Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
30. eszena
(gizona umea hilotz geratu den tokira hurbilduko da egindakoaz damututa.)
gizona: Barkatu, seme, barkaidazu...
umea (hari begira): Zer egin duzu, aita?
gizona: Ez dakit, ez dakit. Nik… nahi nuen!
umea: Amak Kanarietara eraman nahi ninduen.
gizona: Zer egin behar dut nik orain zuek gabe?
umea: Nik ezin dizut lagundu. Ni orain hilda nago.
(umea badoa emakumea 3rekin.)
emakumea 3: Zeu hil besterik ez, eta ezin inori bizitzen utzi.
(gizonaren garrasi hots basatia.)
umea: Zer izan da hori, ama?
emakumea 3 (jolasti): Ez dakit. Nik ez dut ezer entzun.
(emakumea 3 eta umea atzeko plataformara doaz izar uxoak ikustera.)
emakumea 1 eta 2 (elkarri): Zer moduz zaude, Mari?
emakumea 3 (jiratuz): Ondo, orain oso ondo. Zoriontsu, azkenean.
umea: Zergatik, umea zarelako?
(emakumea 3k kili-kiliak egingo dizkio umeari.)
emakumea 3: Zurekin nagoelako. Zu eta biok bakarrik. Goazen, goazen... ea harrapatzen dugun.
(Barrez desagertuko dira.)
emakumea 1: Zer moduz zaude, Mari?
emakumea 2: Hitzak falta zaizkit zer sentitzen dudan esateko. Ez daukat nahikoa hitz.
emakumea 1: Barkaidazu...
emakumea 2 (gozo): Ixxxo. Egin beharrekoa egin dut. Infernu honetatik alde egiten saiatu.
(emakumea 1ek eskuetatik helduko dio.)
emakumea 1: Lasai. Ez zaude bakarrik. Ni zurekin nago. Eta Marta ere bai, eta Pili eta Josune eta Ainhoa...
(hiru emakumeak atzeko plataforman jarriko dira.)
emakumea 1: Gutun bana idatziko diet, hitz ederrez, minak baretu eta aurrera egiten lagunduko dien hitzez osatutako gutun bana.
(beltzeko emakumea eszenatokiaren aurreko aldean azalduko da. Buruko kapela kendu eta eszenatokia alde batetik bestera igaroko du lurrean iltzatuta dauden lore bakoitzaren aurrean agur geldiune bat eginez. Gutuna amaitutakoan, maleta hartu eta atzeko plataformarantz abiatuko da. Han daude oraindik hiru emakumeak pozez.)
emakumea 1, 2 eta 3 (off): Kaixo Ana! Zer moduz, Pili? Amaia, maitea... Utzidazu gutun hau zuretzako hitzez idazten. Zuk merezi dituzun hitzez eraikitzen. Ez zara erruduna, ez zara beste inor baino gutxiago. Pertsona zoragarria zara. Emakume maitagarri eta ausarta; alaia, langilea, arduratsua; ameslaria eta zentzuduna. Arrasto ederra utz zenezake, izar iheskorrek hor goian bezala. Arrasto liluragarri eta dirdiratsua, izar uxoek bezala. Noranahi joateko aske zara... izar-malkoak bezala... libre!
(emakume 1, 2 eta 3 badoaz, ahaldunduta. beltzez jantzitako emakumea azkena da alde egiten. Libre.)