Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-29-0
Jon Mirande
1925, Paris
1972, Paris
 
 

Txoriontasun

 

Egun batez nuelarik

Bihotza txit gaixoa

Edanikan gehiegitxo

Eusko ardo goxoa,

Entzun nuen oihanean

Kantuz eusko xoxoa.

 

Pino baten adar puntan,

Pino sendo, jasoa,

Jarria zen, ta nik hara

Eman nuen pausoa

Hurbildikan entzutekotz

Kantan eusko xoxoa.

 

Euskaraz zuen kantatzen

Bere txori bertsoa,

Goraipatuz Lege Zarrak

Ta jainkoa, zintzoa

Baitzen pino hartan kantuz

Zegon eusko zozoa. ..

 

Esan nion: «Ulertzen dut

Nekez zure mintzoa,

Hain delakotz jori, landu,

Sakon eta jasoa,

Bainan eder duzu botza,

Goitar eusko zozoa!

 

Txoritxoa, gaua da ta

Iluna da basoa,

Ez al duzu beldurrikan?

Oi! baletor otsoa?»

—«Jaunaz beste, deusen beldur

Ez da eusko zozoa.»

 

Esan nion: «Nor da ote

Zure jabe, xoxoa?»

Hark: «Euskotar andrauren bat

—Ez zatar ez atsoa—

Eder, gazte... Izena du

Euskolastikatxoa.

 

Esan nion: «Bihotza dut

Eroria, lazoa...

Zure kantak al baleza

Berriz ezar jasoa!

Nahi zaitut bai musuz bete.

Zatoz eusko-zozoa.

 

Estu nuen eni kontra

Txori polit gaixoa,

Eman nion hegatxetan

musu bero gozoa

Eta nere poz negarrez

Busti nuen xoxoa.

 

Esan nion: «Entzutekotz

Zure kanta gozoa

Beste pino baten ondo

Zai da nere auzoa,

Harengana orain zoaz

Arin, eusko zozoa!»

 

Hegatu zuen pinoz pino

Poztuz oihan osoa,

Zeruraino jaikia zen

Eusko-pino-basoa...

Eta pino bakoitzean

Egondu zen xoxoa.

 

w1961

Musika: Luis Martin