztuz paperak.
Seiak jo arte ezin erten
aspertzen naiz, lor betean,
büro zikintsu batean.
Nire lankide bikainak
ditut adixkide minak;
goizero agurtzen naute
isilik, bainaute maite
nola deabruak Jainkoa.
Ari dira, bele antzo
koa, koa, koa, koa
bestengatik gaizki mintzo:
bizkor dituzte mingainak
nere lankide bikainak.
Goizian goizik jaikita
lanera noa... herresta...
bihotza jartzen zait makal
salan sartzean aldikal
entzuten ditudanean
atso txar guziak oro
besteen jorratzen lanean,
ahotik izuriz hiro;
ez dute uzten hizketa
goizean goizik hasita.
Büroko emakumeak
lodiak, orobat meak,
danak dirade itsusi.
Nornahi joan leike ihesi
haiengandikan, ahal balu...
Nik haiekin egon behar
horrek dit egiten dolu
horko ordu luzeak zehar
nik, eusko aitor-semeak!
Oi, debru emakumeak!!
Maiz zeruari so nago
naiz harek mindutzenago
nauan, konturatu ahala
hor egon behar dudala.
Bainan, minak uxatzeko,
hasten naiz idazten neurtitz,
euskal neurtitz eder asko,
neuk dudan bezela gogo:
seiak arte hortan nago.
Horrela, büro batean
atso hiztunen artean,
pasatzen ditut orenak,
pasatzen ditut egunak,
iluntzen baidit gogoa
haien aipatzeak berak.
Gero ta zoroagoa,
axotez beztuz paperak
Beuret-ko büro maitean
Parisko kale batean...
w1951
Musika: Fran Lasuen / Natxo de Felipe