Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

24. eszena

 

emakumea 3: Eta orain, zergatik ez duzu alde egiten orain? Zoaz hemendik!

emakumea 2: Zer?! Nola ausartzen zara hori galdetzen?

 

(Auto hotsa da. Abiadura hartzen ari da, gero eta handiagoa. emakumea 1 eta 2 ikaratu egingo dira eta, publikoari begira, aldi berean oihu egingo dute.)

 

emakumea 2 eta emakumea 3: Ezzzz!!

emakumea 3: Ez zen zure errua izan! Berea da erru guztia, berea eta bera bezalako kabroiena.

emakumea 2: Isildu zaitez, mesedez!

 

(umea agertu da.)

 

umea: Ama, zergatik egiten diozu oihu?

emakumea 2: Batzuetan zu baino okerragoa delako. Badirudi ez duela beste zereginik guri kontra egin eta lana ematea baino. Zure aitak arrazoi du. Zahar egoitza batean sartu beharko genuke.

umea: Zertarako?

emakumea 2: Gu bakean bizitzeko.

umea: Baina bera zoriontsu da.

emakumea 2: A, bai? Ni baino gehiago da orduan.

umea: Zoriontsu da. Bai.

emakumea 2: Eta zuk nola dakizu hori?

umea: Ez dakit. Berak esaten du orain inork ez gaituela bananduko. Bere mundu horretan, maite dituenek bakarrik dutela tokia. Berdin duela hilda egon ala ez. Eta ni hil egin nintzen, ama.

 

(Auto hotsa. Abiadura hartzen ari da, gero eta gehiago. Kolpe hotsa.)

 

emakumea 2 (izututa): Nork esan dizu astakeria hori? Ez da egia.

umea: Hilda nago, ama. Egia da.

emakumea 2: Ez! Zu ezin zara hil! Zu ez!

umea: Zergatik ez? Orain zoriontsu gara biok.

emakumea 2: Biok? Nortzuk?

umea: Zu eta ni. Izar iheskorrak harrapatzen ditugu, ama! Ikusi al duzu oraintxe pasa dena?

emakumea 2: Ez... Nik ez dut izar iheskorrik ikusten.

emakumea 3: Zaude lasai, laster nahi adina ikusiko dituzu.

 

(umeak eskutik helduko dio emakumea 3ri.)

 

emakumea 2: Eta zu nor zara?

emakumea 3: Zu. Geroko zu.

emakumea 2: Hori ezin liteke... Ez niri gezurrik esan.

umea: Egia da, ama. Zu bera zara eta, ni hilda egon arren, nirekin zaude. Begiraiozu begietara. Zu zara...

emakumea 2: Baina emakume hori erotuta dago.

umea: Sekretu bat kontatuko dizut... Engainatu egin ditu denak. Erotuta dagoela sinetsarazi dio jendeari eta hartara nahi duena egiteko libre da, ulertzen?

emakumea 3: Bai, libre naiz ni neu izateko, libre gure umetxoarekin egoteko, nahi dudanetan, nahi adina. Beti.

umea: Ama, ikusi al duzu zerua? Izarrez josita dago. Begira-begira jartzen bazara ez duzu arazorik izango izar iheskorrak ikusteko. Begiratu. Hor bat!

 

(Izar uxo batek zerua —oholtza— zeharkatuko du.)

 

emakumea 2: A. bai! Ikusi dut! Ikusi dut!

umea: Desio bat, oraintxe!

 

(emakumea 2k begiak itxi eta ukabilak estutuko ditu horren adierazgarri.)

 

umea: Pentsatu duzu?

emakumea 2: Zu pozez ikustea. Zu osasuntsu, zu nirekin, zu jolasean, zu ikasten eta saltoka. Zu. Beti zu.

umea: Eta zu, zer? Eta aita? Gaur du urtebetetze eguna. Berari ere oparitu beharko diogu zerbait. Zer oparituko diogu?

emakumea 3: Honezkero izango duzu zerbait buruan, baietz?

umea: Bai. Desio bat.

emakumea 3: Betikoa.