Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

6. eszena

 

(gizonak emakumea 2ren besoetatik emakumea 1en besoetara egingo du salto.

Sexu saioa amaitu berri dute.)

 

gizona: Gustatu zaizu?

emakumea 1: Bai.

gizona: Bai bakarrik? Hori ez da erantzun bat.

emakumea 1 (irribarrez): Bai, gustatu zait... zer gehiago nahi duzu esatea?

gizona (irribarrez): Zoragarri portatu naizela esatea! Horixe nahi dut. Esan!

emakumea 1 (barrez): Ez dut nahi... ez, ez dizut esango. Ez, ez...

gizona (barrez oraindik): Bai, esan egingo didazu.

emakumea 1: Zergatik?

gizona: Entzun egin nahi dudalako. Egia delako, nik zer dakit!

emakumea 1: Eta zuri? Zuri gustatu al zaizu?

gizona (serio): Ez gaia aldatu.

emakumea 1: Ez zaitez haserretu!

gizona: Ez naiz haserretu. Egia entzun nahi dut, besterik ez. Esango al didazu behingoz?

emakumea 1 (jolasari ekinez): Ez eta ez...

gizona (irmotasunez): Esateko, dedio!

 

(emakumea 1 harrituta geratuko da gizonak izan duen erreakzioarekin.)

 

gizona (xuxurlatuz): Esango al didazu behingoz?

emakumea 1 (amore emanez. Irriz): Bai... gustatu zait, Beti gustatzen zait. Izugarria izan da!

gizona: Banekien.

 

(gizonak pasioz besoetan hartuko du emakumea 1 eta jiraka hasiko dira. Gero, janzten diren bitartean, hizketan jarraituko dute.)

 

emakumea 1: Jakin al duzu Ainararena? Jokinekin utzi du.

gizona: Normala. Fina da ba zure lagun hori.

emakumea 1: Zergatik esaten duzu hori? Ainarak ez du zorterik gizonekin. Edo bai, bera gustura dago horrela.

gizona: Gustura? Zenbat, zenbat gizon ezagutu dizkiozu? Bi, hiru, lau... sei. Neskazahar geratuko da, azkenean.

emakumea 1: Bera pozik bizi bada, ze axola dio? Libre da nahi duena egiteko.

gizona: Inbidia ematen dizu puta horrek?

emakumea 1: Zer? (Barrez) Aizu, Ainara ez da puta!

gizona: Neskazahar puta bat, nahiago baduzu.

emakumea 1 (barrez): Mesedez! Berriro esaten baduzu, dibortzioa eskatuko dizut.

 

(gizonak erdi seduktore, erdi basati, lepotik helduko dio.)

 

gizona: Zer esan duzu?

emakumea 1: Txantxa zen.

gizona: Badakit. (Musu bat emango dio) Zorionak.

emakumea 1: Gogoratu zara! Gaur urtea ezkondu ginela.