Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
9. eszena: Hotza ala beroa
(emakumeak kutxa barruan jarraitzen du.)
gizona: Lore, mesedez… Atera hortik.
emakumea (amorraturik): Zertarako? Hemen lasaiago sentitzen naiz. Ume.
gizona: Bai zera! Zuk aspaldi utzi zenion umea izateari, Lore, ama hil zenetik.
emakumea (barrutik atera eta harrituta): Ama hil? Nik ama hil nuen?
gizona: Bai, terapeutak esanda, ez duzu gogoratzen?
(emakumea kutxan zutituko da, eta ahaldunduta hitz egingo du.)
emakumea: Egia! “Zu zeu izateko, ama hil egin behar duzu”, esan zidan terapeutak. Eta halaxe egin nuen, ahal bezain pronto ama hil eta alde egin nuen urrutira. (Kutxatik guztiz aterako da) Eta orduan hasi nintzen lasaiago bizitzen, erru txikiagoarekin bizitzen: lasaiago bazkaltzen, lasaiago sofan egoten, lasaiago karaokera joaten… Gogoratzen?
(Diskoteka giroa. Bikotea dantzan eta kantuan ari da. Baby, Hello kantua.)
emakumea: …egun batean faltan bota nuen arte! Eta deika hasi nintzaion, ganorazko ezer ez esateko, baina deitu egiten nion.
gizona: Orduan? Zein da arazoa orduan?
emakumea: Orain dena aldatu dela. Den-dena.
(ama hozkailu barruan puntua egiten. emakumea eta gizona sofan bilduta. Lo.)
emakumea (off): Zer moduz, ama?
ama (off): Hementxe.
emakumea (off): Itxura ona daukazu.
ama (off): Oinaze aurpegiarekin ondo ez.
emakumea (off): Min daukazu, ala?
ama (off): Gaur bai. Ez da ikusten?
emakumea (off): Nik itxura ona hartzen dizut.
ama (off): Zuk badiozu... Jakingo bazenu... Gaur ere botoiari ematekotan egon naiz, baina azkenean pena eman didate.
emakumea (off): Pena?
ama (off): Esan dizut anbulantziako mutil majoak Jon izena zeukala?
emakumea (off): Izen horrekin majoa behar.
ama (off): Oso jatorra.
emakumea (off): Mundua Jonez beteta dago.
ama (off): Deitu egin diot.
emakumea (off): Nori?
ama (off): Nori izango da ba? Jontxuri! Ze beste Jon dago gurean?
emakumea (off): Zertarako? Eskola ematen egongo zen.
ama (off): Etxe azpitik pasa da eta nik ikusi.
emakumea (off): Autoeskolako irakaslea da, ama.
ama (off): Txoferra, bai, badakit.
emakumea (off): Ez da zure txofer partikularra.
ama (off): Berari ilusioa egin dio. Mutil jatorra da.
emakumea (off): Gizon santua zurekin.
ama (off): Horretan arrazoia ematen dizut. Zuk daukazu, zuk, zortea.
emakumea (off): Ama, ez esan. Ez segi. Eguzkiak jotzen duenean gaixotu egiten naiz.
(emakumea esnatu egin da. Sofatik zutituko da, aztoratuta, amesgaizto batetik esnatu izan balitz moduan. Kolpe batez hozkailua itxiko du.)
emakumea: Zerbaitek eztanda egin aurreko segundo horietan sentitzen naiz erabat umetuta. Negar egingo dut. Negar egingo dut behin eta berriz, nahita egingo dut negar, lehertu arte, eta uholdeak sortuko ditut, eta zuk ez didazu esango lasaitzeko. Ez naiz lasaituko, aittu? Eta gorrotatu egingo zaitut egin didazunagatik!
gizona: Ondo da.
emakumea: Ondo da?
gizona: Bai, ondo deritzot.
emakumea: Ez esan hori.
gizona: Egin negar.
emakumea: Zer?
gizona: Egiteko, negar egiteko, on egingo dizu.
emakumea: Ez, ez dut egingo, eta gutxiago zuk eskatzen badidazu!
Jode, barkatu, ez dakit zer ari naizen egiten. Ez dut zu joaterik nahi. Gorroto zaitut. Ez dut ama etortzerik nahi. Ez dut honetaz hitz egin nahi. Pijama honekin… maite zaitut, gustura nago. Jon, zu hor zaude eta ni hemen nago eta amari buruz ari gara hitz egiten, edozein egunetan bezala, azken bi aste hauetan bezala. Eta zuk esajeratzen ari naizela esango didazu. Esan esajeratzen ari naizela. Esan, mesedez. Esan!