Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
28. eszena
(emakumea 1, 2 eta 3 plataforma borobilean daude elkarri eusten. Gaua da. Telefonoa noiz joko zain daude. Telefono hotsa.)
emakumea 2 (emakumea 1 eta 3ri): Eurak dira. (Korrika doa telefonoa hartzera) Antton?!
(Pausa.)
gizona (off): Ezin da jarri.
emakumea 2: Zergatik ez?
gizona (off): Bihar arte ez gara itzuliko.
(emakumea 2k telefonoa eskuarekin tapatuko du eta beste bi emakumeei hitz egingo die.)
emakumea 2: Bihar arte ez datoz.
emakumea 1: Zergatik ez?
emakumea 2: Esan Anttoni jartzeko, mesedez.
gizona (off): Ezin duela esan dizut.
emakumea 2: Andoni, mesedez, berarekin hitz egin nahi dut. Bere ama naiz.
gizona (off): Komunera joan da pixa egitera, gehiago esan behar dizut?
emakumea 2: Ondo da, ondo da, baina gero deitu mesedez, berarekin hitz egin nahi dut...
(Telefono deia moztu denean geratzen den soinua.
Isiltasuna.
emakumea 2k erabaki bat hartu du.
beltzeko emakumeak maleta hurbildu eta ireki egingo du. Bertatik hiru arrosa aterako ditu. Bakoitzari lotuta gutun bat. Bakoitzari bana emango die.)
emakumea 2: Alde egingo dugu.
emakumea 1: Dugu?
emakumea 2: Bai, bagoaz etxe honetatik. Infernu honetatik atera behar dut.
emakumea 1: Berari, zer esango diozu?
emakumea 2: Umeari?
emakumea 1: Ez, umearen aitari.
emakumea 2: Dena, edo ezer ez. Ezer esan gabe alde egingo dugu. Bitartean gutun bat idatziko diot.
emakumea 1: Nori?
emakumea 2: Nori izango da ba? Gure umeari.
(Gutuna. Zeruan izarrak ageri dira. beltzez jantzitako emakumea atzeko plataforman dago publikoari bizkar emanda, izarrei begira.)
emakumea 2: Antton, laztana... barkaidazu lehengoa. Ez da berriz gertatuko.
emakumea 1: Amatxok ez dizu berriz bakarrik joaten utziko.
emakumea 3: Azkeneko aldia izan da.
emakumea 2: Entzun, zurekin hitz egiten saiatu naiz, baina aitak esan dit ezin zenuela jarri.
emakumea 1: Zer moduz pasatu duzu eguna?
emakumea 2: Ondo, seguru.
emakumea 3: Gaur ilargi betea dago eta zerua izarrez josita. Izar iheskorrak ikusteko gau aproposa.
emakumea 2: Nahi baduzu, biok jarriko gara begira, zu zauden toki horretatik eta ni hemendik eta ziur nago bakarren bat ikusiko dugula. Aldi berean, beharbada. Nahi duzu?
emakumea 1: Begiratu, begiratu zerura...
emakumea 3: Han bat!!! Pentsatu desio bat, mesedez!!
(hiru gutunak arrosekin lurrera bota eta hantxe iltzaturik tente geratuko dira.)
emakumea 1, 2 eta 3: Zu pozez ikustea. Zu osasuntsu, zu jolasean, zu ikasten eta saltoka. Zu. Beti zu. Hementxe, nirekin.