Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. Hika Teatroaren ibilbidearen barruan nolabaiteko ildo bat osatu du, eta zuzendariaren eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio zabal bat. Liburu honetan jaso ditugun hiru obrekin aitortza egin nahi izan diogu elkarlan honi: esker ona adierazi oparitu dizkiguten obrengatik, eta lan horren berri belaunaldi berriei transmititu. Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010) lanek bi sortzaileen arteko elkarlana ezin hobeto islatzen duen triptikoa osatzen dute.