Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
11. eszena: Argi
(emakumea mikrofonotik arituko da. gizona sofan eserita, ilun.)
emakumea: Hamar segundoz izan genuen Argi besoetan.
gizona: Gutxiegi.
emakumea: Niretzat nahikoa, berriz ez nintzela ama izango erabakitzeko.
Gerretan esaten dute isiltasunak iragartzen duela gerraren hasiera. Isiltasun beldurgarri batek zanpatzen duela dena. Argi isilik joan zen.
Hamar: Argi hil da. Umea isilik dago, ama orroka ari da, animalia bihurtu da berriz.
Bederatzi: Zaplazteko bat eman diote eta gero beste bat eta beste bat. Egin negar, ume. “Baina berak ez du nahi. Utziozue! Libre da nahi duena egiteko! Ez gehiago jo!”.
Zortzi: Argiri zerbait gertatzen zaio. Inguruan korrika dabiltza nigandik ezkutuan hizketan.
Zazpi: Zer ari da gertatzen? Nik altxa egin nahi dut eta korrika alde egin. Eta umea? Nik korrika alde egin nahi dut. Ama izan berritan ama izateaz damutzen ari naiz. Zergatik erabaki nuen ama izatea?
Sei: Umea besoetatik kendu didate. Ez kendu! Nirea da! Orain besotik besora mugitzen dute panpina bat balitz bezala.
Bost: Bere azala irristakorra da baina niri ez zait axola. Ondo heldu nahi dut eta begietara begiratu. Ei… begiraidazu. Zergatik ez didazu begiratzen?
Lau: Ama-alabak gara. Baina hemen umea isilik dago eta ama da negarrez ari dena.
Hiru: Maite zaitut! Zure ama naiz. Ni naiz zure ama.
Bi: Azkenik nire besoetan! Nigandik jaio zara. Askotan imajinatu dut nolakoa izango zinen. Zu zara, ezta? Ez nekien nolakoa izango zen zure aurpegia…
Bat: Kanpoan zaude! Hogeita lau ordu mingarriren ondoren atera zaitut, azkenean. Animalia izan naiz eta animalia batek bezala egin dut orro. Eta orduan, klak!, lotzen gintuen zilbor hestea moztu dizute.
Orain bi gara. Argi jaio da.
Zero: Ongi etorri, maitea, eta agur.
Hamar segundo nahikoa izan ziren.
gizona: Zertarako?
emakumea: Minarekin bizitzeko.
gizona: Ulertzen dut.
emakumea: Ez, ez duzu ulertzen. Amek ezin dute ama ez izan.
Nolakoa izango zen?
gizona: Ez dakigu. Orain ja ez du inporta.
(Isiltasuna.)
emakumea: Eta zuk, faltan botatzen duzu?
gizona: Bai, noski. Orain utziko didazu esaten?
(emakumeak buruaz baietz esango dio.)
gizona: Egunero. Egunero. Egunero...
(emakumeak gizona besarkatuko du. Gero, gizonak telefonoa eskainiko dio.)
gizona: ...amak asko maite zaitu.
emakumea: Eta zer suposatzen da egin behar dudala?
gizona: Hasteko, lasaitu.
emakumea: Lasaitu… lasaitu… (Leher eginda) Ezin dut lasaitu! Ez dakit zer ari naizen bizitzen uneoro. Sentsazioa daukat hautsita dagoen feria bateko atrakzio batean igota nagoela, eta ezin dut bista kokatu toki edo denbora konkretu batean, ezin dut! Ez dakit uneoro bizitzen ari naizena atzera saltoa den, benetan oraina hauxe den, edo etorkizuna den. Ez dakit! Dena dago nahasia. Ez dakit hau erreala den edo amets bat den. Ez dut nire burua ulertzen, ez dut nire burua ulertzen…
(ama otso bihurtuta hozkailutik atera eta ulu egin ondoren sofan eseriko da. gizonak emakumea besoetan hartu eta amaren magalean babestuko du. ama-otsoa bere umea miazkatzen hasiko da.)
emakumea (amaren magaletik): Portzierto, zure gorbata amarenean dago.