Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
29. eszena
(beltzez jantzitako emakumea plataforma borobilera jaitsi eta umerik gabe, umea manipulatzen hasiko da. emakumea 1, 2 eta 3k plataforma borobila eragingo dute astiro-astiro.)
umea (off): Lasai, ama. Ondo gaude. Aitari nahiko azkar pasatu zaio haserrea. Bi orduz gidatu eta gero zentro komertzial batean geratu gara eta arropa pila erosi dit eta joko berriak Nintendorako. Zuri ez zaizkizu gehiegi gustatuko, badakit. Borroketakoak dira, baina gaur egun berezia da. Aitak hori esan dit behin eta berriz, eta horregatik bazkaltzeko orduan ardo pixka bat ere eman dit probatzeko. Gizon handia naizela esan dit. Eta gero berriz kotxea hartu eta honantz eta harantz ibili gara. Pozik zegoen, barrez. Bihar arte ez gara itzuliko... Ama...
(Isiltasuna. Plataforma gelditu dute eta ingurura begira hasiko dira, umea ikusi nahian.)
emakumea 2: Antton? Zer duzu? Zergatik isildu zara, bat-batean?
umea: Ama....
emakumea 1, 2 eta 3: Zer, maitea?
umea: Ama... Gauean pixak ihes egingo dit eta aita haserretu egingo zait.
emakumea 2: Ez, maitea. Oheratu aurretik komunera joan eta gaur ez zaizu gertatuko. Ziur nago ezetz.
umea: Bai, ama. Beldurtuta nago, ama. Etorri gurekin. Mesedez. Ama, ama... aita haserretu egingo da. Ama, zatoz!
(emakumea 1ek eta emakumea 3k besoetan bilduko dute
emakumea 2.)
emakumea 2: Gogoratu, Antton. Gaur ilargi betea dago eta zerua izarrez josita. Hainbeste gustatzen zaizkizun izar iheskor horietako bat baino gehiago izango da zeruan eta, nahi baduzu, biok jarriko gara begira, zu hortik eta ni hemendik, eta laster bat ikusi eta zuk eta biok dakigun desio hori eskatuko dugu.
(Izar uxo bat alderik alde igaroko da.)
emakumea 2: Han bat!!!
(umea azalduko da. emakumea 2 korrika hurbilduko zaio besoetan hartzeko. Ondoan maleta dauka.)
emakumea 2: Antton!
umea: Ama! (emakumea 2ri aurpegira begiratuz) Zergatik egiten duzu negar? Triste zaude?
emakumea 2: Ez, maitea! Inoiz baino alaiago... Entzun. Maletak prest ditut. Gaur izebarengana joango gara lotara.
umea: Baina, eskola? Bihar eskolara joan behar dut.
emakumea 2: Lasai. Hitz egingo dut nik bihar Miren andereņoarekin. Egun batzuk jai hartuko dituzula esango diot.
umea: Oporretara goaz?
emakumea 2: Bai, oso urruti!!!
umea: Kanarietara?!
emakumea 2 (barre-negarretan): Bai, zergatik ez? Beti izan dut hara joateko gogoa.
umea: Eta aita?
emakumea 2 (off): Ez da etorriko.
umea (off): Zergatik ez? Berak esan dit...
emakumea 2 (off): Amaitu da, ttiki. Amaitu da, betiko. Zuk ulertuko duzu.
(Atzean auto baten motor hotsa eta argiak pizten dira. Azeleratzen ari da.)
umea: Ei, hori ez da aitaren kotxea?
(emakumeak burua jiratzen du izuturik.
Autoak abiadura hartzen du eta umea korrika ateratzen da.)
umea: Aita!!!
ama: Ezzzz!!!
(Kolpe hotsa. umea lurrera eroriko da, ziplo. emakumea 2k eta emakumea 1ek oihu egingo dute, kamera geldoan, hotsik atera gabe.)
emakumea 3: Arnasa eten zitzaidan... Bihotzaren taupadak baino ez nituen sentitzen, abiada bizian gero eta azkarrago, gero eta arinago, bihotzak odolaren sua bideratu ezingo balu bezala. Nire oinak ahuldu egin ziren, gorputzaren zamari eutsi ezinik. Eta gero izerdi hura. Izerdi hotz hura eskuetan barrena, kopetan behera... Nire azaleko zulotxo guztiak izerdi hotzez itotzear zeuden. Eta orduan gertatu zen. Erraietan sortutako oihu mutu hark, eztanda egin zuen nire eztarrian:
emakumea 2: Aaaaaaaaa!!!
emakumea 3: Eta eskuez belarriak estaltzen nituen bitartean, begiak malkoz itsutu zitzaizkidan. Banekien bizitza ihesi zihoakidala. Ez joan!
(beltzeko emakumeak, umeari hurbildu ondoren, honi bizia emango dio berriro. emakumea 3k berarekin eskutik helduta bukatuko du.)
emakumea 3: Une hartantxe erabaki nuen ni ere joatea. Eta nire bizitza neurea ez balitz bezala sentitzen hastea, nirea ez baizik eta beste batena balitz bezala. Mina, ordea, ez zen beste batena. Nirea zen. Eta egunez egun, minaren metastasia zabalduz joan zen. Erotzeraino.